Mark Twainek botika saltzaileari: “Edan zeuk pozoi horretatik” (Larunbateko gutuna)

MAKING OFF

Nork ez du gogoko izaten postontzitik eskutitza jasotzea, baina gero eta gutxiago dago horretatik, agi denez. Behar bada horregatik, larunbatero baten batek norbaiti idatzitako gutuna argitaratzen dugu hemen, DES LETTRES gunearen eskutik, zeina korrespondentzian espezializatutakoa baita.

Hala ere ez dugu uste J.H. Todd izeneko sasi-botika saltzailea poztuko zenik Mark Twain-en gutun hau jasotakoan, 1905eko azaroan.

Saltzaile horren iragarkien arabera, bere botika “bizitzaren elixirra” zen, meningitia eta difteria sendatzen zekien horietakoa. Eta, jakina, bi gaitz horien kariaz hilak ziren Twainen seme eta alaba bat.

Mark Twainek botika saltzaileari: "Edan zeuk pozoi horretatik"

Zure gutuna benetako puzzlea da niretzat. Idazketa ona du eta izaera partikular bat erdikusten da bertan, eta baita zeure asmoa zein den ere. Baina eskutitzaren hondoak, eta ondoan lagun dituen iragarkiak, iturburu bera dute, zalantzarik gabe. Iragarki horiek idatzi dituena, seguru asko, planetan denĀ  ezjakinena izango da, eta batere zalantzarik gabe, memeloena, Mississippian gora doan memeloena.

Irrikitan nauka jakiteak nola idatz ditzakeen luma berak zure eskutitza eta zure iragarkiak. Jakinahiak kitzikatzen nau, itotzen nau, aspertzen nau, eta, jakina, beti bezala, espirituaren egoera ezezagun batera eramaten nau, zeinetan pertsona hori egin duen pertsona akabatuko nukeen.

Behin egoera eta sentimentu hori pasaturik, zure alde errezatzen hasi beharko nuke, seguru asko, baina helburu bakarra etortzen zait gogora: edan dezazula zerorrek zeure pozoi horretatik, eta sar zaitezela lehenbailehen zeuk eta gainerako asasino guztiek irabazi duzuen linboan, betiko bertan geratzeko.

Mark Twainek botika saltzaileari: “Edan zeuk pozoi horretatik” (Larunbateko gutuna)