Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat

Atlas of Remote Islands” Judith Schalanskyk idatzitako liburu bitxia eta, aldi berean, bikaina da. Ideia sinplea da: oso urrun dauden uharteen atlas bat da, baina urruntasun horrek sortzen dituen kontakizun triste, agoniko eta ezezagunen multzo bat da. Liburuak berak badu leku horietara ez joateko gonbidapen inplizitu bat. Elhuyar hiztegian begiratu dut eta gaztelerazko “desasosiego” hitza horrela itzultzea gomendatu dit: “sosegurik ez(a), artegatasun, urduritasun, kezka, larritasun”. Horiek guztiak dira liburuak bilatzen dituen helburuak. Leku urruneko istorioek, alta, jakinmina sortzen dutela uste dut. Euren existentziaren berri ere ez genuen lekuetan giza istorioak gertatu direla jakiteak zirrara sortzen du. Leku urrunak dira, bai… bertatik igaro direnentzat ezik. Bertan egonda munduko beste toki guztiak dira urrunak. Eta ideia hori da liburuaren hasieran ematen diguna: urruntasuna bertan bizi ez garenontzat da, han bizi direnak jada han bizi direlako.

Uharte urrunetik ez-lekura

Liburuan agertzen diren 50 uharteen artean ez dago Vozrozhdeniya uhartea. Vozrozhdeniya hitzak errusieraz “berpizkunde” esan nahi du, eta behinola 1.500 pertsona eta hainbat animalia, tartean tximuak, bizi ziren bertan, Kantubek izeneko herri errusiar batean. Vozrozhdeniya uhartea izango zen SESBaren barruan “Uharte Urrunaren” definizioan sartzen zen lekua. Desertu baten barruan dagoen laku handi baten barruan dagoen uharte txiki bat. Ez zegoen, berez, hara iristeko modurik. Horregatik erabaki zuten bertan egitea gerra biologikorako instalazio militar bat. Hori zen Kantubek: instalazio horietan lan egiten zutenen (eta euren familiakoen) herria.

Vozrozhdeniya_Island - Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat1950eko hamarkadan hasi ziren lehen instalazioak eraikitzen, momentuan militarren esku zegoen eremu ultra-sekretu gisa. Aldi berean, handik mila kilometrora, irrigazio sistema korapilotsua eraiki zen elikagaiak zein kotoia landatzeko Sir Daria eta Amu Daria ibaien inguruan. Kanalekin erabilitako urak ekonomia oparoa sortu zuen gaur egungo Uzbekistan eta Turkmenistanen. Behinola basamortua zena orain baratze intensibo erraldoia zen. Baina ura desbideratzeak eragin handia izan zuen Vozrozhdeniya uhartearen inguruan zegoen Aral itsasoan. 1960eko hamarkadan uhartea tamainaz handitzen hasi zen eta horrela jarraitu zuen ahalik eta Sobietar Batasuna desegin zen arte.

1992an Kantubek herria hustu zuten, arma biologikoak egoki isolatu edo deuseztu gabe. Oraindik Vozrozhdeniya uhartea zen Aral itsasoan. 2001ean uhartea penintsula bilakatu zen, hegoaldeko kanala lehortu eta lurrarekin batu zenean.

2008an Hegoaldeko Aral Itsasoa guztiz lehortu zen eta Vozrozhdeniya jada ez zen uharte edo penintsula. Aralkum izeneko desertu berriaren barruan zegoen leku bat baino ez zen, Uzbekistan eta Kazakhstanen arteko mugan, Karakalpakiako Errepublikan. Lehen uharte urruna zena orain ez-leku bat da.

2003an New York Timeseko Christopher Palak bisita egin zion ez-leku honi. Dioenez oraindik ikus daitezke bertan Sovietskaya Rossiya izeneko 1989ko urtarrileko aldizkariak,”Sobietar herria Alderdiarekin dago” dioen titularrarekin.

Baina, zer da leku urrun bat?

Teorian, eta teorian diot gauza hauek zailak izaten direlako konprobatzen, kotxez joan daiteke Kantubek herri hustura. Aurten Kirgizistan eta Uzbekistanera egin dugun bidaian ez ginen haraino joan, denboraz eta diruz eskas genbiltzalako. Baina bueltako hegaldian justu bere gainetik igaro ginen. Galdera da, beraz… ba al dago munduan leku urrunik? Ba al dago Interneteko kobertura, errepideak zein hegaldiak, ingelera komertziala eta Coca-Cola ia edonon dauden garai hauetan leku urrunak? Galdera hori egiten aritu naiz azken hilabete honetan. Kirgizistan, Tadjikistan eta Txinaren arteko mugan dauden mendietan egon ginenean pentsatu nuen lehen aldiz. Han geunden, etxetik oso urrun, orain mende bat ezagutzen ez ziren gune batzuetan… baina Fanta laranja bat erostea posible zen, norbaitek haraino eraman baitzuen pista batetik bere Lada suntsiezinean.

Leku urrunak ez dira bakarrik geografikoki urrun geratzen zaizkigun lekuak. Bishkekeko zentruan dagoen “Bishkek Park” zentru komertziala etxetik hurbil dudan Urbilen antzekoa da. Bai egituran bai produktuetan. Baita estetika, musika eta logikan ere. Leku urrunak jada ez dira geografikoak bakarrik, ulertzeko zailak egiten zaizkigunak ere badira.

Pentsamendu hori garatzen ari nintzela, bueltako bidean dauden hegazkin eta aireportu ordu bukaezinetan, Amelia Barquínen erreflexio hau irakurri nuen bere Boise-Gasteiz-Islamabad artikulu laburrean. Zenbat mundu urrun daude gure etxetik gertu? Gure herrian bertan? Euskal prentsa irakurtzen dugunotatik zenbatek bisitatu dugu noizbait gure herrietako askotan dauden Eliza Ebanjelista bat? Ba al dakigu zenbat emakumek jasan dute klitoriaren ablazioa Euskal Herrian? Ulertzen al dugu hori egin duten gizonek duten mundu ikuskera? Eta hori jasan eta besteei eginarazi dioten emakumeen mundu ikuskera? Nola bizi dira pertsonak elektrizitaterik eta urarik ez dagoenean? Nomada den herriak zein gauza ditu ezinbesteko eta zein luxuzko? Nola islatzen da luxu hori euren jendartearen ohituratan? Zenbat balio du gatz kilo batek itsaso batetik urrunen dagoen munduko lekuan? Agian hobe galdetu zuen Bernardo Atxagak (gerora Mikel Laboak abestua) “Galderak II” poeman:

Otoi egiterakoan, gogoan izaten al dituzue desertuko karabanak?

Nork ulertuko du hobe 6 hilabetez barkuan egoten den arrantzalearen bizimodua, portuan geratzen den dendaria ala bere ardiekin eta zaldiekin 6 hilabetez mendian bizi den kirgiz nomadak? Urruntasuna ez da bakarrik geografia. Urruntasuna bizimodua ere bada.

Zeta saltzeko Beijingetik Istanbulera zihoan bidearen erdian zeuden Samarkanda eta Bukhara. Albo bietan, desertu ikaragarriak eta mendi altuak. Bidaiari orok ulertzen zuen bi hiri hauek zuten balioa. Ez da bakarrik etapa garrantzitsu bat egin berri duzula, baizik eta merkantziari bide erdia baino geratzen ez zitzaiola. Horregatik da hain urruna Samarkanda, horregatik hain entzutesua: Sanghri-La, Timbuktu, Santiago de Compostela edo Ushuaia bezala. Bidaian ari denarentzat geltoki garrantzitsua delako. Eta horrek egiten du bidaiariarentzat interesgarri.

“Leku Urrunen atlasa” egin nahiko nuke. Eta aurten egindako bidaia horretan aurkitutako hainbat lekurekin Judith Schalanskyk bere atlasean egindakoa bertsionatu nahiko nuke. Edozein lekutan leku urrun bat dagoela adierazteko, eta bertan dauden pertsonek ematen diotela distantziaren zentzua.

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Zer duzu buruan “Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat”-ri buruz

  • Oso~oso polita, Galder. Eskerrik asko holako gauza ederrak idazteagatik. Zure bidaiaren berri ematen segituko duzulakoan…