Laponiako mendietan barrena (I)

Laponiako mendietan barrena

Laponiako mendietan barrena egindako Kungsleden bidea, bidaia eta egun haien kronika da honakoa, orduko gogoeta, sentipen eta han ateratako argazkiak. Kungsleden bidea  Suediako mendi ibilbide ezagunenetakoa da. Suediako iparraldean kokatua, Laponian, Samien lurraldean, ibilbideak Europan geratzen diren eremu basatienetako batzuk zeharkatzen ditu. Hala ere, orokorrean ondo egokitutako bidea da, estrategikoki kokatuta dituen aterpeek asko errazten dute luzera eta zailtasun desberdineko zeharkaldien antolaketa.

 

Laponia

Laponiako mendietan barrenaHotza, elurra, gauerdiko eguzkia, eguerdiko gaua, izei eta pinuak, elur-oreinak, aurora borealak. Horiek dira gehienoi burura datozkigun irudiak Laponia hitza entzuten dugunean. Europako iparraldeko eremua da Laponia eta lau herrialde artean banatuta dago: Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia. Klima gogorra dela eta, Laponiak beti izan du giza populazio txikia. Bertako jatorriko biztanleak Samiak dira eta tradizionalki elur-oreinaren artzaintzan aritu izan dira. Laponiako mendietan barrenaEgun, lan horretan diharduten Samiak badaude oraindik, nahiz eta gehienak beste lan erosoagoetan aritzen diren. Bestalde, meategi eta beste baliabideen ustiapenak dakarren aberastasunak erakarrita hiri bakanak hegoaldeko jendearekin birpopulatu dira. Dena den, oso gutxi urbanizatutako eremua izaten jarraitzen du eta baso zabalek, zuhaitz gabeko tundrak eta tamaina guztietako lakuek osatzen dute oraindik lurraldearen zatirik handiena.

Laponiako azalera nahiko laua da orokorrean, baina mendebaldean, Norvegia eta Suediako mugan, Eskandinaviako Alpeen ipar eremua txertatzen da. Bertan kokatzen dira Laponiako mendi multzo altuenak: Sarek (2089 m) eta Kebnekaise (2111 m). Oso garaiak ez diren arren, zirkulu polar artikotik iparrera kokatutako mendi hauen magaletan ez dago zuhaitzik eta gailurrak glaziarrez estalita daude. Mendien artean lakuez jositako haran zabalak tartekatzen dira.

Laponiako eremu menditsu honetan zenbait ibilbide markatu dira eta zeharkaldiak egiteko aukera itzela dago. Ibilbide horien artean ezagunena Kungsleden bidea edo Erregearen bidea da, Suediako iparraldean.

 

Kungsleden. Erregearen Bidea.

Kungsleden, XIX. mendean Suediako Turismo Bulegoak sortutako mendi ibilbide bat da. 440 kilometroko luzera du eta Abisko eta Hemavan gune turistikoak ditu hasiera-bukaera guneak. Gure “GR” ibilbideekin alderatu daiteke. Udan oinez eta neguan eskiekin egiteko prestatuta dago eta Suediako ibilbide ospetsuenetako da, nahiz eta gure artean oso ezaguna ez izan. Kungsleden bidea herrietatik urrun mantentzen da eta Samien udako zenbait borda eta mendi aterpeen eraikinak izan ezik, giza eraginik gabeko paisaiak zeharkatzen ditu. Zati askotan parke nazional edo erreserba naturaletatik igarotzen da eta inguru hauetan, hartza, katamotza edo jatuna moduko animalien azken populazioak bizi dira. Laponiako mendietan barrena (I)Bertako mendiek forma bitxiak hartzen dituzte askotan higadura modu bereziak eraginda. Artiko inguruneko zenbait animalia espezie ikusteko aukera dago eta 24 orduko eguna zer den ezagutu daiteke. Horrek guztiak eta, batez ere Artikoko argitasun ahul eta arrotzak, izaera berezi eta exotikoa ematen diote zeharkaldi honi, batik bat Europako hegoaldeko mendietara ohituta gaudenontzat.

Lehen eta azken zatietan, Kungsleden bideak Suediako Turismo Bulegoak (STF) kudeatutako aterpeak ditu. Aterpeen arteko distantzia 10-20 kilometro artekoa izaten da eta hortaz, zati horiek kanpin-denda eta janari karga handiegirik gabe osa daitezke. Zati horiek ondo prestatuta daude, aintzirak zeharkatzeko txalupak eta ibaiak gurutzatzeko zubiak izaten dira, baina ez beti. Uda hasieran ibilbide horren iparraldeko zatia egiteko aukera izan dut, Abiskon hasi eta Vakkotavaren amaituz. Tarte hori, bospasei egunetan egin daiteke, baina beste egun pare bat pasa dut Kebnekaise mendi multzoa ezagutzen eta beste egun bat gehiago Saltoluokta inguruko mendietan.

Ibilaldi zoragarria, aterpez aterpe, Artikoko mendi basatietan, baina Pirinio edo Alpeetan aurki daitezkeen erraztasunekin.

 

Artikoarekin lehen kontaktua.

Bilbo-Frankfurt-Estokolmo-Kiruna. Egun eta erdiko bidaia luzea. Suediako herri iparraldekoena da Kiruna. Meatze-herria da eta esaten dutenez, munduko burdin beta handienaren gainean kokatzen da. Dagoen herrialdean kokatuta eta duen aberastasun minerala kontuan hartuta, ez da herri pobrea, baina ezta ere oso leku polita. Kale eta eraikin askok behin-behineko itxura dute.

Herri berezi xamarra da, edo hori iruditzen zait niri behintzat, iritsi berria eta kaleetan paseatzen nabilen bitartean, egun gris, fresko (10º C) eta euritsuan. Hemen jazotzen dira Asa Lassrsonen nobela beltzen pasarteak. Hiru hilabetez ez dute gauaren arrastorik izango, baina ezin esan argiz blai daudenik, gaur behintzat. Laponiako mendietan barrenaKaleetan, bertakoak eta kanpotarrak nahasten gara, azken hauek bi taldeetan sailkatuta gaudelarik: motxila handiak daramatzagun ibiltari edo mendizaleak eta are eta motxila handiagoak daramatzaten kirol arrantzaleak.

Laponiako mendietan barrenaKungsleden bidea Abisko gune turistikoan hasten da, Kirumatik ordu eta erdira Norvegiako bidean. Bidaia hau trenez egin daiteke, baina nik autobusez egin dut. Autobuseko kreditu txartela pasatzeko makinak funtzionatzen ez duenez, ez diote inori txartelik kobratu, ezta esku-dirutan ordaintzera gindoazenoi. Abiskon turismo bulegoko hotela eta aterpe bat daude eta parke nazionalaren museo eta informazio bulegoa. Leku interesgarria da, baina bidea hasteko irrikan nago. Museoari begirada azkar bat eman ondoren, bide hasiera markatzen duen arkupe azpitik pasa eta trekkinga hasi dut. Arratsaldeko 15:30ak dira eta 14 kilometro egin behar ditut Abiskojaure aterpera iristeko.

Lehen etapa Abisko ibai indartsuaren ertza jarraituz egiten da, urki-baso itxiak zeharkatuz. Paisaia oso ederra da. Haranak glaziarren higadurak eragindako U forma tipikoa du, laua hondoan eta malkartsua alboetan, mendiak elurrez estalita daude oraindik eta basoek, berriz, udaberriko berde bizia dute. Zerua lainotuta dago eta giroa oso hezea da, baina zorionez ez du euririk egiten. Bidea jarraitzea erraza da. Bi bide daude seinaleztatuta: udakoa eta negukoa. Batzuetan biak batera doaz, baina besteetan,  desberdindu eta paraleloki doaz. Udako bideak leku lehorrenak bilatzen ditu eta negukoak, berriz, laku eta zohikaztegien gainetik doaz, izoztuta daudenean ibilbide lau eta errazak bilakatzen baitira.

Laponiako mendietan barrenaArtikoko faunaren lehen biztanleak ikusi ditut. Lemming batek, iparreko karraskari tipikoak, bidea gurutzatzen du nire aurrean. Pirinioetan hain urriak eta ikusteko zailak diren elur-eperrak arruntak dira hemen eta ez dute niganako beldur handirik adierazten. Baina bertako faunaren osagai ugariena ez da hain atsegina. Paisaia begiratzen geratzen naizen bakoitzean, eltxo laino batek inguratzen nau, agerian ditudan azal eremuen bila. Etorri aurretik, istorio beldurgarriak irakurri nituen intsektu hauek eragin zitzaketen eragozpenei buruz. Ez zait hainbesterako denik iruditu, baina memento batzuetan oso gogaikarriak izan daitezke. Laponiako mendietan barrenaMugitzen ari naizen bitartean edo haize pixka bat denean, ez dute arazo handirik eragiten. Haizea ez dagoen leku batean geldirik egonda ordea, lehen etapa honetako basoan esate baterako, berehala inguratu naute eta argazki bat ateratzen gelditzea desatsegina bilakatzen da. Edozein kasutan intsektuak uxatzeko produktu on bat eramatea komeni da.

Lau ordu baino gutxiago behar izan ditut Abiskojaure aterpera heltzeko. Aurkitu ditudan ia aterpe guztiak bezala, laku eder baten ondoan kokatzen da (-jaure atzizkiak lakua esan nahi du suedieraz). Kungsleden bideko aterpeak bi motakoak dira: mendi etxolak (Mountain hut) eta mendi aterpeak (Mountain Station). Gehienak lehen motakoak dira, baina ez dira izenak irudikatzen duen bezain soilak, hiruzpalau eraikinez osatuta daude normalean. Batean zaindariaren tokia eta dendatxo bat egoten dira eta besteetan logela eta sukaldeak, eraikin bakoitzeko bat. Mendi etxoletan ez dituzte afariak ematen eta zuk prestatu behar duzu dena, baina horretarako erraztasun guztiak eskaintzen dituzte: sukaldea, sukaldeko tresneria eta ontziratutako janaria erosteko dendatxo bat.

Ez dago ez ur korronterik ez argirik. Ura, aterpearen arabera kanpoan kokatutako bidoi batzuetatik edo ibaitik bertatik hartu behar da. Ibaitik ura hartzeko leku konkretu bat markatzen da. Kontuz, beraz, non egiten den pixa! Beti ura hartzen den lekutik behera. Laponiako mendietan barrenaUr korronterik ez dagoenez, ez dago dutxarik, baina aterpe guztietan sauna hartzeko eraikin bat dago. Bertako ur beroa eta ibaiko ur hotza nahasiz garbitzeko ur epela lor daiteke. Mountain Station-ek berriz denetatik dute: dutxa, sauna, denda, argindarra, wiffia eta jatetxea. Luxuzko aterpeak direla esan daiteke. Zenbait egunetan luxu txiki horiek gabe egon ondoren, gustura hartzen dira, baina Mountain Hut-ak baino askoz ere garestiago dira.

Laponiako mendietan barrena (I)Ez mendi aterpeetan ez etxoletan, ez dute mendi federazioko txartelarekin deskonturik egiten, baina bai REAJ aterpe-kide txartelarekin. Txartela ateratzeak merezi du, aterpeetan egiten duten deskontuaz gain, zenbaitetan aintzirak zeharkatzeko hartu behar diren txalupetan egiten dute eta. Edozein kasutan, aterpe guztiak txukun, garbi eta ondo zainduta daude eta zaindariak oso adeitsuak izaten dira, Mountain Hut-etan bereziki. Beste aukera kanpin-denda eramatea da. Hori da suediar gehienek egiten dutena, aterpeak janaria erosi eta prestatzeko erabiltzen dituzte, baina lotara inguruko txoko ezkutu batean jarritako kanpin-dendara joaten dira.

Abiskojauren izena eman eta berria naizela konturatuta, zaindariak tokatu zaidan etxolara lagundu eta argibide guztiak eman dizkit: ur garbia non hartu eta non hustu, sua pizteko modua, sukalde tresnak garbitzeko prozedura, sauna erabiltzeko ordutegi eta ohiturak, etab. Afaria prestatu, aintziraren ertzetik bueltatxo bat eman eta ohera zuzenean. Gaur ez dut gauerdiko eguzkia ikusiko, bidaia luzeak eta ibilaldiak nekatuta utzi bainaute.

jarraituko du…

> Laponiako mendietan barrena (II)

 

Testua eta argazkiak: Iker Zubimendi Idarreta

(Pyrenaica aldizkarian publikatua)

Laponiako mendietan barrena (I)

Laponiako mendietan barrena
Laponiako mendietan barrena
barrena, bidea, Kungsleden, Laponiako, mendietan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude