Lan egunaren historia

Lan egunaren historia

Lan egunaren historiaLangile mugimenduaren aldarrikapen historikoa izan zen zortzi orduko lanaldia finkatzea, eta gezurra badirudi ere, toki askotan ez da lan ordu muga hori errespetatzen.

XVIII mende erdialdean lehen industria iraultza hasi zen Ingalaterran, eta horrekin klase berri baten sorkuntza, proletarioak; latinetik datorren hitz honek “leinua” esan nahi du, edo oinerdekotza, eta gure leinukoen borrokak ongi baloratu beharreko herentzia pasa digu.

1496an lan erregulazio bat onartu zen Ingalaterran: 15 orduko lanaldiarena, goizeko bostetatik arratsaldeko zortzietara; hiruzpalau mende berantago neurri hori bera ez zen errespetatzen kasu askotan. Lan egoera esklabutzatik arras hurbil zegoen, eta umeek ere lan egin behar izaten zuten kondizio negargarrietan. Beren lan indarra saltzen zuten gure leinuko kideak abailduta iristen ziren etxera, ordu gutxiren buruan unatuta jaiki eta beharrean segitzeko.

Lan egunaren historia1810ean Robert Owen enpresariak tesi bat plazaratu zuen: langile batek egiten duen lanaren kalitateak harreman zuzena dauka bere bizi kalitatearekin. Batzuentzat Owen mugimendu kooperatiboaren aitzindaria izan zen; beste batzuentzat, pentsamendu sakonik garatu ez zuen enpresari eta erreformatzaile paternalista bat. Dena den, guztiak daude ados lan orduen murrizketari dagokionez ekarpen baliotsua proposatu zuela. 1817an mundu mailan eta historian zehar ezaguna egin den leloa sortu zuen: 888; erran nahi baita, 8 ordu lan egiteko, 8 ordu bizitzeko, eta 8 ordu deskantsatzeko. 

Gure leinuaren oinordekotza aipatu dut lehenago, arbasoen borroka eta lortutako fruituak herentzian jasotzen direlako, jabetza bermatuta egon ez arren, bistan dena:

  • 1847an 10 orduko lanaldia onartu zen emakume eta haurrentzat, Ingalaterran.
  • 1848ko iraultzaren ostean, frantziar errepublikako langile guztiek lortu zuten 12 orduko lanaldia.
  • 1886ko maiatzaren 1ean 200.000 langilek greba egin zuten AEBtan zortzi orduko lanaldia eskatuz, eta beste 200.000 lagunek eskubide hori lortu zuten greba mehatxuarekin.
  • Uruguayn 1915ean onartu zen ofizialki, eta 1917n Mexikon, beti ere paperean.
  • Euskal Herriari dagokionez, 1919an egindako alimaleko greba baten ondoren 8 orduko lanaldia onartu zen estatu espainiar osoan, hegoaldeari dagokionez; frantziar estatuan osoan ere majo borrokatu zen 80-90eko hamarkadetan 35 orduko lan astea izateko.
Lan egunaren historia
Daumier.

Gaur egun badira lan orduak gehitu beharrean, lan tokiko baldintzak hobetu eta orduak murriztuta produktibitatea igoko litzatekeela defendatzen dutenak. Azkena irakurri dudan proposamenak sei orduko lanaldia proposatzen du eguneko.

Egun langile mugimenduak bizi duen krisia ikusita lan eta borroka asko egin beharko dugu ordu murrizketak lortzeko, akaso zortzi ordu egunean.

Lan egunaren historia