Krisiarenak

Krisiarenak

2008. urtea lekutan geratzen da egun esne mamitan den indibidualizazioaren mundu ikuskeratik. Beste denbora batzuk zirela, eta dena asko aldatu dela bezalako topikoek ezin hobeto azaltzen dute hondarreko zortzi urte hauen ibilia. Zortzi urte arin edo zortzi urte astun, solidotik likidora adituen arabera. Gehienontzat, berriz, urte luzeak nahigabean eta urte laburrak zorionean. Zortzi urte zinez esanguratsuak Euskal Herrian, halere. Garai historikoa irudituko zaio suharrenari, jakitun delarik historiko esapidea bizi dugun momentu orori dei geniezaiokeela. KrisiarenakDena den, garaiak ere gizakiak legez elkarrengandik berdinagoak suertatzen dira maiz. Suminduta diot, beraz, aitatutako epeak ezberdin eragin digula batzuoi.

Aipatutako urtean hasi ziren, bada, krisi ekonomikoaren danbor hotsak mundura hedatzen. Nola ez Estatu Batuetako gizarteak nozitu zuen lehenbizi krisiaren danbor kolpea, eta domino fitxak erortzen diren moduan barreiatu zen burrunba gainontzeko herrialdeetara. Noam Chomskyk dioen gisan munduko demokraziek yankien balioak barneratu dituztenaren seinale argia da hori, Estau Batuek dominisitiku egiten duen aldi oro berariaz gaixotzen direlako beste herrialde guztiak. Hartara, 2008. urtean Lehman Brothers finantza zerbitzuak eskeintzen zituen enpresa amidelgian behera erori zenean krisi ekonomikoaren hazia erne zela diote gaiaz dakitenek. Orduantxe jo omen zen krisiaren kanpaia aurreneko aldiz.

Anartean, Euskal Herrian, gatazkaren egunerokoak ez zuen krisiaren mamua bazetorrenik ere antzematen uzten, auzi politikoak bestelako aferak alboratu egiten zituen eta. Halako batean, baina, behe lainoa jaso eta eguzkia agertzen hasi zen 2011.urtean ETA erakundeak baldintzarik gabeko su etena iragarri zuenean. Notizi hark dena erraztu eta akordioetarako autopistak zabalduko zituela zirudien. KrisiarenakEz zen hala izan, ordea. Laino batzuk guztiz jaso gabe geratu ziren, igo ezinik, beren-beregi girora itsatsita Londreseko eguraldiaren traza bertsuan. Testuinguru horretan hasi ginen krisiaren lehen harramazkak sentitzen Euskal Herrian.

Hala, gatazkaren bukaerak krisi garaiaren hastapenarekin egin zuen talka, bi tren handik nola, izugarrizko hautsa sortuz; horregatik, hauts horren pean jendea nondik jarraitu ez zekiela gelditu zen. Apurka-apurka, baina, gatazkaren konponbiderako itxaropenak ahuldu eta krisi ekonomikoaren arrabotsa gero eta nabariagoa zen gure egunerokoan. Krisia eguneroko bizitzara doitu zitzaigun, gau eta egun inoizko krisirik larriena zela eta paradigma aldaketa zekarrela iradokiz komunikabide orotan. Paradigmarik ez da aldatu edonola ere, aldatu dena da bizimodu duina izateko baldintzen kaskartzea.

Hargatik, krisiaren inguruko berriak eguneroko buruhauste bilakatu zaizkigunez erreskate nazionalaz baino gehiago hitz egiten da erreskate sozialaz. Gatazkaren sasoian nazioa baldin bazegoen mahai gainean, orain arazo sozialek dute lehentasuna. Gatazkarekiko neke pilatuak eta krisiaren agerpenak euskal identitate nazionala moteldu eta espainiartasunari ateak zabaldu dizkio. Krisiak euskal gizartea espainolago bihurtu duela esatea, beraz, ez da inongo deskubrimendua. Espainia erakusten digute mundua balitz bezala zioen Maialen Lujanbiok eta ez du arrazoi faltarik.

Krisiarenak Krisiarenak Krisiarenak