Konspirazioak, alderantzizko psikologia, magia eta Oz-eko aztia

Konspirazioak, alderantzizko psikologia, magia eta Oz-eko aztia

Konspirazioak, alderantzizko psikologia, magia eta Oz-eko aztiaOnar dezagun honako axioma: botere ilunak daude eta txotxongiloa bezala darabilte gizartea ezkutuko hariei eraginez.

Demokrazia gizartearen aldarteak dira”, esan zuen aspaldi Mayor Orejak (“estados de ánimo”, erdaraz), baina ez dakit botere ilunek errieta egin ote zioten hain argi hitz eginez ezkutuko hariak erakusteagatik; agian bai, harrezkero maldan behera hasi baitzen.

Eta onar dezagun adibide argi bat: François Fillon. Beste bat izan izan zitekeen, Trump, kasu, edo beste edozein prozesu demokratikoren bat, beste edozein “festa” demokratikoren bat, garai batean “demokratek” esaten zuten bezala (hemengo demokratek, ez AEBetakoek).

Baina Fillon da adibidea hemen: “itxaropen zuria” zen Le Penen arrazismo beltzaren aurka; eskuinekoa, sistemaren interesen babeslea; frantses petoa eta oilarraren gandorra tente jartzeko moduko izen-abizen ezin frantsesago eta ezin gatzgabeago baten jabe: François Fillon, François Fillon presidentea, Fillon presidentea. Ondo ematen du belarrian, bai. Azkene finean, politikari mediokre perfektua botere ilunen gosea asetzeko.

Baina hara non gainbehera azkarrean etorri zaigun bat-batean ustelkeria papur batzuen kontura: diputatu zela, emaztea-eta kontratatu omen zituen kolaboratzaile itxura egin eta benetako lanik egin gabe patrikara soldata publikoa eramateko.

Eta EGAko atarikoan esango luketen bezala, zein da pareko?

a) Konspirazioa: ez dakigu zergatik, baina botere ilunek Fillon ez bide dute gustuko. Agian, Le Pen atseginago dute; agian, torlojuari beste buelta bat emateko garaia iritsi dela uste dute, honezkero errezeta zaharrak balio ez duelakoan.

b) Alderantzizko psikologia (konspirazioa II): Fillonek ez du amore eman nahi eta, galbidean zegoela uste genuenean, indartsu eta borroka emateko prest agertu da. Orain, botere ilunen biktima da, sistematik at dago, independentea da, Le Pen bezain akatsgabea, jatorrizko bekaturik gabekoa. Areago, ez ote da orain Le Pen botere ilunen hautagaia? Hau da, dena Fillon indartzeko eta Le Pen ahultzeko estrategia da.

c) Magia (konspirzioa III): magiaren funtsa ikuslearen arreta desbideratzea da oharkabean ziria sartzeko. Konspirazio handiena konspirazioa dagoela sinistaraztea da, dena zalantzan jartzea, dena gezurra dela sinistaraztea, botereak zilegitasuna baino diskrezioa behar duelako. Elvis bizirik dago eta hegazkinek uzten dituzten lurrin hodeietan eragin ezkutuko produktu kimikoak botatze dizkigute. Ikusten dugun guztia gezurra da, Matrix da, Le Pen eta Fillon, biak gezurra dira, aktore hutsak. Bien bitartean, nahaste-borraste honetan, auskalo zein diren botere ilunen benetako asmoak, zein diren diskrezioa behar duten asmo horiek. Agian estralurtarrek gobernatzen gaituztela edo, sinpleago, demokrazia antzerki hutsa dela betidanik gobernatu izan den bezala gobernatzen jarraitzeko. Nolanahi ere, jakina da botere mundu paraleloa dagoela eta beste guztia antzerki hutsa dela.

d) Oz-eko aztia (zeu zara konspirazioa): uste genuen lurralde osoa gobernatzen zuen gizaki ahalguztiduna zegoela, baina ez zen gu baino hobea, gu baino jakintsuagoa, gu baino boteretsuagoa… Gu bezalako gizajoa zen, mozorro baten azpian, baina gure ahuldadeaz baliatzen zen denok gobernatzeko. “Demokrazia gizartearen aldarteak dira”, esan zuen aspaldi Mayor Orejak. Oz-eko aztiak horixe aitortu zion Dorothyri, baina ahopeka.

Erantzuna: ziurra da, nire ustez, JF Kennedy konspirazio baten biktima izan zela. Agian CIAk hil zuen; agian, FBIk; agian, mafiak; agian, Kubako zerbitzu sekretuek; agian, KGBk… auskalo. Baina ziurra da CIA, FBI, mafia, Kubako zerbitzu sekretuak eta KGB ez zirela ados jarri guztien artean Kennedy hiltzeko.

Jakina, beste aukera bat da Frantzian demokraziak funtzionatzen duela eta ustelkeria ez dutela barkatzen, baina Dorothy izan behar hori sinisteko. Ote gara?

Konspirazioak Konspirazioak Konspirazioak Konspirazioak
fillon, Frantzia, Hautskundeak, konspirazio, Le Pen

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude