Kolibri baten kontu eta komeriak

Kolibri

Irudiaren aroa da hau. Efektu bereziak, tratatutako argazkiak, filtroak … Errealitatea desitxuratzea erraza da, eta sobera jendek badaki nola egin hori. Horregatik argazki lehiaketa eta bestelakoek, fotokazetaritzak esaterako, balio erantsi handia daukate. Badakidalako hori horrela dela, hori dela benetako irudia (edo hori esaten didate behintzat), ez naizela suzedaneorik irensten ari, ordu zabalez photoshopen editatutako ameskeria. Bideo honetan bezala:

Horregatik iruditzen zaizkit interesgarriak Ez da Photoshop bezalako twitter kontuak, umorea eta errealismoa nahasten dutenak.  Horrela iritsi naiz kolibri baten kontu eta komeriak entzun eta ikustera.

kolibriZergatik dirudi txori honek kolibri eta olagarro erradioaktibo baten arteko nahasketa? Ligatzen dabil. Koloretsua arra da, eta emearen aurrean jarri da bere dantza eta bertuteekin emea sorgindu nahian. Taberna zulo batean goizeko bostetan ikusi daiteke eszena hori, ez da oso berezia, egia erran. Baina kolorea?!

Kolibriak kontinente amerikar osoan zehar bizi dira. Ekuadorrek dauzka espezie gehien (munduko %40a), kantitate handiena Kolonbian aurkitzen den arren (oraingoz ez dago zentsorik, “papeleo” arazoak). Txori hau “itsasertzeko kolibria” da, eta Estatu Batuetako hegomendebalde inguruan bizi dira. Arrek purpura koloreko txano bat daukate lepo eta buru inguruan, eta emea txunditzeko eguzkiaren izpiak kontutan hartua toki estrategiko batean jartzen dira. Izpiek, tokiak, eta lumak lortzen dute kolore leherketa berezi hori. Bestalde, kontutan hartu behar da kolibria dela hegoak bizkorren astintzen dituen txoria (75 aldiz mugitu ditzake segunduko), eta hori bere bihotzak odola sekulako abiaduran bonbeatzen duelako dela posible.

Hainbeste axanpa, hainbeste mozorro eta hainbeste dantzaren aurrean, emearen indiferentzia. Zozoei begira, edo. Arrak egindako esfortzuaren ondoren, hartu eta alde egiten du. Ez zen dantza aski ona izango, edo luma aski purpurak, edo batek daki, baina agerikoa dena da ez dela ni bezain txundituta geratu, aspaldi egingo nuen habia kolibri horrekin.

Nature kateak PBS-rentzat egindako dokumentalean gertuko plano itzelak daude, eta bideo honetan ikusi dezakezue arestian aipatu dudana. Gaur txunditu naiz, eta ederra da, bizitzak ez bailuke xarma bera txunditzeko gaitasuna galduko bagenu.

Kolibri