Katalunia aske baten alde al zaude?

by Walid, Flickr
by Walid, Flickr

“Katalunia, Europan integratutako zuzenbidezko estatu independente, demokratiko eta sozial bilakatzearekin ados al zaude?”. Horixe zen Arenys de Munt-en ezagutu nahi zutena. Galderak ez zekarren inolako loturarik, Arenys de Munt ez zen burujabe bilakatuko herritarrek hala nahi izanda ere. Herritarren desira ezagutu nahi zuen udalak. PSC-k ezik, udaleko gainontzeko taldeek kontsulta egitearen alde egin zuten iragan ekainaren 4ko osoko bilkuran.

Josep Manel Ximenis, CUP-eko zinegotziaren aburuz helburua eztabaida sortzea da, emaitzetatik haratago. Baita pedagogia egitea, independentziari buruzko erreferendumei beldurra galtzeko. Baina CUP-ekoek, antza, ahaztu dute galdetzea demokrazian ez dela zilegi. Hala ebatzi du behintzat epaileak, galdeketak herriko eskumenak gainditzen dituela argudiatuta. Eta jakin beharko lukete “erreferendum” eta “independentzia” hitzak beldurra ez, izua eragiten dutela gizarteko hainbat sektoretan.

Beraz Arenys de Munt-ek ezingo du espero bezala gainontzeko herrientzat eredu izan ezta Katalunia osoko erreferendum baten aurrekari izan.

Zer gertatuko litzateke baiezkoa aterako balitz? Eta ez Arenys de Munt-en soilik, Herrialde Katalanetako gehiengo bat independentziaren alde egongo balitz? Edo Euskal Herriako herritarrak? Orduan bai izutuko liratekeela batzuk. Eta noski, gazteleraz esaten duten bezalaxe, hobe prebenitzea, sendatzea baino…

Zer duzu buruan “Katalunia aske baten alde al zaude?”-ri buruz

  • Artikulu honetan esaten diren zenbait gauza ez dira guztiz zuzenak. Hona pare bat ohar:

    “[Arenys de Munt-eko] Udalak Kataluniaren independentziaren inguruko erreferenduma deitu baitzuen irailaren 13rako.”
    Ekainaren 4an, udalbatzak galdeketari babes ematea erabaki zuen, bai, baina erreferenduma ez zuen Udalak deitu, Moviment Arenyenc per a l’Autodeterminació elkarteak baizik.

    “Bartzelonako auzitegi batek debekatu egin baitu erreferenduma”.
    Ez da egia. Egin duena da lehen aipaturiko akordioa (ekainaren 4koa) baliogabetzea. Kontua da Udalak gela bat utziko zuela galdeketa bertan egin zedin; hala ere, epaileak bere erabakiari eutsiz gero, beste egoitzaren batean egingo da erreferenduma. Gainera, epailea espainiar estatuaren eta Arenys de Munt-eko udalaren abokatuekin bilduko da astelehenean, eta baliteke iritziz aldatzea.