Kakaztutako kanpaina baten ajeak

Kakaztutako kanpaina baten ajeak

Azken asteetako betekada politiko-komertzial-mediatikoa eta gero azkenean bukatu da norgehiagoka kasik patetikoa. Kate pribatuetako programa arrosetan kantatu, dantzatu, jolastu, afaldu edo jendartearen interesetatik asko urruntzen diren milaka eszena ikusi ditugu, demonizatutako politikoak humanizatzeko ahalegin antzuan. Esfortzu handia egin dut telebistaren aurrean txistuka (Ilunben egin ez banuen ere) ez hasteko, diskurtso politiko zentzudun edo ganorazko baten esperoan; gutxietsia sentitu bainaiz zenbaitetan jendearengan zirrara sortze hutsa bilatzen duten diskurtso azaleko eta absurdoekin. Gero, eztabaida erdi-serio batzuekin mozorrotua geratu da aurretiaz, ondoren eta egia esan bitartean ere bai kontsumiarazi diguten kaka guztia.

Kakaztutako kanpaina baten ajeak

Ilunbeko zortzi bertsolarien diskurtsorako gaitasunaren erdia balute zenbait politikarik, behar bada, kanpaina garaian telebista publikoetan emititutako buruz burukoak izango luke fundamenturik. Zortzi bertsolari hautagaien arteko lehiak utzitako perlak, errimatutako diskurtso egituratuak eta kantatutako egia borobilek, edo behintzat borobildutako egiek kanpainako lelorik onenei mila buelta ematen dizkiote. Bai,Lehenik Euskadi”-k ez nau konbentzitzen.

Dena den, Espainiako Estatuan hainbat urtetan finkatu eta egonkortutako dikotomia hausteraedo etorri diren bi alderdi berriek, eta baita fosilduta edo diskurtsoak moderatuta urteetan boterean iraun duten zaharrek hor jarraituko dute kakaztutako kanpaina hutsala politika bihurtzen. Arazo oro konpontzen baitu Bertin Osbornerekin afaltzeak, edo Ana Rosa Quintanarekin gosaltzeak. Irudipena dut, hemengo alderdiek ez dutela berebiziko ahaleginik egin, etsita edo, eta eskerrak. Ez nituzke Urkullu eta Olasagasti elkarrekin afaltzen ikusi nahi, ez eta Arraiz Gu Ta Gutarraken ere.

Ez dakit zein den formula, baina politika, ekonomia eta beste zenbait gai potolo-usteko modu guztiz sinplista batean gizarteratzean tontotzen gaituzte. Konplexutasunak ulertzen erakutsi beharrean, arazoaren titularra soilik ematen digute, hortik aurrerakoak ulertzeko gizajoegiak bagina bezala. Ohartu gabe sarri eurak direla titererik handienak, batek daki (guztiok dakigu) zeinen mesedetan. Beraz, Jainkoaren graziarekin jarrai dezatela, betikoak betiko egiten, izan bi edo izan lau.