Itxiko al dute Garoña?

screen-capture-43
Garoñaren aurkako kartela

Santa María de Garoñako (Burgos) zentral nuklearra 1970an inauguratu zuten. Handik hamaika urtera, 1981ean, lehenengo arrakalak agertu ziren bere erreaktorean eta, ordutik, Espainiako zentralen artean zaharrena den Garoñaren itxiera eskatu dutenen ahotsa etengabe entzun da. Baina kontrako iritzia dutenak ere ez dira isildu.

Garoñako zentral nuklearra 40 urteko bizitza baliagarria izateko diseinatu zuten. Baina, noiz beteko dira 40 urte horiek? Hor ere, adostasunik ez. Batzuen esanetan, uztailean beteko ditu 40 urte Garoñak eta, beste batzuen esanetan, 2011an. Kontuak kontu, ezustekorik ez bada behintzat, uztailaren 5ean erabakiko du Espainiako gobernuak Garoñaren etorkizuna. Aukera bi daude: bata, betiko itxiera agintzea eta, bestea, zentralaren jarduerari hamar urteko luzapena ematea.

Eztabaidaren muinean, instalazio zaharkituez gain, energia nuklearraren egokitasuna/desegokitasuna ere badago. Kolore guztietako argumentuak aurkitu ditzakegu jarrera bat ala bestea defenditzen dutenen artean. Itxieraren aldekoek hamar arrazoi ematen duten bitartean, kontra daudenek energia nuklearraren irudia zikintzeko zabaldu diren hamar mito plazaratzen dituzte.

Itxieraren kontra

Garoñako instalazioak seguruak direla eta energia nuklearra garbia eta merkea dela argudiatzen dute itxieraren kontra daudenek. Argudio horiek oinarritzat hartuta, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak Garoñako zentrala beste hamar urtez zabalik eta funtzionamenduan mantentzeko baimena eman du.

Nuclenor konpainia (Endesak eta Iberdrolak %50ean osatutakoa) da zentral honen jabea, eta erraz asmatu daiteke zein den enpresarien jarrera. Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidentearen ustez, “ez dago Garoñaren egoeraz kezkatzeko arrazoirik”, “60 urte edo gehiago funtzionatzeko moduan dago” edota “munduko zentral guztien artean seguruenetakoa da”.

Eta zentraleko langileak ere itxieraren aurka azaldu dira, erabaki hori “kaosa izango litzatekeelako bai langileentzat zein ingurukoentzat ere”.

Itxieraren alde

Kontrako aldean, Garoñako zentralak ez dituela gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen, ez duela horrenbeste energia ekoizten edota energia berriztagarrien txanda heldu dela bezalako argumentuak nagusitzen dira. Greenpeaceren esanetan, “ez dago ez arrazoi ekonomiko, ez energetiko, ez ekologiko eta ezta sozialik ere Garoñako zentral nuklear arriskutsu eta zaharkitua zabalik mantentzeko”.

Eusko Legebiltzarrak ere, joan zen astean, Garoña ixteko eskatu dio Espainiako gobernuari, PSE-EE, EAJ, Aralar, EB eta EAren aldeko botoekin eta PP eta UPyDkoen kontrakoarekin.

Kontuak kontu, eztabaida honetako azken hitza Espainiako gobernuak izango du edo, hobeto esateko, José Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidenteak. Batzuen ustez erabakia hartuta dauka, baina beste batzuek ziurtatzen dute Zapaterok oraindik zalantzak dituela. Korapiloaren askaera, uztailaren 5ean.

energia nuklearra, garoña, zentrala

Kazetaria.

Zer duzu buruan “Itxiko al dute Garoña?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude