Iran ezezagun hori: bihotza uzkurturik, azalaren gainetik

cc-by:faramarz
cc-by:faramarz

Elkarrizketa zuzena izango zena erreportaje bihurtu da solaskideak eskatuta. Berba egingo dugu, bai, eta Mendebaldekook jasotzen dugun Iranen erdizkako irudia osatzen lagunduko digu; “baina hitzez hitz gauza gutxi sartu, ados? Badaezpada ere, badakizu…”.

Ekainaren 12an izan ziren Iraneko hauteskundeak, eta horiek eragindako protestek bultzatu gintuzten elkarrizketa hau egitera. Elkarrizketatuak atsekabetuta egiten du berba Irango egoeraren inguruan, baina, era berean, bere herriak nazioartean duen irudi txarra aldatzeko grina erakusten du. Gerta daitekeenaren zalantzak, beldurrak eta atsekabeak uzkurtu egiten diote bihotza; herriminak eta bidegabekeriek sentibera bihurtu dute. Bihotza, uzkurturik, azalaren gainetik.

Iraneko sistema politikoari buruzko zertzelada batzuk

Hauteskundeak badituzte ere, Iraneko demokrazia ez da erabatekoa. Herriak presidentea bozkatzen du, baina honek botere exekutibo mugatua baino ez dauka. Bere gainetik Kontseilu Zaindaria eta Lider Gorena daude; lehenak onartu edo atzera botatzen ditu presidentziarako hautagaitzak, eta Lider Gorena, izenak dioen moduan, gauza guztien gainetik dago. Bera da Ali Jamenei entzutetsua.

1979ko Islamiar Iraultza osteko 8. hauteskundeak izan dira aurtengoak. 30 urte joan dira dagoeneko, baina hauteskunde guztien oinarrian eztabaida berdina dago beti: iraultzarekiko erreformak (islamismo moderatua eta askatasun handiagoa) ala iraultzaren oinarriak bere horietan mantendu.

Aurtengo hauteskundeak horrelakoak izan dira baita ere eta, nahiz eta Ahmadinejaden gobernua oso zentzurazalea izan, inoiz baino kanpaina aberatsagoa izan da aurtengoa. Aurrekoetan ez bezala debateak egon dira aurten eta oposizioko hiru hautagaiek presidentea kritikatzeko baimena izan dute, bai eta beren programak azaltzeko aukera ere. Haatik, Ahmadinejadek 10 aldiz estaldura informatibo handiagoa izan du Iranen bere aurkariek baino. Iranetik kanpo, Mendebaldeko komunikabideek Ahmadinejad eta Mousavi hautagaiei Karroubi eta Rezzaeri baino askoz ere presentzia handiagoa eman diete.

2009: Hauteskunde isilak?

Iranen kartel politikoak kaleetan pegatzea legez kanpokoa da; hauteskunde kanpainan ere bai. Beraz, herrialdearen itxura ez da asko aldatzen hauteskunde garaietan. Ohikoegia da  interneteko zenbait webgune blokeatuta aurkitzea ere eta, ekainaren 12ko ingurumari hartan, gizarte-sare garrantzitsuenek funtzionatzeari utzi zioten: facebook, twitter, multiply… baita mugikorren SMS zerbitzua ere. Iraniarren arteko komunikazioa moztu nahi zutela ematen zuen. Hori gutxi balitz, Mousavik, oposizioko hautagai indartsuenak, bozkatu osteko prentsa aurreko deklaraziorik ezin izan zuen egin. Zergatik? Bada, bera zegoen lekuko argindarra era ulertezinean desagertu egin zelako. Hor hasi zen giroa berotzen. Hor eta, hauteskundeak hasi eta ordu gutxira, inkestek Ahmadinejadi garaipen erabatekoa aitortzen hasi zirenean.

Teheran gori-gori

Hauteskunde egunaren ostean Mousavik iruzurrari men egingo ez ziola aldarrikatu zuen eta ekainaren 15erako hiri handienetan bazeuden jende pilaketa erraldoiak. Meritu bikotza zuen jendeak: alde batetik manifestazioak legezkoak ez direlako Iranen eta, bestalde, internet eta mugikorren zerbitzuak oso mugatuta zeudelako. Honi gehitu behar zaio herrialdeko telefono gehienak zulatuta daudela: alegia, kontu handiz ibili behar dela telefonoz esaten denarekin, are gehiago giroa gori-gori dagoenean.

Manifestaldi baketsuak nola bihurtu odoltsu

Mousavik biolentziarik gabeko manifestaldi lasaiak deitu zituen, baina kaleetan milioika lagun bildu ziren. Eta ez ziren denak Mousaviren jarraitzaile naturalak. Hots, lagun askok Mousavi bozkatu zuen Ahmadinejad boteretik kentzeko bide errazena zelako, ez berarekin bat zetozelako. Eta nola masak gizakia aberetzen duen, aldarteak arin berotu ziren.

Honelako egoera baten aurrean estatuko botereek egin behar duten gauza bakarra giroa lasaitzen saiatzea da. Alabaina, Irango poliziak manifestatzea legez kanpokoa dela argi utzi nahi eta oso era basatian saiatu zen kontzentrazioak disolbatzen. Harik eta, ekainaren 20an, zorritxarreko bala batek Neda Soltani gazte iraniarraren bularra zulatu zuen arte (E.O.: bideo honek irakurlearen sentikortasunari min handia eman diezaioke).

Neda Soltani: borroka baten ikur

Bukaera berbera duten bi bertsio daude Neda Agha-Soltaniren heriotzaren inguruan. Lehenengoak dio manifestaldietan parte hartzen zegoela, besteak ezetz. Datu hutsala hau, Nedaren patua zein izan den ikusita. Ez da hain hutsala, ordea, munduko hedabideek hilketa Irango Poliziari egoztea eta, Irango hedabideek, aitzitik, Britainia Handiko zerbitzu sekretuei leporatzea. Izatez, Irango komunikabideetan, hauteskunde osteko gatazken atzean Britainia Handia dagoela esaten ari dira. Horren harira, herrialde horretako enbaxadako langile iraniarrak atxilotu egin ditu Iranek.

Hain egoera korapilatsuaren erdian, eta hildako gehiago egonda ere, Neda Soltani, iraniarren egoera latzen ikur bihurtu da. Bere azken arnas hartzeak telefono mugikor batekin grabatu izanak eta interneten agertzeak lagundu egin du horretan. Bideo hunkigarri horrek oiartzun handia izan du Iranetik kanpo, baina herrialdearen mugen barnean ere bai. Neda iraniarren sufrimenduaren irudi bihurtu da, baina manifestariak lasaitzea ere ekarri du horrek. Nolabait, herritarrek nahikoa egin dute egoera salatzeko eta, orain, politikarien ordua omen da.

Interneten indarra eta arriskuak

Iraniarrek internetera sartzeko arazoak badituzte ere, beren herrialdetik kanpo dauden pertsiarrek sarea erabiltzen dute bertakoez informatzeko. Mundu mailako komunikabideek aireratzen duten informazioa ona da oro har, baina bertatik informatzeko zailtasunak agerikoak dira. Horren ordez, aurretik ere aipatutako sare-sozialek asko laguntzen dute informazioa barreiatzen. Iranetik, baten batek dena delako bideo, argazki edo testua emailez bidaltzearekin nahikoa da. Gizarte-sareren bateko erabiltzaileak horixe hartu eta eskegitzea baino ez du. Horrela zabaldu dira herrialde islamiarretik irtendako irudi ezagunenak.

Hala eta guztiz ere, internetek baditu arriskuak; era berezian, gainera, askatasuna bere osotasunean onartzen ez duen erregimen baten inguruan ari garenean. Sare-sozialetako erabiltzaile iraniarrek, asteotan, ezizena aldatu egin dute: izen-abizenak agertu beharrean, izena eta “iraniarra” jartzen hasi dira. Bi arrazoi nagusirengatik: herrikideei elkartasuna adieraztearren eta, badaezpada ere, ezizenekin ezkutatzeko. Baina, joera honek ere, Teherango manifestari kopuruaren antzera, behera egin du. Irango gobernuak atzerrian bizi diren persiarrak kontrolatuta dituenaren ustea zabaldu da sarean; eta manifestarien aldeko aldarriak interneten jartzeagatik zerrenda beltzak egiten hasiak direla ere uste da.

Nork bozkatzen du Ahmadinejad?

Mahmoud Ahmadinejaden jarraitzaileak kontserbadoreak dira eta erlijio kontuetan muturrekoak. Baina honetaz aparte, ezin ahaztu presidenteak nekazal zonaldeak ekonomikoki asko lagundu dituela eta gizarte laguntza garrantzitsuak bideratu dituela. Klase ertain-baxuko profila du Ahmadinejaden jarraitzaile prototipoak eta, erlijio kontuetan muturreko guztiak berarekin daude.

Nork bozkatzen du Mousavi?

Oso jende mota desberdina bildu da gizon honen atzean. Zergati nagusia: Ahmadinejad boteretik kentzeko aukera zuen bakarra zelako. Hala ere, gizartearen erradiografia egingo bagenu, klase ertain eta goi mailako jendea bildu da Mousaviren inguruan. Ideologikoki oso aberatsa da Mousaviren masa soziala: erlijiosoak, unibertsitate irakasleak, enpresariak, nekazariak… bizitzaren ikuspegi erabat desberdina duen jendea azken batean.

Nork bozkatzen ditu Karroubi eta Rezzae?

Karroubik ere jarraitzaile asko ditu, ez ordea Rezzaek. Karroubi erlijiosoa da, baina erreformista, hala ere. Ez ditu bere ideia erlijiosoak inposatu nahi. Horretan eta emakumeen alde proposatutako neurrietan datza bere arrakastak. Bestalde, Rezzaeren jarraitzaile kopurua hain da murriztua ezen analisia egitea ere konplikatua den.

Askatasuna, emakumeak eta erlijioa

Mugatua dute askatasuna iraniarrek, bereziki kanpoko itxurari dagokionez. Kontserbadoreentzat oso gai garrantzitsua da iraniarren itxura eta horretan dira temati. Ez dituzte joera berriak onartzen eta, interneteko bideo batzuetan ikus daitekeen moduan, zenbaitetan, gizonezko batek ile luzea izateak ondorio latzak dakartza. Hala ere, bideo hauek ez dute ohikotasuna adierazten; kazetaritzaren oinarri bat hona ekarriz: txakurrak umea haginkatzea ez da albiste, bai ordea umeak txakurrari kosk egitea.

Emakumeen bizitza gizonezkoenaren parekoa da, kontrakoa pentsatu badaiteke ere. Emakumeek gizonezkoek beste askatasun dute ikasi, lan egin edota gidatzeko, inguruko herrialde islamiarretan ez bezala. Baina, hijab-a behartuta dago. Alegia, ilea estaliko dien zapia janztea derrigorrezkoa da. Inguruko herrialde islamiarretan ez bezala, beste behin ere.

Ideia hauen atzean erlijioa dagoela esan beharrik ez dago. Hala ere, muturreko islamismoarekin bat datozenak asko badira ere, ez dira gehiengoa Iranen, ezta gutxiago ere. Datu honek kolokan jartzen du azken hauteskundeetako zilegitasuna.

Iran, munduaren arabera

Mendebaldekook Irani buruz dugun irudia nahiko erdipurdikoa da; orografikoki, jendeak duen basamortu ideiatik hasi eta bertakoen egunerokotasunarekiko jarreraraino. Iran iparraldeak Euskal Herriarekin antz handia dauka eta, hedabideetan hainbestetan agertzen diren beltzez jantzitako Mula horiek, ez dira kalean topatuko dituzun pertsona ohikoak. Irudi hori zabaldu eta inposatu nahian dabil Ahmadinejad baina, eguneroko bizitzan, edozein herrialde modernoren antzekotasun handia du Iranek. Horren adibide, herrialdea bisitatzen duten bidaiari gehienen iritzi positiboa da.

Ahmadinejad, hauteskundeak, Iran, Karroubi, manifestazioa, Mousavi, protestak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude