Internet, boterearen etsai

NDk0NA==

Azken hilabeteotan gertatutakoek (Egipto, Libia, Argelia, Maroko…) argi utzi dute XXI. mendeko iraultza eta mobilizazioak ez direla kalean soilik izan ezta izango, Interneten ere sortu eta hedatzen direla. Sarea gero eta indar handiagoa hartzen hari da, batez ere blogei eta sare sozialei esker, jendea biltzeko botere ikaragarria dute eta. Agintariek ondo baino hobeto dakite hori, batez ere demokrazia amets hutsa den herrialdeetan edota ustezko demokrazia dutenetan; horregatik, Internet eta bere “biztanleak” kontrolatzeko egiten dituzten ahaleginak etengabeak dira.   

Hugo Chávez: “Internet estatu kolpeak eta guzti emateko erabiltzen da”. “Internet ezin da gauza librea izan, non edonork edozer egin eta esan dezakeen”.  

Reporteros Sin Fronteras: “Kubak blogariei beldur gehiago die disidente tradizionalei baino”.  

Catherine Baber, Nazioarteko Amnistiaren Asia eta Ozeaniaren Programarako zuzendariondokoa: “[Txinako] Agintariak ez dira disidente beteranoak soilik atxilotzen ari, ziberaktibisten belaunaldi oso bat isilarazten saiatzen ari da ere”.  

Reporteros Sin Fronterasen arabera, ondoko herrialde hauek dira Interneten etsai nagusiak:  Birmania, Txina, Kuba, Iran, Ipar Korea, Saudi Arabia, Siria, Turkmenistan, Uzbekistan eta Vietnam. Bestalde, Australia, Egipto, Frantzia, Libia, Errusia, Tailandia, Tunisia, Turkia, Venezuela edota Arabiar Emirerri Batuak zaintzapean daude Interneten lagun oso onak ez izateagatik.   

Adierazpen askatasuna, atxilotuta    

Maikel Nabil, 25 urteko blogari egiptoarra, martxoaren 28an atxilotu zuten “indar armatuak kritikatzeagatik eta informazio faltsua zabaltzeagaitk”. Siriak Ahmad Hadifa 28 urteko kazetaritza ikaslea (ezizena: Ahmad abu Al-Kehir) otsailaren 20an atxilotu zuen. Gaztearen delitua Siriako blogarien gaineko errepresioa salatzea eta Bashar Asaden erregimenari aldaketa demokratikoak eskatzea izan zen. Azkenean, Ahmad Hadifa askatu egin zuten lau egin kartzelan pasa eta gero; baina inork ez daki ezer atxilotutako gainontzeko blogari siriarrei buruz, Firaz Akram Mahumd, Ahmed Ben Farhan eta Ahmed Ben Abdelhalim, besteak beste.

Irudia | Free internet | striatic | Creative Commons By SA

Zer duzu buruan “Internet, boterearen etsai”-ri buruz

  • Arrazoi duzu Internetek azken urteotan, eta batez ere arabiar matxinadetan izan duen garrantziaz.

    Hala eta guztiz ere, ez nuke internet boterearen etsaia dela horren argi adieraziko, gogoratu Egipton internetekin gertatu zena, gobernuak berak itxi zuen konexioa matxinadak ahultzeko helburuarekin. Azken finean, interneteko azpiegitura nagusia gobernuen eskuetan egon ohi da. Sare berriak (ez dut uste ezeren alternatiba garenik) eraikitzen gabiltza guifi.net (http://guifi.net/) (http://euskalherria.guifi.net/) proiektuan.

    Hau izan da, hain zuzen ere, mugimendu sozial batzuetan software librea eta telekomunikazio teknologiak sustatu nahi izan dugunetan aurkitu dugun lehen oztopoa. Aktibista horientzat internet kapitalismoaren asmakizun maltzurra zen jendea engantxatu eta kontrolatzeko. Orduan ez zekiten internet erabiltzeko hamaikatxo modu zeudela, gaur argi ta garbi ikusten da internetek duen papera aktibismoan.

    Argi daukagu sarea medio oso potentea dela gure mezua helarazteko eta gure borrokak aurrera eramateko, baina erne ibili beharra daukagu, kontrol soziala eta gobernuen hariak geroz eta sustraituago daude sarean, baina hacktibismoa ere. Hor dauzkagu “La Quadrature du Net”, “Wikileaks”, “Hacktivistas” edo hain famatu bilakatu den “Anonymous”.

    Boterearen etsaia berez ez da internet, internautak dira, azken finean, gu bezalako herritarrak. Eszenatoki berrietan lanean ari garen herritarrak.