Alepo, hiria hauts

Alepo, hiria hauts

Olympia jatetxe bat da, Alepo hirian dagoena. Ez dut inoiz bertan jan, ez bainaiz Sirian sekula izan, eta beraz, ezingo dizuet bertako sukaldaritza gomendatu. Izan ere, bertako argazki menua da ezagutzera eman nahi dudana.

Alepo hiri zaharrari gorazarre egiten dio Olympia jatetxearen Facebook orrialdean dagoen argazki bildumak.

Argazkiak bikoteka antolatzen dira. Batetik, hiri zinez ederra da begien aurrera agertzen zaiguna, Alepo bizi eta aberatsa, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuena. Bestetik, egungoa, gudak erabat suntsitu duen Alepo, hauts bihurtutako hiria.

Siriako hiri nagusia da Alepo, kokapen estrategikoa eta aintzinarotik historia oparoa duena, herrialdeak hiriburu Damasko badu ere. 2012ko uztailaren 19an gatazka armatu bortitza piztu zen hirian, Siriako ejerzitoaren eta errebeldeen artekoa, eta ordutik deboiladura ikaragarria pairatu du.

Duela 10 urte bi milioi bizilagunetik gora zituen hirian asko dira hildakoak, eta asko, bizirik direnen artean, Europarako bidean ihesi datozenak ere. Gaur, 300.000 lagun inguru ei daude preso Alepon, hiriak pairatzen dituen bonbardaketen menpe. Eskumako argazkietan txikituta ikusten ditugun etxeetako leiho bakoitzak bizitza bat gordetzen baitzuen ezkerreko argazkietan.

Alepo, hiria hauts
Alepo, hiria hauts