Hil arte dantzan

Hil arte dantzan

Galder Gonzalez txiolari aktiboa da sarean (@theklaneh), eta askotan ikusi dugu inongo konplexu edo beldurrik gabe sartzen eztabaidetara; bere izen eta abizen errealak agerian jarrita, gainera, eta dakizun gisan hori ez da usu gertatzen sare sozialen esparruan. Baina askotan dituen hil ala biziko eztabaidez gain, kuriositate ugariren berri ere ematen du.

Wikipediari ekarpen handia egin dio, eta Zuzeun ere makina bat aldiz idatzitakoa da.

Pasa den igandean ez sinesteko txio hari hau zabaldu zuen:

Wikipedia irakurtzen ilustratzen gera. Alsazia garai hartan Germaniako Erromatar Inperio Santuaren parte zen. Bertan jazotako ez-ohiko egoera horri koreomania deitzen zaio: dantzamania, dantzaren gaixotasuna edo San Vitoren dantza. XIV eta XVII mendeen artean Europan gertatutako fenomeno soziala izan zen; pertsona talde handiak etengabe dantza egiteko biltzen ziren. 1374. urtean kokatzen da gertakari honen hasiera, Aquisgranen (Alemania).  Honela kontatzen digu afera Wikipediak:

Hil arte dantzan
Hendrik Hondiusen koadroa

Epidemiaren hasiera 1518ko uztailan izan zen, Troffea izeneko emakume bat Estrasburgoko kaleetan sutsuki dantzatzen hasi zenean. Lau eta sei egun artean dantzatzen eman zituen. Aste horretan zehar beste 34 pertsona batu zitziazkion, eta hilabete baten buruan 400 dantzari inguru zeuden bertan, batez ere emakumeak. Horietako batzuk hil ziren bihotzekoak jota, garun-isuriengatik edo akiduragatik Garaiko testu baten arabera egunero hamabost pertsona inguru hiltzen ziren dantza izurritea dela eta.

Dokumentu historikoek, euren artean medikuen oharrak, katedraleko sermoiak, kronika lokal eta erregionalak eta Estrasburgoko udalbatzaren oharrak, argi uzten dute biktimak dantzan ari zirela. Ez dakiguna da zergatik ari ziren dantzan, eta zergatik egiten zuten dantza heriotzera arte.

Izurriteak okerrera egin zuen eta nobleziako hainbat kidek eta bertako medikuek errua gai supernatural eta astrologikoei egotzi beharrean “gaixotasun natural” bat eta “odol beroa” izateari egotzi zioten. Hala ere ez zuten odol-ateratzerik agindu. Autoritateek erabaki zuten sendatzeko onena dantzatzen jarraitzea izango zela, eta horretarako bi aterpe eta merkatu bat ireki zuten, eta handik gutxira egurrezko eskenatoki bat. Autoritateen ustez dantzariak sendatuko ziren egunez zein gauez dantzatzeko aukera baldin bazuten. Horregatik udaletxeak, sendatzeko modu hau indartzeko, musikariak kontratatu zituzten gaixoek dantzan jarrai zezaten.

Artikuluak ez du esaten erremedioa gaixotasuna baino okerragoa izan ote zen edo ez; baina beno, musika banda jarri zuten, eta dantzariak, uneren batean, joan ziren plazatik, bizirik edo hilda. Asteburu honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta gaur goizean Bartzelonako plazara dantza egitera atera diren guzti horiek ere joango lirateke etxera, eskatzen dutena emanez gero: hautestontziak.

Estrasburgon ulertuko dute; bestela, agian, hil arte egingo dute dantza.

Hil arte dantzan

Hil arte dantzan