Hil arte bizi

Hil arte bizi

Orain dela urtebete lagun batekin berbetan ari nintzen. Ez dakit zer galdetu nion, tontakeriaren bat ziur aski, eta zera erantzun zidan: “ezin dizut orain erantzun, nire ama hil berri da”. Arropa eskegiko zuenaren antzera erantzun zidan, eguneroko tramite bat balitz bezala, eta barkatzeko eskatzea baino ez zitzaion falta. Telefonoa hartu eta deitu egin nion. Ama onkologikoan zegoela hil zen. Medikuaren zain zegoen eta bat-bateko kontua izan zen. Inork ez zuen espero eta ustekabeak mingarriagoa bihurtu zuen unea; heriotzaren modus operandiak galera mingarriago bihurtu ahal izan balu bezala.

Hil arte biziGaur hotz itzartu naiz. Gau freskoa izan da Bilbon. Iratzargailuak jotzean irratia piztu da eta albistegiaren marmarrak entzun ditut: Nizan 84 hildako egon direla, tipo batek kamioi batekin harrapatu dituela eta bere nortasun agiria kamioian agertu dela gorpuaren ondoan. Lanera heltzean ordenagailua zabaldu eta Le Monden irakurri dut Nizan bi simulakro egin zirela atentatuak saihesteko: bat inauterietan eta bestea Eurokopako atarian. Urak ere zelatan zeuden eta uretan sartzen ziren itsasontzi guztiak arakatzen zituen poliziak.

Onkologikoan bezala, munduko neurri guztiak ez dira nahiko izan.

Nik-neuk askotan neure heriotzaren gainean gogoeta egin dut eta egutegiari begira ohartzen naiz neure heriotza-eguna 26 edo 27 bider bizi izan dudala. Beldurra ematen dit baina burusoila izango naizen moduan, egunen batean neure eskuak gorpu baten parte izango dira eta beste defuntu bat bilakatuko naiz. Bizitzaren zikloa da, naturaren partea. Horrela da eta horrela onartu behar dugu, beldurrez bada ere. Ordura arte dantzan, dantzan eta dantzan jarraituko dut, heriotzak bizitza nitarrekin disfrutatzen harrapa nazan, Parisen edo Nizan parrandan ari zirenak bezala. Horrela esango dute hil arte bizi izan dudala.

PD: Argazkia hemendik atera dut

Hil arte bizi

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.