Gazta, bere osotasunean

Yuri Gagarin: “Zerua ilun-ilun ikusten da eta Lurrak tonu urdinxka du. Kosmotik, garden ikusten da Lurra, irlak eta kostaldea garbi-garbi bereizten dira, baita mendiak ere”.

 

Milioi eta erdi kilometroko distantziatik, Espazio Sakoneko Klima Behatokitik argazki eder bat egin diote Lurrari, planeta urdinxka agertzen duena, aire molekulek eguzki izpiak sakabanatzearen ondorioz hartu duen kolorea (klikatu osorik ikusteko):

www.nasa.gov/image/187_1003703_africa_dxm.png

Lehen begiratuan, argazkiak ez du ezagutzen ez genuen ezer agertzen, eta batek baino gehiagok galdetuko zenuten zeuon horretan… zer du ba honek berezia?

Kontua da uztailean NASA-k ezagutzera eman eta lerro hauen gainean duzuen argazkia dela milurteko honetan Lurrari bere osotasunean egin zaion lehendabizikoa. Eta beraz, jada abuztuan sartuak garen arren, primizia bat dakarkizuegu, jaun andreok!

Azken milurtekoan esan dugu, 1972an Apolo 17 misioan harrapatu baitzuten azken aldiz Lurraren disko osoa. Orduko hiru astronautek 35 milimetrotako Nikon kamerak erabili zituzten, Kodak argazki-filma zituztenak, eta egun lau megapixeleko CCD zentsoreak dituzten eta hamar argi banda gordetzeko gai diren tresnak erabili ditu DSCOVR sateliteak -ultramore ikusezina eta infragorri hurbilaren uhinak tarteko-. Horregatik ei da, adituen esanetan beti ere, hain harrigarria ezagutzera eman dizuegun argazki ederra.

AEB-etako espaziorako agentzia bereziak ez ezik, badira Lurrari argazkiak egin-eta egin dabiltzan beste batzuk ere. Hayabusa japoniar espazio-ontziak, esaterako, 2004an egin zuen Lur osoaren argazki bat. Eta 2015eko urtarrilean, herrialde bereko Himawari-8 satelite meteorologikoa, Lurraren disko osoaren argazkiak egiten hasi zen, hamar minuturo bat.

Primizian saldu dugun irudia bestek askok ere egina dutela-eta, oporretan ahalik eta urrunen joan eta auzokoa bertan topatu bazenute bezala sentituko zarete batzuk; baina badakizue, oporrik gabe gelditu garenontzat… argazkiekin ere, gaitz erdi.

Urte hasieran jaurtitako DSCOVR satelitearen eginbeharra zientifikoa bide da, Lurra eta Eguzkiaren arteko eguzki-haizea neurtzea. Eta Lur osoaren argazkiak egitea, gutxienez bat egunero; ez da gutxiagorako. Gogoratu, Yuri Gagarin berak, Vostok I kapsulan erdi kokoriko, espazioan zela esan ei zituen lehen hitzak: “Lurra ikusten dut; hain da ederra!”.

 

Zaldibobo “Basajaun” (Elkar, 1992):

“Lurra”

Lurra da gure alaba
lurra da gure ama
lur ahizpa, lur arreba
lurra gu, lurra gara.
Ez ehortzi gure lurra
gu bait gara lurra bera
Lurra da gure alaba
lurra da gure ama.

Oker goaz aurrera
gure lurra hiltzera,
biziaren sorrera
ez igorri lurpera.
Ez ehortzi gure lurra
gu bait gara lurra bera.
Oker goaz aurrera
gure lurra hiltzera.

Tribuak, zenbat tribu,
baleak, zenbat bale.
Zenbat ur. zenbat oihan
zenbat hil behar dira?
Munduak uler dezab
ezin duela izan.

Alda zaitezte dena
sentimen eta buru
adimen eta inguru
alda ezazue dena
Ez ehortzi gure lurra
gu bait gara lurra bera.
Adimen eta inguru
alda ezazue dena.

Gazta, bere osotasunean