Garoña, 2013ra arte zabalik

Garoñako zentral nuklearra
Garoñako zentral nuklearra

Miguel Sebastián Industria ministroa izan da gaur arratsaldean komunikabideen aurrean agertu dena. Ikusmina handia zen. Izan ere, azken aldian, zalantza ugari zegoen erabaki honen inguruan eta, azkenean, hartutako neurria ez da inoren gustukoa izan. Garoñako zentral nuklearrak datozen lau urteetan zabalik eta funtzionatzen jarraituko du eta 2013an itxiko dute.

Espainiako gobernuaren esanetan, “ondo pentsatuta eta arrazoiz hartutako erabakia da” eta, orain, “lehentasuna”, Garoñak zuzenean eta zeharka sortutako lanpostuak babestea da.

Bere aldetik, Garoñako zentral nuklearra kudeatzen duen Nuclenor enpresak (Endesak eta Iberdrolak %50ean osatutakoa) iragarri du epaitegietara joko duela eta kalte-ordainak eskatuko dituela. Nuclenor-en esanetan, “Espainiako gobernuak, legez, ez dauka eskubiderik Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak egindako txostenak dioenaren aurka joateko”.

Ekologistak ere ez daude pozik hartutako erabakiarekin. Greenpeace-en esanetan, “Zapatero presidenteak amore eman du lobby nuklearraren aurrean, borondate politiko eskasa eta inkoherentzia erakutsiz”.

Ez dakit zergatik, baina ematen du oraindik ez dela esan Garoñaren etorkizunari buruzko azken hitza.