«Fianna Failen estualdia Sinn Feinen aukera da»

Henry McDonaldek nabarmendu duenez, Irlandako atzeralditik ihes egin nahi duten irlandar gazte trebatuak Kanadara eta Quebecera joaten dira, bizimodu hobe baten bila. Hari horretatik tiraka, Fianna Fail zentro-eskuineko alderdiaren gaur egungo egoera 1990eko hamarkadan Kanadako kontserbadoreek izan zuten porrotarekin alderatu du. Bi ordezkari bakarrik lortu zituzten eta politika arloko adituek desagertu egingo zela uste zuten, baina berriz ere agintean dago. Fianna Faileko jarraitzaileek ere berpiztea espero dute. Hala ere, McDonalden ustez, denbora luzea beharko dute horretarako.  

«Fianna Failen estualdia Sinn Feinen aukera da, noski», adierazi du Henry McDonaldek. «Sinn Feinek Fianna Failen aurkako uholde masiboari etekina atera dio eta haren oinarri tradizionala den langile klasearen botoak bereganatu ditu, adibidez, Dublingo erdialdean eta ipar-mendebaldean. Sinn Feinen jomuga, ordea, ez da datozen hauteskundeetan Fianna Fail lurperatzera mugatzen. Zalantzarik gabe Alderdi Laborista gogor kritikatuko du, espero den bezala Eamon Gilmorrek zuzentzen duen alderdiak Fine Gaelekin koalizioa osatzea eta hurrengo gobernua osatzea erabakitzen badu».

Fine Gaelen eta Alderdi Laboristaren arteko gobernuak inoizko gehiengo zabalena izango luke Legebiltzarrean (Dail, irlanderaz), baina baita erronka handiak ere. McDonaldek dioenez, hazkunde ekonomikoa lortu, langabezia-tasa neurri handi batean murriztu, herritarren ongizate sentipena berreskuratu, eta «bankari batzuk kartzelan» sartuz gero, 2016ean berriz ere bozak irabaz ditzakete. Aldiz, herritar arruntengan aldaketa positiborik eragiten ez badute, beste «hautestontzietako iraultza demokratiko» bat bultza dezakete. «Ez pentsa iraultza hori Fianna Failek zuzenduko duenik, herritarren oroimenak alderdi hori herrialdeko kaos ekonomikoaren eta fiskalaren erantzuletzat jotzen jarraituko baitu. Alde batetik Sinn Feinek eta, bestetik, Ezkerreko Aliantza Batua sortu berriak (Dail berrian bost ordezkari dauzka) aterako diote etekinik handiena». Sinn Fein oso sendotuta dago, eta etorkizunean hazten jarraitzeko ahalmena dauka.    

Ekonomia alderdi guztien ahotan izan da hauteskunde kanpainan; bada, ordea, ia erabat ahaztutako gai bat, Irlanda iparraldearena eta, horri lotuta, uhartearen batasunarena, nahiz eta Sinn Feineko zenbait eledunek salatu duten. Hauteskunde eguneko gauean, Sinn Feineko jarraitzaileek «bidean gaude» aldarrikatu zuten, Irlanda batua gogoan.  

Sinn Feinek, eta iparraldeko gainerako alderdiek, beren indarra berriz neurtuko dute laster. Izan ere, maiatzaren 5ean, legebiltzarrerako bozak dituzte.

Sinn Feinen aukera

Irudia | Sinn Feinen aukera | info-wars | LGPL

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Zer duzu buruan “«Fianna Failen estualdia Sinn Feinen aukera da»”-ri buruz

  • Irlandako alderdi nagusien gaineko historia pittin bat eta bitxikeria batzuk jakinez gero, hona hemen Sinn Feinen 100. urteurrenean (2005ean) Berria egunkarian idatzi nuen erreportajea. Azpiko lerroetara paragrafo sortatxo bat ekarri dut, baina erreportajea osorik irakurtzeko helbidea ere jarri dizuet. Gainera, mugimendu errepublikanoko beste eragile nagusiaren, IRAren ibilbide historikoa (2007 artekoa) irakurtzeko esteka ere topatuko duzue beheitiago.

    Nabarmentzekoa da bai Fine Gael bai Fianna Fail alderdiak Sinn Feinen zatiketetatik sortu zirela, 1920ko hamarkadan. Zatiketa gehiago izango zituen SFk urteetan zehar, bereziki 1969an (Sinn Fein ‘Provisionala’ eta Sinn Fein ‘Ofiziala’), 1974an (Sinn Fein Ofizialetik IRSP), 1986an (Republican Sinn Fein), 1998an (32 County Sovereignty Committee)…

    Nabarmendu dudan paragrafo sorta:

    “(…) 1918ko abenduan Erresuma Batuan eginiko hauteskunde orokorretan Irlandak zituen 73 diputatuen %70 eskuratu zituen Sinn Feinek, 497.107 botorekin. Alderdirik bozkatuena izan zen uharte osoan, unionisten aurretik (hauek Irlandako iparraldeko konderri batzuetan nagusitu arren), eta Dublinen Irlandako Legebiltzarra abiatu zuen.

    Ondorioz gerra piztu zen errepublikanoen eta Erresuma Batuko Armadaren artean. 1921ean su-etena sinatu zuten, eta gutxira Irlanda zatituko zuen ituna. Honek, Irlanda ez ezik (26 konderri de facto independente eta sei konderri Londresen aliatu unionisten eskuetan utzita), Sinn Fein eta IRA ere zatitu zituen, eta gerra zibila piztu. Michael Collins IRAko buru eta SFko diputatuak eta Griffithek ituna onartu zuten; De Valerak errefusatu zuen. Collins Irlanda hegoaldeko presidente izendatu zuten, Cummann na nGaedheal (Gaeldarren Elkartea) alderdia osatuta. Borroka lagun ohiek segada batean hil zuten, 1922ko abuztuaren 22an; Griffith 10 egun lehenago eraman zuen gaitz batek.

    Errautsetatik berpiztua

    1923an gerra galdu zuela onartu eta garai hobeetarako gorde zituen armak IRAk. Sinn Fein, aldiz, indarge geratu zen, areago 1926ean De Valerak alderdia utzi eta Fianna Fail (Patuaren Soldaduak) sortu zuenean. 50eko hamarkadan bozetan gora egin zuen SFk hegoaldean, baina ez zuen hala luzaro iraun. (…)”

    http://paperekoa.berria.info/papera_inprimatu.php?htmla=BERRIA&urtea=y2005&hilabetea=m03&eguna=d20050305&orria=p00026022

    IRAren ibilbide historikoa:

    http://www.berria.info/albisteak/32674/erreportaia_irlandako_errepublikanoen_borrokaren_lekukoa_eskuz_aldatu_zenekoa.htm