Erdstall – Europa roquefort bat da

Erdstall – Europa roquefort bat da

Europa roquefort gazta bat da, eta ez usainarengatik.Erdstall Egia aitortuko dizuet hasieratik: niri istoria hau sinesgaitza egiten zait. Ematen diodan zilegitasun apurra Historia telebista katea atzean dagoelako da, eta hau ez zaidalako iruditzen manipulatu eta ipurdiz goa jarri beharreko historia denik klase edo inperio baten interesak babesteko.

Informazio honen arabera Erdstall Europa goitik behera eta ezker eskuin zeharkatzen duen tunel sare ikaragarri handia da. Misterio bat omen da ikertzaileentzako, ezin baitute asmatu nork egin zituen eta zergatik. Sinesmen zaharren arabera ipotxek eta elfoek eraiki omen zuten, baina tesi horretan Cuarto Mileniokoak dabiltza lanean buru-belarri.

Lurrazpiko igarobide korapilatsu eta amaiezina omen da, eta ikertzaileen arabera 12.000 urte inguru dauzka. Harriaren aroan eraikitako azpiegitura da, beraz, eta zutik dirau osasun onez. Europa zeharkatzen omen dute milaka tunelek, Eskoziatik hasi eta Turkiaraino. Tunel hauek kasu askotan 70 zentimetroko diametroa omen daukate, baina ba omen daude sektore handiagoak, biltegi bezala erabiliko zirenak seguraski.

Lambert Karner (1841-1909) esploratzailea izan zen tunel hauen existentziaz jabetu eta sator lanak egiten hasi zena. Batzuek babesten dutenaren arabera, tunelen zeregina animalien aurka babestu eta distantzi luzeak salbu egitea zen.

Konforme. Baina duela 12.000 urte ez zegoen horrelako tunel sare ikaragarria halako azalera zabalean gauzatzeko koordinaziorik zeukan herririk. Bestalde, harri aroan nolako tresnak erabiliko zituzten harria horrelako kantitateetan zulatzeko? Harrizkoak? Funtzioaren inguruan ere zalantza asko dauzkat. Beharbada estraperloa mugak eta merkatu librea baino lehenago asmatu zen, ez dakit; edo Segoviako ihesa antolatzerako garaian agian pixka bat pasa ziren, edo Vietcongeko gerrillariek gaizki interpretatu zituzten zulatze planoak, dena da posible.

Historia telebista kateak horrelako gauzak serio tratatzen zituelakoan nengoen, baina tamainako albistea dozena erdi bat paragrafoko azalpenarekin ez dator bat. Beharbada gai honen inguruan gehiago ilustratu gaitzakeen Zuzeulari kuttunen bat egonen da… eta egia bada pasa infomazioa Mazedonia eta Grezian dauden errefuxiatuei, otoi.

Erdstall – Europa roquefort bat da