Enpresa baten aurkako kereila tramitera onartua, homofobia kasu batengatik

justizia, by mira 66, Flickr
justizia, by mira 66, Flickr

Epaileak “delitu” zantzuak sumatu ditu Garner KG enpresako zuzendaritzako bi kideren jarreretan. “Lankide bat homosexuala dela esatea ez da iraingarria, gaixo deitzea eta arrazoi horregatik kalera botatzeko ahaleginak egitea, bai ordea”, dio autoak. Bi arduradunen eta enpresaren aurka aurkeztu dute helegitea.

Bartzelonako egoitzan lan egiten duen Austriako arduradunaren aburuz, kaleratutako bi gizonezkoak “ahalik eta kalte-ordain handienaren bila” ari dira. Bera ez omen da homofoboa eta hori frogatzeko emandako arrazoia honakoa: hala balitz ez lituzke Bartzelonan hamar urte jasango.

Jurisdikzio penalean, lehen aldiz, epaituko da enpresa bat jarrera homofoboa izateagatik. Baina gertatu dena gertatu dela, akusazioarentzat ez da erraza izango diskriminazioa eta tratu iraingarria frogatzea.

Abusuzko jarrerak edota lan munduan mobbing bezala ezagutzen den jazarpena frogatzea oso zaila da. Nekez lortzen dute, sexu, erlijio, arraza edo dena delako arrazoiengatik diskriminazioa jasaten dutenek hori epaile baten aurrean frogatzea. Hori horrela, mobbing kasuak handitzen ari diren arren, salaketa kopurua ez da areagotu. Askok, hasi aurretik galdutzat ematen baitute gudua. Lan-jazarpena, gainera, krisi garaian handitzen den fenomenoa da, bidegabeko iraizpen salaketak saihestu eta langileak euren “borondatez” lana uzteko.

Lan munduaren panorama honen erdian, halako notiziek enpresariei zigorgabeak ez direla gogorarazteko balio dezakete. Bitartean justiziak halako kasuak frogatu ahal izateko bideak nola erraztu daitezkeen ikertzen jarraitu beharko du.