Emakumearen gutxiagotasun mentala

Emakumearen gutxiagotasun mentala

Atzo, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen zela-eta, Marta Machok Zientzia Kaieran idatzitako sarrera:

.

«Emakumeak ez dio batere ekarpenik egin zientziaren garapenari, eta alferrik da etorkizunean harengandik ezer espero izatea»

Paul Julius Moebius

.

La inferioridad mental de la mujer du izena Paul Julius Moebius (1853-1907) neurologo eta psikiatra alemaniarrak 1900. urtean argitaratutako Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes panfletoaren gaztelaniazko bertsioak -Emakumearen adimen-elbarritasun fisiologikoari buruz litzateke jatorrizkoaren euskarazko itzulpen leiala-.

Emakumearen gutxiagotasun mentala
1. irudia: Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes liburuaren azala (bederatzigarren argitalpena, 1908), bai eta Carmen de Burgosek (1905) eta Adan Kovacsics Meszarosek (1982) gaztelaniara egindako itzulpenenak ere.

.

Gaztelaniaz eskuratu ahal izan dudan bertsioa Bruguera argitaletxeak 1982an argitaratutakoa da; Adan Kovacsics Meszaros du itzultzaile, eta Franca Ongaro Basaglia feminista italiarrak 1977an idatzitako hitzaurrea du. Halaber, bigarren ediziotik zortzigarrenera artekoek izandako hitzaurre guztiak biltzen ditu -horietan, Moebiusek gezurtatu egiten ditu aurreko argitalpenek jasotako iritzi negatiboak-. Horrez gain, testuaren egileak defendatutako tesiek izandako kritika positiboen eta negatiboen bilduma egiten du.

Espainian bada beste bertsio bat, Carmen de Burgosek gaztelaniara ekarria eta itzultzaileak berak prestatutako hitzaurrearekin (Sempere argitaletxea, 1904), baina ezin izan dut topatu. Nolanahi ere, saiatuko naiz bilatzen, hainbat oin-ohar baititu Moebiusen tesia gezurtatzeko.

Moebiusen sindromea izenaz ezagutzen dugun gaixotasun neurologikoak Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena; Moebiusek batez ere neurofisiologiaren eta endokrinologiaren alorretan lan egin zuen. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko «argudio zientifikoak»; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen «normaltzat»). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) -eta haren alaba Gina Ferrero mediku eta idazlearenak (1872-1944)- edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896).

Hurrengo lerroetan Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri emango ditut:

«Alderdi mentala gutxi garatuta duten gizonezkoetan (beltz baten kasuan, esaterako), emakumearen lobulu parietalean topatutako datu anatomiko berberak ageri dira».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (7. orrialdea)

.

«Alderdi guztietatik ere, erabat frogatuta geratzen da emakumeek gutxiago garatuta dauzkatela zerebroaren zenbait alde, bizitza mentalerako garrantzi bizia dutenak; hala nola lobulu frontalaren eta tenporalaren zirkunboluzioak. Alde hori jaiotzetik ageri da».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (8. orrialdea)

.

«Oinarrizko aldeetako bat, hain zuzen ere, instintuarekin lotuta dago, instintuak emakumeengan garrantzi handiagoa baitu gizonengan baino. […] Hartara, instintuak piztien tankerako egiten du emakumea, mendekoagoa, seguruagoa eta alaiagoa».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (9. orrialdea)

.

«Garapen orok gizona du abiapuntu. Hori dela eta, emakumeak karga astuna dira haientzat; energia guztiak baliatzea galarazten diete, ikerketa asegaitzak eta berrikuntza ausartak lausotzen, eta ekimen jatorrak zapuzten dituzte. Izan ere, emakumeak ez dauka bere kabuz ongia eta gaizkia bereizteko ahalmenik, eta usadioaren menpean ipintzen du gauza oro, “hala dio jendeak” delako horren zorian».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (10. orrialdea)

.

«Norbaitek esana dauka alferrik dela emakumeengandik ezer espero izatea; osasuntsu eta tuntun izatea besterik ez. Tankera horretako paradoxa, zakarra izan arren, egia biribila da. […] Emakume moderno buruberoak oker erditzen dira, eta ama penagarriak dira».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (17. orrialdea)

.

«Hau da, klimaterioan, emakumea zahartzen den prozesuan, gaitasun mentalak ahultzea baino ezin dezakegu espero».

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer (25. orrialdea)

.

Luze jarraituko nuke Moebiusen mespretxuzko iruzkin krudelak jasotzen eta ematen, «emakume modernoen», «atsoen» eta feministen kontrako aipu guztiak plazaratzen, baina iruditzen zait aurrekoak nahikoa adierazgarriak direla. Emakumeen aldarrikapenak gero eta maizago gertatzen ziren garaian (soldaten berdintasuna, besteak beste), ezinbestekoa zen haiek «zegokien tokian» ipintzea, nolabaiteko alegatu «zientifiko» baten bidez. Gai honekin estu-estu loturik, Carolina Martinez Pulidoren ¿Cerebro femenino, cerebro masculino? artikulua irakurtzea gomendatuko nuke (Gizonezkoen garuna, emakumezkoen garuna?).

Askok eta askok pentsatuko dute garai bateko kontuak direla; Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes 1900. urteko testua dela, egoera asko hobetu dela, argudio horiek gaindituta daudela… Baina, gogora ditzagun orain egun batzuk (2017ko martxoaren 1ean), Europako Parlamentuan emakumeen eta gizonen arteko soldata-aldeari buruzko eztabaida batean, Janusz Korwin-Mikke diputatu ultraeskuindarrak botatako hitzak, Iratxe Garcia eurodiputatuaren aldarrikapenei erantzunez:

«Badakizu zer egiteko zuten emakumeek Greziako olinpiar jokoetan? Lehendabiziko emakume greziarra, neuk esango dizut, 800. postuan zen. Badakizu zenbat emakume diren lehendabiziko 100 xake-jokalarien artean? Esango dizut: bat bera ere ez. Emakumeek, jakina, gutxiago irabazi behar dute gizonezkoek baino. Ahulagoak baitira, txikiagoak, gizonak baino adimen apalagokoak; horrexegatik irabazi behar dute gutxiago.»

Ezer esatekorik ez. Borroka eta aldarrikapena martxoaren 8rako!

Emakumearen gutxiagotasun mentala Emakumearen gutxiagotasun mentala Emakumearen gutxiagotasun mentala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.