Elkartasun politikoa oporretan

Palestina, by Lanpernas, Flickr
Palestina, by Lanpernas, Flickr

Beste herrien borroka ezagutzea eta elkartasuna adieraztea dira brigadisten helburuak, Manoli Etxeberria Komite Internazionalistetako kidearen hitzetan. Uda garaian brigadista taldeak herrialde ezberdinetara bidaltzeaz gain, Euskal Herrian ere lan egiten dute urtean zehar. Hitzaldiak, tailerrak, mobilizazioak eta erakusketak antolatzen dituzte. Kontrapartetik datorren jendeari ahotsa ematen diote eta hemen egiten dituzten egonaldietan euren herrien egoera azaldu ahal izateko plataforma gisa funtzionatzen dute.

Informazioa zabaltze hori ere, brigadisten betebeharra da, neurri batean. Brigadista gisa eginiko egonaldien ostean, ikusi eta ikasitakoa bertakoei helarazteak borobiltzen baitu Komite Internaizonalisten lana. “Bakoitzari ahal duena eskatzen diogu. Etxean eta lagunei kontatzea ere mezua zabaltzea da”, dio Etxeberriak. Brigadista batzuk hitzaldiak ematen dituzte edo komunikabideetan elkarrizketak ematen dituzte, baina ez da derrigorrezko eginkizuna.

Horrelako bidaia batean murgildu aurretik Komite Internazionalistak antolatutako tailerretan parte hartzen dute. Batetik komitearen zeregina azaltzen zaie: “Ez gara ONG-bat eta ez dugu erakunde publikoekin edo alderdi politikoekin inolako loturarik”, azaldu du Etxeberriak.

Bestetik, tokian tokiko egoera, arazoak eta brigadista gisa eginbeharrekoa azaltzen diete, baita herrialde bakoitzaren egoera politikoa ere. “Herrialde batean edo bestean brigadistak topatuko dutena oso ezberdina da eta bakoitzari bere helmugaren informazioa ematen diogu”.

Antikapitalista eta antiimperialista

Herrialdeen arteko elkartasun loturak eratzea bilatzen dute komitekoek eta borrokaren oinarria sistema neoliberalaren aurka egitea da. Kubaren kasuan adibidez, bertako iraultzaren funtzionamendua ikertzea dute brigadistek xede. Horretarako bertako sindikatuekin, herri boterearekin, emakumeen taldeekin eta gazteekin biltzen dira. Intituto Cubano de Amistad con los Pueblos deiturikoa dute bertan kontrapartea.

Palestina hizpide

Urteetan zehar Komite Internazionalistekin kolaboratu du eta iaz Palestinan izan zen Fernando Garate. Bertan, FPLP-ren (Palestina Askatzeko Herri Frontea) bidez, herriz-herri erakunde ezberdinekin bilerak izan zituztela azaldu du. Al Fatah eta Hamas alderdi politikoekin, emakumeen eskubideen defentsarako kolektiboekin eta gazteen edo presoen kolektiboekin elkartu ziren, besteak beste.

Era berean FPLP-ren Osasun Komiteetan kolaboratu zutela azaldu du: “Palestinan erakunde publikoek ezin dituzte asetu herriaren osasun beharrak. Hori horrela, talde ezberdinek, FPLP-ren kasuan bezala, gabezia horiek asetzeko mediku kontsultak, osasun sareak edo anbulatorioak antolatzen dituzte”. Horietan osasun lanaz gain, lan politikoa burutzen dute eta brigadistek helburu horretan laguntzen dute

Turismo solidarioa

Elkartasunezko turismoa da askorentzat brigadista gisa nonbaitera joatea. Baina konpromisoak mugiarazten dituen bidaia hauek gutxi dute turismotik. Etxeberriaren aburuz, jakin min politiko eta soziala beharrezkoak dira brigadista gisa bidaia batean murgiltzeko.

Datorren urtean, berriz ere, Kuba eta Palestinaz gain brigadistak herri gehiagotara bidali ahal izango dituztela espero dute Komite Internazionalistetako kideek, hango errealitateak hona ekartzeko. Bitartean, aurtengo brigadistek kontatzen dutenaren zain gelditu beharko dugu.

Komite Internazionalisten webgunean brigadisten blogak, mobilizazioak eta bestelako ekimenak topatu daitezke.

8 pentsamendu “Elkartasun politikoa oporretan”-ri buruz

  • Beno, krisiak ez die brigadak antolatzen dituzten beste erakunde batzuei hainbeste eragin. Askapenak aurten 9 brigada ditu: Sardinia, Palestina, Mexiko, Kuba, El Salvador, Venezuela, Bolivia, Maputxe herria, Uruguay.

  • Zuek eman didazue bidea: Norbaitek esplikatu dizadake Komite internazionalistak eta Askapenaren arteko aldea?
    Ildoan, helburuetan, moduetan… Beti izan dut kuriositatea eta ez dut asetzen asmatu.

  • Bale ados. Lehenengo ta behin azaldu askoz hobeto ezagutzen dudala Askapena, Komites baino.

    Artikuluak kontatzen duen moduan Iraultza Sandinistari elkartasuna adierazteko sortu ziren Komite Internazionalistak. 87an, erakundearen barnean bi ikuspuntu kontrajarriren ondorioz Askapena sortzen da. Finean, nik dakidanagatik gutxienez, Nazio ikuspuntua zen arazoa nagusia eta ezker abertzalearekiko lotura.

    Egun, antzeko lana egiten dute eta atzerrian ere kasu batzuetan kontraparte berdina dute. Nazio ikuspuntua jarraitzen du izaten arazo nagusia:

    Batak EH du markoa eta besteak espainiar estatu mailako plataformetan parte hartzen du.

    Bestetik, elkartasuna ulertzeko bi ikuspuntu dituzte:

    Batak elkartasuna joan-etorrikoa izan behar duela ulertzen du, hau da, Boliviako herriak gure elkartasuna behar duen bezala Euskal Herriak ere elkartasuna behar duela (Euskal Herriaren aldeko plataformak…) eta besteak ez du euskal “gatazka” internazionalizatzen.

    Espero zure galderari erantzun izana..

  • Neuk-ek esan bezala antzeko lana egiten dute eta kontrapartea berdina da hainbat kasutan.
    Hainbat ekimen ere batera egiten dituzte, hain zuzen ere.
    Komitesek Estatuko hainbat plataformen ekimenekin bat egin arren (No a la Guerra, adibidez), Euskal Herria da bi elkarteen oinarrizko markoa.
    Era berean, Kontraparteetara euskal gatazka eramatea da Askapenaren oinarrizko lana, eta Komitesek ere neurri batean hemengo arazoa kanpora ateratzen badu ere, bigarren mailako lana da hori. Hau da Tokian tokiko gatazkak Euskal Herrira ekartzea da euren oinarria.
    Beste oinarrizko aldea da Askapenak MLNV-rekin lan egiten duela eta Komitesek ez.

    Ez dakit honekin zure zalantza argitu dudan…

    Eli.

  • Barkatu Eli baina uste dut ez zaudela oso ondo informatua.

    Bi gauza soilik aipatu nahi ditut:

    1. Askapenaren oinarrizko lana Euskal gatazka nazioarteratzea dela ez da egia. Punto. Askapenako edonori galdetu.

    2. Komitesek bere brigadistei “euskal gatazkaren gaia” ez ateratzeko eskatzen die, iritzi desberdinak egon daitezkeela arrazoituta. Komiteseko brigadistekin hitz egitea duzu.

  • Agian oker nabil, sentitzen dut.

    Komitesekoekin hitz egin dut eta horixe azaldu didate.

    Euskal gatazkaren gaia ateratzea ere beraientzat garrantzitsua dela esan didate, lehen mailakoa ez izan arren… baina benetan nola funtzionatzen duten ez dakit, egia esan.

  • Hara, ñabardurak noraino hel daitezkeen! “Komites”eko batzuk ezagutzen ditut, eta ezker abertzale “ortodoxo”koak direla guztiz, erranen nuke nik (ni ez, argituko dut inor ez engainatzeko). Beraiek Eliri erranikoan datza, gehienez jota, diferentzia. Hain handia, ote, nazioarteko mailan Askapena bezalako hori sortzeko? Horrela doazkigu gauzak etxean ere.

  • Oker zabiltza NEUK, Komiteetako brigada batean izan naiz eta inoiz ez didate euskal gatazkaz ez hitz egiteko eskatu. Lehentasun kontua baino ez da beharbada, Komiteen kasuan bisitatzen den herriak du lehentasuna eta euskal gatazka bigarren mailan geratzen da.