El Mundoren ikerketa kazetaritza

Hassan Wasim
Hassan Wasim

Ezezagunak, debekatuak, kuriositatea sortzen du. Horretaraino ados gaude. Eta Teleberrietan burutik oinetara zapi ilun batez estalita ageri zitzaigun Hassisniren aurpegia nolakoa zen jakiteko interesa sortu zitzaigula, ezin uka. Baina El Mundoren lana morbosoa izan da, zalantzarik gabe.

Hassisni, minigona batekin ageri den argazkia argitaratzeaz gain, haren erlijio sinesmenak zalantzan jarri ditu. Iraganean erlijio katolikoa besarkatzen zuela jakin ahal izan dugu. Eta Eliza Katoliko Santuaren boterearen bitartez duela hainbat urte ospatutako ezkontza ironiaz kontatu digu.

Iraken borrokatzeko muyaidiak fitxatzen zituelako epaitu zuen Hassisni 2006an. Bi urte kartzelan igaro ondoren aske utzi zuten eta oraingoan lekuko gisa zapaldu du Audientzia Nazionala. Gomez Bermudez epaileak aurpegia bistan zuela hartu zion aitorpena.

Orain, haren “neurritasunaz” eta “puritanismoaz” barre egiten du El Mundok. “Discotecas, Marlboro y J&B” titularraren azpian Hassisnik gehiegikeriaz betetako bizimodua zeramala azalduz. Antza, haren minigona, izter eta eskoteetan topatu du albistea El Mundok.