Egarriz ito (Titanic, Palestina eta ura)

Egarriz ito

Herri jakintzak aspalditik errepikatu dizkigu hainbat maxima: “azkenean ez da pentsiorik izango zuentzat”, “txinatarrek jango gaituzte, JAN!”, eta “etorkizunean gerrak ez dira petrolioarengatik izango, urarengatik baizik”, besteak beste. Azkeneko honi heldu nahi nioke, ura protagonista baita Palestinako gatazkan.

Egarriz itoAgian norbaiti arraroa egingo zaio hain errealitate gogorra ingurugiroaren perspektibatik aztertzea, ikuspuntu ekologista batetik begiratzea; gehienbat kontutan izanda aste honetan nola ikusi ditugun berriz ere (ez baita kasu isolatu bat) soldadu israeldarrak lurrean zaurituta dauden palestinarrei azkena ematen. Baina naturaren aurka egiten diren erasoak, oso maiz, okupazioa betikotzeko tresna direla; finean, denen kalterako izan arren. Ez dezagun ahaztu Susan Georgek esandakoa: “guztiak goaz Titanic-en, lehen eta hirugarren klasekoak“; (hirugarren klaseko gehienak ito eta lehen klasekoak txalupak eta izebergak erreserbatuta izaten dituztela gehituko nioke).

Ura Israelek kontrolatzen du; lurrazpikoaren kasuan, esaterako,%82a. Palestinarrek ez dute Jordan ibaiaren ura baliatzeko sarbiderik, eta nahi eta nahi ez baimenak eskatu behar dituzte putzuak zulatzeko: 140 metroko sakonera eskubidea palestinarrentzat; 800 metro kolonoentzat. Zisjordaniako palestinar batek egunero 60 litro ur kontsumitzen ditu batazbeste, eta israeldar batek 300.

Egarriz ito

Uraren kudeaketa eskasak ondorio larriak eragingo dizkie guztiei. Lurrazpiko ura (“napa freatikoa“) 15 zentimetro inguru jaisten da urtero, eta horrek itsasoko uraren filtrazioa eta terreno askoren hondorapena eragiten du askotan; lurrazaleko kutsadura ahaztu gabe, nekazaritzako erabiltzen diren ongarri industrialena, adibidez. Itsasertzeko bost putzutatik bat ixtea gomendatzen dute hainbat adituk, gatza eta nitratoen presentzia dela eta. Tratatu gabeko hondakin urek ere eragina daukate, eta noski, jatorria israeldarra edo palestinarra izan daiteke; baina arazo honi konponbidea ematea oztopatzen duena okupazioa da. Palestinarrek kasu askotan ez daukate azpiegiturarik hondakinen kudeaketarako. Mundu mailatik laguntza ematen saiatu izan dira, baina israeldarrek ez diete teknikoei sartzen uzten, edo materialari, edo inplizituki ez bada esplizituki ere eraikuntza debekatu dute.

Egarriz ito
Arg: Axier Lopez (Biladi Hadi)

Hebrongo alde zaharrean goiko pisuetan kolono sionistak bizi dira; behean palestinarren dendak daude. Ikusi dezakezue zein den israeldarren kontsiderazioa bizilagunekiko, sarean bertan. Balkoietatik pixa egiten die palestinarrei. Ez guk beti metaforikoki diogun gisan, baizik eta literalki, israeldarrek pixa egiten die palestinarrei burutik behera; baita kaka ere. Koloniak normalean muino gainetan egoten dira, eta ez dituzte beren hondakinak kudeatzen; beraz zikinkeria kanal bat ikus daiteke magalean behera, palestinarrek lantzen dituzten lurretan zerrikeri guztia bulkatuz.

Israelek natura erasotzen duenean palestinarrak erasotzen ari da (bere buruari kalte egiteaz gain), nazkatu, bizitza ezinezkoa egin eta beren lurretik alde egin dezaten. Harresiak funtzio hori ere badauka. Beste estrategia paradoxiko bat ere aplikatu zuen Israelgo estatuak zesareaz eta epiduralik gabe jaio zenean, 1948an, Nakba egun malapartatu hartan: palestinar askoren lurrak parke natural izendatu, alde egitera behartzeko. Badirudi, helburu bera (palestinarrak botatzea) lortzeko antipodetara jo dutela azken hamarkadetan.

Ura, bizitzaren iturri den hura, beharrezkoa da izan nahi duenarentzat, Gernikako haritz zein Gazako olibondo. Ura arrazoi nagusi eta funtsezko duen gerraterik ba ote dagoen jada munduan ez dakit, baina Palestinako gatazkak erakusten diguna da gaur-gaurkoz berebiziko garrantzia daukala, eta ez dela atzo goizeko kontua.

Etsaia egarriz ito nahi izatea ere paradoxikoa da ba.

Egarriz ito

Iturriak: Le Monde Diplomatique hilabetekaria, Biladi Hadi ekimen euskal herritarra eta B´Tselem giza eskubideen aldeko erakunde israeldarra.
Egarriz ito

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Egarriz ito (Titanic, Palestina eta ura)”-ri buruz

  • Israelgo estatua “zesareaz eta epiduralik gabe” jaio zenean arabiar harroputzek zin egin zuten juduak itsasora botako zituztela. Hor dek paradoxa, Beñat!