Editorial bateratuak

OTA5

Batasunak indartzen gaituela esan ohi da beti. Eta komunikabideek ere ikasi dute premisa hori. Azaroko azken astean Katalunian argitaraten diren 12 egunkarik bat egin zuten Estatut-aren defentsan. Kataluniak batasun irudia eman zuen ordukoan, eta erreakzioak gustu guztietarako.

Atzokoan, mundu mailako hedabideak batu ziren, Copenhaguen ospatzen ari den goi bileraren harira, editorial bateratua argitaratzeko. Klima aldaketaren aurka, 45 herrialdetako 56 egunkarietako orrietan irakurri ahal izan zen mezu bera.

The Guardian egunkariak abiarazi zuen ekimena eta Libération, El País, Clarín edota La Repubblica batu zaizkio.

Klima aldaketaren aurka batzeko deia luzatzen dute egunkari guzti horietan. Hala egin ezean, gure Lurrak arrisku handiei aurre egin beharko baitie. Hala ere, Danimarkan bertan, badirudi batzuk ez diotela jaramon handiegirik egin eskaera honi.

Kataluniaren kasuan, editorial bateratu bat argitaratzea prentsa askatasunaren aurkakoa zela esan zuenik bada. Eta agian oraingoan ere esango dute halakorik. Baina argi dago batasunak indarra ematen duela, edo oihartzuna behinik behin.

Igandean, Orion bertso saioan gai horixe planteatu zieten bertan bildu ziren bertsolariei; Euskal Herrian editorial bateratu bat egiteko proposamenak egitea. Bakoitzak alde batetik jo zuen eta azkenik, proposamen guztien artean, adierazpen askatasunaren aldeko hautua egin zuen idazkari lanetan jarri zuten Andoni Egañak.

Eta zeuk, zer proposatuko zenuke geurean editorial bateratu bat egiteko?

Irudia | egunkariak | Leoncillo sabino | Creative Commons By SA
Irudia | Egunkariak | Leoncillo sabino | Creative Commons By SA
Editoriala
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude