[Lehen eta orain, argazkilari] Gari Garaialde eta Patxi Laskarai

[Lehen eta orain, argazkilari] Gari Garaialde eta Patxi Laskarai

Lehen eta Orain atalak, ogibide batek belaunaldi batetik bestera izan duen bilakaeraren berri eman nahi du, eta horixe izan dugu asmoa argazkilaritzarekin ere.

Okertu eta garai bereko bi argazkilari elkartu ditugu; baina akatsek sarritan emaitza ederrak ematen dituzte, eta halaxe izan da Gari Garaialde eta Patxi Laskarairekin ere. Fotokazetaria da lehena, digitalean eta azkar lan egitera ohitua. Argazkilaritza artistikoa jorratzen du bigarrenak, arnasa luzeko proiektuak gauzatu eta emaitzak, beti-beti, paperean inprimatuz.

Solasaldi aberatsa izan dute elkarren artean, geu lekuko.

[Lehen eta orain, argazkilari] Gari Garaialde eta Patxi Laskarai

Ostiral goizez, Patxi Laskaraik beste bi kiderekin batera Donibane Lohizunen duen argazki-dendan egin dugu hitzordua. Gu heldu garenerako, bertan ziren bi argazkilariak, Laskarairi eskuz egiten dizkioten argazki paperei buruz mintzatzen. Bazuten elkarren berri aurretik ere, baina sekula parez pare egon gabeak ziren.

“Goiz sartu nintzen argazkilaritzara eta hastapenetan ez nekien zer egin nahi nuen, baina banekien ez nintzela kazetari izango, inoiz proposatu nauten arren, ezin dut”, diotso baxe-nafarrak Garaialderi, eta “ni lanbideak irentsi nau, argazkilaritza baino gehiago kazetaritza gustatzen zaidala esan dezaket gaur egun” ihardetsi gipuzkoarrak Laskarairi, “gauzak kontatzea gustatzen zait eta argazki bidez egiten dut”.

Aurkezpenak egin eta ez da galdera asko egiteko beharrik izan, kontatzeko franko izan dute-eta. Berritsuagoa da Garaialde, eta keinuen bidez adieraztekoa Laskarai. Antzera bizi dute argazkilaritza eta bat datoz gehienetan, lan egiterakoan oso esparru ezberdinak jorratzen dituzten arren.

Gari Garaialdek hondarribiarrak 44 urte ditu. Txikia zenean gurasoek zuten kamera bakarrarekin, oporretako argazkiak egiteko erabiltzen zena, ditu lehen oroitzapenak argazkilaritzan; “gustatzen zitzaidan jendeari zulotik begiratzea”. Jendeari arreta jartzea gustatzen zitzaiola-eta, Donostiako akademia batean ikasi zuen argazkilaritza, eta Argia aldizkarian izan zuen lehen lan aukera, “Athleticeko jokalariei argazkiak egitea, Lezaman bertan AEKren eskutik euskara klaseak ematen zituztela-eta, Iribarren ekimenez”. Argian hiru urtez lan egin eta beste hiru eman zituen gero Euskaldunon Egunkarian, eta Argazki Press agentzian beste hamaika.

Garaialde: «Lan bakoitzeko argazki asko egin arren, egunkarirako bakarka funtzionatuko duen bat behar dut».

Sortzez baxe-nafarra da 50 urte dituen Patxi Laskarai, Lekunberrikoa. Arte Ederretako ikasketak egin eta Garazin bost urtez aritu ondoren, Donibane Lohizunen denda bat ireki zuen orain bi hamarkada, “arrunt bide ezberdineko” beste bi argazkilarirekin batera. “Nik maite dudan argazkia Garik egiten duen hori da, argazki soziala, baina haiek ontsa egiten dute, hortaz beste bide bat hartu dut”. Bizitzeko, pelikulak errebelatu, ezkontza argazkiak egin… eta bere kasa antolatzen dituen proiektu pertsonalak garatzen ditu, ikuspegi artistiko batetik.

“Gu ere hiru gara egun -jarraitu du Garaialdek-. Elkartu eta kooperatiba bat sortu dugu, lanean edo jarraitzeko indarrean. Bakoitzak lan egiteko oso modu ezberdinak ditugu, baina gure lanak zabaldu eta hirurok estaltzen gaituen itzala da Bostok”.

Bat datoz biak elkarlanak aberastu egiten duela esaterakoan. Garaialdek, “zuk egiten ez duzun hori egiten duena edo gustatu arren iristen ez zaren lan hori egingo duena gertu” duela dio, eta bere aldetik, “hemen ez da nagusi bat, hiru gara eta behar dugu denok lagundu”, agertzen du Laskaraik.

.

Teknologia aldaketak izan du eraginik zuen begiradan?

Lan kontuengatik bideogintzan ere egin dituzte saiakerak; “kontua berria da”, diote biek ala biek. “Nik hastapenean ezetz esaten nuen, ni argazkilaria nauzu eta ez kamera, ez dut bideoa egin ahal; eta orain denborarekin gogoa dut entseatzeko” onartu digu artistak; “nik oraindik argazkiak ikusten ditut, erosoago nabil instant bat gorde behar dudala dakidanean”, kazetariak.

“Teknologiak aukera eman zuen unean hasi zen argazkilaria bideoak egiten -jarraitzen du Garaialdek-, baina beti egon da saltoka ibili den jendea -zinema eta argazkia jorratzen, esaterako-, irudiarekin hitz egiteko bi modu baino ez dira-eta, finkoan eta sekuentzian. Eta orain, kazetaritzan, ez hori bakarrik, azken urteotan erabat finkatu baita telebista aurrean hitz egin, idatzi… eta abar egitea”.

Argazkilaritzan izan dituzten erreferenteez galdetu orduko burua astindu du Laskaraik, “ez, baina badira anitz onak Euskal Herrian, Xabi Otero, Aitor Ortiz…”. Sigfrido Koch aipatu digu, bere aldetik, Garaialdek. “Eskolan, aurreko paretean arbelaren ondoan egutegia genuen, oso aire ilun, ezkutukoa zuten argazkiekin, eta etxean ere bazegoen sagardoari buruzko liburu bat gustuko nuen estetika horrekin. Gero jakin nuen bere argazkiak zeramatzatela, eta beranduago, lankide izan nuen bere alaba”.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Cartier-Bressonekin ere. “Ingalaterran ingelesa ikasten nengoela hasi nintzen gela ilunean errebelatzen, bertako eskolan. Eta ikaskide batek egunkari bateko erreportajea gorde zidan, Cartier-Bressoni buruzkoa. Esango nuke ikasi nuen lehen izena izan zela, jakin gabe egungo argazkilaritza dokumentala asko markatu duen gizona dela. Topo egin nuen biekin”. Hondarribiarrak Clemente Bernat ere aipatu nahi izan du, “asko ikasi dut berari entzuten”.

Patxi Laskarai: «Ez dut nire argazkirik nahi etxean, bihar egingo dudan hori baitut kuttunena».

Argazki kuttunez galdetuta, “badira batzuk poz bat ematen dizutenak momentu batean, baina zorionez beste bat etortzen da eta lehengo hura ahaztu egiten duzu”, adierazi digu Garaialdek, “horrela ez izatea litzateke problema, orain 15 urteko argazki batez oroitzea bakarrik”. Gainera, egun argazki solteak baino gurago ei ditu proiektu osoak. Laskarai ados dago erabat, eta zera gehitzen du: “bestela zertarako jarraitu argazkiak egiten?”.

Kamerei dagokionez, lehena 4×5 formatuko ganbera bat izan zuen egun digitalean zein analogikoan lan egiten duen Laskaraik; “oihal baten azpian burua sartuta, zahar horietako bat… egunen batez berriz erosiko dut, maite dut tresna hori”. Garaialdek berriz, etxekoa erabili ostean, argazkilaritza ikasten zebilela, bigarren eskuko Nikon F2 zahar bat erosi zuen -bakarrik gorputza, 70.000 pzta-, eta gero etxean izan zuen sei hilabetez, “ez nuen objetiboak erosteko dirurik-eta. Geroztik gorputzak erosi izan ditut objetiboentzako, eta objetiboak gorputzentzako, beti Nikon”. Aparte, metalezko Rolley txiki bat ere ba omen du, “oso polita, hau ere bigarren eskukoa; eta Fuji txiki bat. Lan batzuetarako hura eta besteetarako hau, ez ditut asko izan”.

“Nik 17 urte nituela, Irungo Lamiara joaten nintzen karreteak errebelatzera, Fernando Larruquerten dendara –oroitu da Gari-. Garestiagoa zen, baina patxada ematen zuten, sentsazio polita zen”. Akaso horregatik, “poztu egin naiz honera etorri eta argazki denda ikusi dudanean –esan dio Patxiri-. “Karreteak apaletan… Hegoaldean kasik desagertu egin dira, oso gutxi gelditzen dira. Neska gazte bat zegoen kamera analogiko batekin… eta jada ez da ikusten negatibodun kamerekin jendea. Ni oroitzen naiz hortaz, karreteak errebelatzera eraman eta sobrean zure izena jarri… baina oso iraganekoa dut”.

.

Zergatik digitalera pasa, zergatik analogikoan jarraitu?

Patxik, kontrara, oraindik ere orduak eta orduak igaro ditzake gela ilunean argazkiak errebelatzen, gero eskuz egindako paper ezberdin batzuetan inprimatzeko -izugarria iristen dio urtetan argazkiak ez papereratzeari-; “behar duzu bizi zure munduan eta zurearekin segitu”. Onartzen du, hala ere -eta pozten da-, teknologiak aurrerabidea eman eta argazkilaritza sozializatu duela, “orain entsegatu eta edonork egin dezake argazki on bat”.

“Lehen kamera bakarra zegoen eta ez zen merkea argazkiak errebelatzea. Oporretako argazkiak kenduta, beste guztiak `zekitenek´ egiten zituzten, eta hori galdu da”, dio Garaialdek, aurreko ildoari jarraituz. “Orain guztiok ditugu hiruzpala kamera, telefonoan bertan lehena, eta argazki gehiago egiten dira. Baina askotan besterik gabe, emaitza jakin bat bilatu gabe. Eta ez diot hau txarra edo ona denik, teknikak aukera hori ematen digula baino”.

Eta argazkilariaren balorapena, aldatu da? “Niretzat beherat joan da -erantzun du bizkor Laskaraik, orain bezeroak eskakizun gehiago egiten dituela-eta-, zaildu da anitz”. “Gurea ere asko aldatu da -lagundu dio Garaialdek, sosak ahotan hartuta-. Izan naiz egunkari batean lanean, soldata batekin, eta orain nire kasa nabilela, nire egoera neurtzen dut eta… oso zail dago”. 

.

Minbizia eta iheslariak egitasmo

Dendako lanetik eta enkarguetatik kanpo, egitasmo propioak garatzen ditu Laskaraik, eta baita Garaialdek ere, azken honek aitortzen duenez kostatzen bazaio ere batea eta bestea ezberdintzea. “Gaur lana duzu? galdetzen didate, eta sekula ez dut jakiten. Ez dakit, erantzuten diet, baina argazkiak egitera noa”.

Patxik “lana da denda, eta kanpoan egiten ditudanak gero ikusiko” dioen bitartean, “egitasmo pertsonalak ere irteera profesional bati begira egiten ditut, nahi dut nonbait argitara daitezen”, dio Garik. Lehena fisikoki ere markatzen du argazki dendak, bitartean etxeko ordenagailutik egiten du lan bigarrenak. Gustura, biak ere.

Garaialdek dispertsioa izan zuen lehen egitasmo pertsonaleko gaia (“Zu ikusteko bidean” liburua, 2012, Edo argitaletxea). “Ikusten nuen idazten zela baina sumatzen nuen falta zela zerbait, eta horixe hartu nuen egitasmo, dispertsioa erretratatzea. Eta hurrengo pausua iheslariak izango dira, herrikoetan ageri diren silueta ezezagun horiek. Goazen ikustera horren atzean nor dagoen, esan, eta horretan gabiltza azken lau urtetan”.

Eguneroko lanean ere “intentsuki” bizi izan du Euskal Herriko gatazka Garaialdek, “ezin izan dut banatu nire lanbidetik. Lanaren parte handi bat horri lotuta egon da, eta bizi izan ditugu une gogorrak, tentsio handikoak, ez baitzen erraza lan egitea”. Kamera ez ei da boligrafoa ezkutatzen bezain erraza, eta borrakadaren bat ere jasotakoa da Ertzainen baten aldetik. “Kolpeak ere izan ditut, argazki asko egin ditut korrika, baina asko ikasi dut eta asko bete nau”.

Bere aldetik, eta munduko konturik normalena balitz bezala, “segitzen dut duela lau urte minbizia duen emazte bat” ezagutarazi digu Laskaraik, gaixoaren heriotzera arte luzatuko den lana izango dela argituta. Emakumeak proposatutako egitasmoa gauzatzeko, astero egiten ei dute hitzordua, “eta lanean hasi baino lehen luze solastu kafe baten aitzinean”.

Bere egitasmoetarako, “kanpoko lanetarako”, ez daki nola bukatuko duen baina berak antolatzen du lan egiteko modua, denbora… Dendakoan bezeroen eskariak bete behar ditu, “baina hogei urte dira eta ezagutzen dute gure lana, badugu askatasun bat gure modura gauzatzeko eskariak”.

Bakarrik lan egitea maite du lekunberriarrak, “horrelakoa naiz”, baina gustuko du beste disziplina artistikoekin nahastea ere; “kantua, argazkia, margoa, anitz ekartzen du, interesgarria da”. Iritzi berekoa da Garaialde ere, “bakarka pentsatzeko eta gauzak zuk nahi dituzun modura bideratzeko tempoa ematen dizu, baina elkarlanak arnasa ematen du”.

[Lehen eta orain, argazkilari] Gari Garaialde eta Patxi Laskarai

Garaialdek, fotokazetaritzara bueltatuta, “argazkilarien arteko harreman ona” azpimarratu  eta orain hogei urte sortu zuten EIGE elkartea aurkeztu digu, Euskal Informatzaile Grafikoen Elkartea, bukatu baino lehen. “Zazpi herrialdeetako prentsa argazkilari eta telebista kamera dezente elkartu ginen bertan, 70 bat lagun, kolore guztietakoak eta gatazka gorenean zegoenean”, 90eko hamarkada hasieran. Oso indibiduala den lanbide batean elkarri babesa emateko baliatu zuten elkartea, “poliziaren aurrean, esaterako, gure lana deserosoa egiten baizitzaien”.

Azken urteetan lozorroan dago elkartea, gainera erredakzioak desegin egin dira eta horrek sakabanatu egin ditu argazkilariak. “Baina urtero prentsa karnetak banatzen jarraitzen dugu, eta badakigu jendea horiekin Siriara eta Greziara ere joan dela lanera. Ea berpizten dugun!”.

Eguerdia heltzear, Garik jaiki eta ospa egin du agudo, Espainiako Erregea Donostian zela-eta, argazkiak egitera. Joan baino lehen, promesa egin dio Patxiri, bueltatuko dela dendara beste egun batean, patxada gehiagorekin. Irribarrez agurtu du honek.

Gari Garaialde eta Patxi Laskarai Gari Garaialde eta Patxi Laskarai Gari Garaialde eta Patxi Laskarai

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

ZUZEUko erredakzio kide