Kuba, eredu bat Hego Amerikan

Umeak Habanan - O.Aranzabal
Umeak Habanan - O.Aranzabal

2006ko udan izan nintzen irla karibearrean gurasoekin. Bertako leku eta jende ugari ezagutu genuen, bertatik bertara ikusi genuen nola bizi diren han eta benetan diotsuet: Inbidia gordina sentitu nuen. Batek baino gehiagok hipokrita naizela esango du, esango du hori esatea oso erraza dela, baina, gero ezingo nintzatekeela horrela bizi… eta abar. Tira bada, horregatik sentitzen dut inbidia, ezingo dudalako sekula horrela bizi. Sekula ez, jada kapitalismoak irentsi du gure gizartea, pozoituta bizi gara. Besteren batek ziur esango duela: “Hi gaztea haiz… konturatuko haiz beranduago, bizitza luzea duk.” Bai, espero horren luzea izatea… baina tira artikulu hau nire esperientzia pertsonaletik idatzi dut. Gazte baten bizipenak dira, gazte baten memelokeriak batzuentzat.

Oroitzen dut nola mugitzen ginen armadak kudeatzen duen Habanatur konpainiaren autobusetan. Gasolina ugari kontsumitzen zuten ibilgailuetan. Pinar del Rio aldera, bertako bailara ikusgarriak ikustera, etxebizitza kolonialen itzalpean jesarri eta beroak itsasten duen lasaitasunaz gozatzera… Trinidad eta Cienfuegos herrietan egon ginen, eta benetan diotsuet zoragarria dela. Palma hostoz egindako kapelak, guaiabera zabalak eta fin-finak soinean, irriparrea ahoan. Baten bat siesta botatzen Cienfuegoseko plaza nagusian… tira pixka bat azaldu dizuet inguruan aurkitu nuena.

Cienfuegoseko artisauen merkatua
Cienfuegoseko artisauen merkatua - O.Aranzabal

Guri, herrialdea, Habanaturreko langile batek erakutsi zigun. Ez naiz oroitzen ondo bere izenaz, baina, hainbat elkarrizketa izan nituen berarekin bertako kontuen inguruan. Galdetu nion ea nolatan kudeatzen zuen armadak turisten arretarako enpresa bat. Bere erantzuna argigarria izan zitzaidan; esaten zuen estatuak armadaren erabilera produktibo bat egin nahi izan duela beti. Horretarako, bere esanetan, armada gerra egoeratik kanpo dagoenean turismo eta nekazaritzarako esku obra bezala erabiltzen da, ekonomia bizirik mantentzen laguntzeko. Hala ere zenbait gauzarekin kritikoa zen, ez zegoen ados egungo sistema monetarioarekin, eta bere esanetan, herritarren gehiengoak aldatu nahi du. Bada ez bada azalduko dizuet: Kuban bi moneta mota daude, bertako herritarrentzakoa eta turistentzakoa; “pesos cubanos” bezala ezagunak direnak eta “pesos convertibles” delakoak. Bertakoek darabilten diruak ez du deus balio… eta honek herritarrek likideziarik ez edukitzea dakar.

Dezente moskeatuta, aspalditik buruan nuen galdera bat egin nion; “baina Kubako herriak komunismoa kendu nahi al du?” Bere erantzuna ezezkoa izan zen. Bere esanetan Kuban komunismoa kentzea katastrofikoa litzateke, izan ere, une batetik bestera herriaren gehiengoa pobrea litzateke Miamitik etorriko liratekeen aberats guztien mesedetan. Nahiz eta hainbat gauzarekin kritikoa izan, nahiz eta ez izan erregimenaren apologia egiten duen horietako bat, argi zeukan Hego Amerikan Kuba eredu bat dela. Kuban hezkuntzara eta unibertsitatera sarrera doan dela azaldu zidan, edonork ikas dezakeela doan edozein karrera. Argitu zidan janaria soberan ez badute ere, goserik ez dagoela. Auzo guztietan dagoela anbulategi bat, eta eskualdean hospital handi bat, medikuntza asistentzia doan bermatzen duena. Mendebaldeko herrialdeetan baino delinkuentzia tasa askoz baxuagoa dute Kuban.

Horrelako gauzengatik du herrialde karibetarrak munduko bizi esperantzarik handienetakoa eta analfabeto portzentai txikienetakoa.

Baina tira, guk Kubaren aurkako hamaika berri entzungo ditugu. Komunismoa eta bertan bizi duten “diktadura” salatuz, “demokrazia” ideal bat aldarrikatuz, inperialisten demokrazia. Mendebaldeko hedabideek, irlako egoera Europakoarekin alderatzen jarraituko dute, eta bitartean, Hego Ameriketako estatu “super-demokratikoetan” indigenek eta herriak bizi duena ezkutatzen jarraituko dute. Noski “eske Kuba diktadura bat da… eta…”

Nik bidaia hartan deskubritu nuen zertan dagoen benetako aberastasunaren koska.

ZENBAIT ARGAZKI:

Habana hiriburuan bi neska
Habana hiriburuan bi neska - O.Aranzabal
Ziklotaxista emakume bat eramatera - O.Aranzabal
Ziklotaxista emakume bat eramatera - O.Aranzabal
Cienfuegos-eko jubilatu musikariekin
Trinidad-eko jubilatu musikarien artean ni neu - O.Aranzabal
Gizona bankuan - O.Aranzabal
Gizona bankuan - O.Aranzabal
Gizona zaldian, amona atarian - O.Aranzabal
Gizona zaldian, amona atarian - O.Aranzabal
Trinidad - O.Aranzabal
Trinidad - O.Aranzabal

Ekaitza bainuontzi batean

8 pentsamendu “Kuba, eredu bat Hego Amerikan”-ri buruz

  • Hurrengo bidaian hitz egin exiliatuekin eta gartzelan daudenekin eta bueltan idatz ezazu beste iruzkin bat ok?Argi neukan zure modeloa Kuba zela, eta Txina (Nepal zapaldu duten horiek,bai).Hurrengo artikulua Txinari buruz?

  • Barkatu jaun, lehenik galdera bat, jakiteko; zu egon al zara kuban?
    Bestetik, nik ez daukat modelorik. Esaten dudana da, Hego Amerikan eredua dela Kuba. Zein da zure modeloa bada?
    Exiliatuekin ez nuen hitzegin, Miamira ez nintzelako joan. Gustora hitzegingo nuke… bai haiekin eta baita Hego Amerikan zehar gosez txaboletan bizi direnekin

  • Berriro irakurri dut zure artikulua…

    Badirudi, esaten duzunaren arabera beraien modeloa hona inportatu nahi dezula. “Inperialismo Demokratiko” hau ordezkatuz.Nire galdera da: Zer daukate Kuban hemen ez daukaguna?Zuk esaten duzu:
    -Unibertsitatea:(Begiratu beraien titulazioak, medikoz aparte zer daukate?Zenbat pertsona joaten dira unibertsitatera?, Hemen nork ezin du unibertsitatera joan hala nahi badu?).

    -Osasuna:Han asistentzia ona daukatela esaten didazu.OK.Hori ez dut eztabaidatuko.Eta hemen ez?.

    -Delinkuentzia Tasa: Ados.Ta zergatik den galdetu duzu? Nik erantzun bat daukat:Lapurtzen harrapatzen bazaituzte,akabo.

    Azkenik, Kuba diktadura izatea erlatibizatzen duzu.Niretzat ordea aspektu erabakigarria da. Askatasunik gabe ez dago ez ekoizkortasunik, ez pizgarririk.Hortan datza Kubaren (eta herrialde komunisten) urritasun eta txirotasuna.

    Hautaketa erraza da…Askatasuna eta Demokrazia vs Diktadurak (Faxismoa,Komunismoa,Nazismoa). Ni lehenegoarekin geratzen naiz. Zu?

  • “Bestetik, nik ez daukat modelorik. Esaten dudana da, Hego Amerikan eredua dela Kuba. Zein da zure modeloa bada?”

    Modeloa eduki badaukazu. Denok daukagu modelo bat, balore eta printzipioak duazkagun heinean. ta gure printzipio eta baloreen arabera, modelo bat edo beste bat hautatuko dugu.

    Nire modeloa zein da? Argi eta garbi esango dizut. Zuk gaitzesten duzun “inperialismo demokratikoa”.Bai.Europan daukaguna.Akatsak dauzka,eta akats horiek zuzentzen saiatu behar gara, baina orain arte modelo eraginkorrena suertatu da.

  • Oker zabiltza, nik ez dut nahi kubako modeloa hona inportatu. Hare gehiago, artikuluan argi uzten dut, nahi izanez gero ere ezingo litzakeela egin.
    Nik Kuba Hego Amerikako esparruan goraipatzen dut. Hego Ameriketan “demokrazia inperialista” ugari dago, eta nik diodana da hainbeste kritikatzen den kubako “diktadura komunista” “demokrazia” baino askoz hobea dela. Baina noski demokrazia horiek ez dira kritikatzen mendebaldeko hedabideetan.
    Ez ezazu kubako egoera espainiar estatuaren egoerarekin alderatu, alderatu ezazu Hego Ameriketako beste estatuekin. Norbaitek irakurri al du Jamaikari eginiko kritikarik, bertako injustizien inguruko artikulurik? Ez. Baina Jamaika “super-demokratikoak” (AEBk onartzen duten erregimen demokratikoa da) %20ko analfabetatu portzentaia du, eta delinkuentzia tasa izugarria. Osasun sistema ere ez da herritarrentzat eskuragarria… Baina ba al da estatu honen aurkako kanpainarik? Ez “noski demokratikoa da eta…”
    Bestetik zure galderari erantzuten, jakin Kuban derrigorrezkoa eta doakoa dela hezkuntza seigarren gradurarte (Hau da DBH 4rarte). Eta hortik aurrera nahi duen ororentzat doakoa da hezkuntza unibertsitatea barne.

  • Izaskun Pérez 2009-08-06 23:16

    Jaun, aportazio positiborik ez duzula egiten iruditzen zait. Beti zatoz besteen lana kritikatzera. Agian, begiak ireki beharko zenituzke eta jendeak idazten duena ulertzen saiatu.

    Zuk zerbait noiz idatziko irrikitan nago. Badirudi gauza asko duzula kontatzeko. Anima zaitez ba eta idatzi ezazu zerbait Zuzeu-n. Horrela, nik behintzat, hau ere zure proiektua dela sinistuko nuke: oraingoz, behintzat, besteen lanari egin dizkiozun kritikak besterik ez ditut irrakurri eta.

  • Irukarri nire aportazio guztiak eta gero idatzi Izaskun…

  • Hala ere, ez dakit zergatik iruditzen zaizun hain gaizki artikulu jakin batzuk kritikatzea (bi, hain zuzen) eta nire iritziak ematea…Uste dut Oierrekin mantendutako eztabaida interesgarria izan dela…niretzako behintzat!

    P.D: Irakurri Jon Benitok EPOari buruz idatzitako artikulua hitz egin baino lehen…;)