Burma VJ: kazetaritza hil ala biziko kontua denean

Birmania, 2007ko abuztua- iraila. Herria egoera kaxkarrean bizi den arren, herrialdea zorrozki gobernatzen duen junta militarrak petrolioaren gaineko zergak bikoizten ditu. Herriak ezin du gehiago eta monje budisten gidaritzapean kalera ateratzen da aldaketak eskatzeko. Jeneralen erantzun bortitza ez da itxaronarazten. Errepresioa itzela da eta militarrek gupidarik gabe zapaltzen dute herria. Ezkutuan lanean eta bizitza arrisku bizian jarriz, bertako kazetari talde batek errepresioaren jarraipena eta irudiak munduari helaraztea lortzen du. Anders Ostergaard-ek zuzenduriko dokumental ikusgarri honetan, erreportari trebe hauek egindako lana uzten da agerian.


burmavj_01

Democratic Voice of Burma kazetari taldea izan zen iraila odoltsu hartan egoeraren jarraipen bat egin ahal izan zuen bakarra. Kazetari atzerritarrak ezin izan ziren herrialdean sartu, juntaren debekua zela eta. Birmania, munduko herrialderik behartsuenetarikoa izateaz gain, itxienetarikoa ere bada.

Birmaniar hauek, baliabide xumeenekin lan egiten zuten arren, militarren zentsura gainditzea lortu zuten eta informazioa lehenengo munduko herrialdeetara iritsi zen. Honen ondorioz eta nazioarteko komunitateak junta militarrarengan presioa jartzen zuela ikusirik, agintarien etsairik handiena bihurtu ziren kazetari ausart hauek. Makinaria errepresiboa hauengan gidatu zuen estatuak eta atxilotuak izan ziren batzuk. Gaur egun, dokumentalaren aburuz, inork ez daki zer gertatu den atxilotutako berriemaile hauekin.


http://www.youtube.com/watch?v=V08EBWQLzyU


Denbora pasa ahala, munduak ahaztu egin du birmaniarren egoera, eta albistegien portada izateari utzi dio. Hala ere, diktadura errepresiboak betiko moduan dihardu eta ez dirudi erreforma demokratikoak epe laburrean iritsiko direnik. Dokumental honek, birmaniarrek bizi duten demokrazia eza gogoratzeaz gain, kazetaritzak hauetako momentuetan bete dezakeen paper garrantzitsua erakusten digu. Nahiz eta egundoko irudi eta momentu hunkigarriekin gozarazten gaituen birmaniarren demokrazia nahia erakusten digunean, militarren bortizkeria eta bizitzarekiko axolagabetasuna agerian utziz errealitate gordinera bueltatzen gaitu. Pentsaraziko dizun dokumentala, benetan.

Urnieta (1985). Turismon diplomatua eta kazetaritza lizentziaturako ikaslea.