Beslan, bost urte

Goizeko 09:30ak dira, eta hiru kamioitan 30 pertsona heltzen dira Beslango lehen eskolara. 7 eta 18 urte dituzte ikasleek. Burua estalita, gerrian leherkaria, guardia egiten zuten poliziak tirokatu eta ezezagunek eskola hartzen dute. 1181. Bahituak. Eta lehen uneetako nahasmena. Berri agentzia batzuek bahituak 350 direla diote, beste agentzia batzuetan 1500 artera igotzen da zenbakia. 50ek ihes egitea lortu dute. Tiro hotsak entzun dira barruan.

Atzerriko albistegietan notiziaren berri eman dute, baina nahasmena da nagusi.

Errusiako armadak hesia egin du kanpoan. Unitate berezi prestuenak guardian dira. Prentsara zabaldu dutenez, ez omen dute eskola asaltatuko. Bahitzaileek gimnasiora eraman dituzte haur eta irakasleak, eta mehatxu egin: “hiltzen duzuen gutako bakoitzagatik 50 hilko ditugu, zauritzen duzuen gutako bakoitzagatik 20 zaurituko, eskola asaltatzen duzuenean xehetu egingo dugu.”  Irtenbide negoziatua bilatuko dutela esaten da iturri ofizialetatik. Leonid Roshal arduratuko da horretaz, 2002ko Moskuko Antzokiko bahiketan ere ibili zena.

II

Biharamunean negoziaketek porrot egin dutela esaten da, bahitzaileek ez omen dute urik, elikagairik edo medikamenturik sartzea onartzen. Bero egiten du eskolako gimnasioan. Ruslan Aushevek negoziaketari esker, 26 haur askatzen dituzte. Granada hotsak entzuten dira. Armadaren hesia urrun mantendu nahi dute bahitzaileek.

III

Bahitzaileek gorpuak jaso ditzaten, osasun talde baten laguntza onartzen dute. Errusiako armadaren tropak eskolara hurbiltzen dira horren aitzakian. Tiro eta leherketa hotsak. Nahasmena. Irakasle eta haur zenbait ihes egiten saiatzen dira. Inork ez daki ondo nork hasi zuen tiroketa. Ez leherketak noren ardura Diren ere. Handik aurrerakoa nahasmena da. Nahasmena, suntsiketa, heriotza. Eguerdi aldera Putinek dena kontrolpean duela adierazi arte.

IV

Errusiaren bertsio ofizialak, zenbait testigantzek eta analisten iritziek ez dute ia ezertan bat egiten. 186 pertsona hil ziren.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.