Berlusconi: “Zergatik gorroto naute?”

OTQ5

Silvio Berlusconiri aurpegira burdinezko souvenirra jaurti zionetik, Massimo Tartaglia, heroi bilakatu da. Bushi zapata bota zion kazetariaren antzera. Baina honek punteria hobea izan du eta Il Cavaliereri sudurra eta bi hortz hautsi dizkio. Nonbait, ordea, eraso fisikoek ez dute Berlusconi gorrotoak bezain beste mintzen.

Eta hospitalean dela, gertaturikoa ezin ulerturik edo, galdera bota du: “zergatik gorroto naute?”

Eta gizarteak erantzun. Etorkinekiko tolerantzia faltagatik, esan diote batzuk. Diruari baizik ez begiratzeagatik, besteek. Bere interesen hoberako, herriaren interesak ahanzteagatik, edota mafiarekin harremanak izateagatik, edo emakumeak mespretxatzeagatik. Baita, komunikabideak kontrolatzeagatik. Justiziaz hitz egin eta justizia ekidin nahi izateagatik, gehitu du beste batek.

Facebook-en, Tartagliaren aldeko taldeaz gain, “1000 arrazoi Berlusconi gorrotatzeko” izeneko taldea topatu daiteke. Irakur ditzala banan-banan, interesatzen bazaio.

Erasoaren aurretik ere somatu zuen Italiako lehen ministroak bere aurkako gorrotoa, sarean, “Berlusconi akabatu” izeneko taldea sortu baitzuten. Eta duela gutxi “no Berlusconi day” ere ospatu zuten.

Berlusconiren galdera ez da txarra. Erantzuna agian bistakoegia., baina zalantza erretorikoa ez bada, behintzat, badaki non topatu erantzunak.

Irudia | Berlusconi | Alessio 85 | Creative Commons By SA
Silvio Berlusconi

Zer duzu buruan “Berlusconi: “Zergatik gorroto naute?””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude