AEBtako osasun sistemaren erreformaren gakoak (I)

cc boliston
cc boliston

Egungo egoera:

Osasun sistema unibertsalik gabeko garatutako herrialde bakarra dugu. Horren ondorioa; 45 milioi biztanlek (herrialdeko populazioaren %15 inguru) ez duela inolako osasun babesik. Gainera, beste hainbat herrialdekin konparatuz gero, osasunean egiten den gastua handiagoa da AEBn. Paradoxa badirudi ere gehiago gastatzen dute eta gutxiago babesten.

Egungo osasun sistemak, 65 urtetik gorako pentsiodunak, baliabiderik gabeko pertsonak, baliabide urriko familietako haurrak babesten ditu (Medicare eta Medicaid programen bitartez). Erakunde pribatuek kudeatzen dute gainontzekoan osasun sistema. Ez da existitzen hospital eta osasun zentru publikoen sarerik.

Ahal dutenek osasun aseguruetara jotzen dute. Asegururik izan ezean eta ezustekoren bat izanez gero, ordaindu beharreko dirutza izugarria izan baitaiteke. Negozio biribila bilakatu da aseguruena.

Enpresa gehienek euren langileei osasun estaldura eskeintzen diete, negoziazio kolektiboei esker. Baina, berez, enpresariak ez daude legez behartuta euren langileei zerbitzu hori ematera. Hala ere babes hori dutenen %60 inguruk, lanaren bitartez lortzen du.

Osasuna finantzatzeko beharrezko zerga ordaindu behar ez izatea, enpresa estatubatuarren abantaila izan da urteetan zehar. Baina egun osasun aseguruen bidez funtzionatzen dute eta horien kostua nabarmen handitu denez, karga handia da enpresentzat. General Motorsek adibidez altzairuan baino gehiago gastatzen du osasun aseguruetan (1.500$ inguru autoko!). Starbucks-ek ere, aseguruetan, kafean baino gehiago gastatzen du.

Arazorik handiena, zalantzarik gabe, enpresa txiki eta ertainetan lan egiten dutenek dute. Horietako askok ez baitiete asegururik ordaintzen. Gazteak ere euren soldata negoziatzerakoan aseguruei uko egiten diete, gehiago irabazi ahal izateko, baina hori horrela, osasun babesik gabe geratu ohi dira. Eta bestetik, lana galtzen dutenek, osasun babesa ere galdu ohi dute.

Sendagaien prezioa ere gurean baino askoz ere altuagoa da AEBn. Estatuak presio gutxi egiten baitie farmazia industriako multinazionalei.

Funtsean, aurreratutako medikuntzaren ikerketa kostuak, bereziki karga altua suposatzen duten langileen kostuak, merkatuaren gabeziak (farmazia industrian eta hospitaletan monopolio eta oligopolio egoerak dira nagusi) edota medikuntzako profesionalen jarrera (zerbitzu bat eskaintzeaz gain, kasu askotan eskariaren bultzatzaile dira) dira, besteak beste, sistema erretzen ari direnak.

Osasunean pertsonako gastua eta BEZaren portzentaia munduko altuenetakoak dituen herrialdeak eskaintzen duen zerbitzua herrialde garatuenen artean okerrenetakoa da. Biztanlegoaren zahartzeak egoera are zailago batera darama, eutsiezinezkoa.

Eta egoera horren erdian dator Obamaren erreforma.

Egungo egoeraren detaile gehiago (eta morbosoagoak) ezagutzeko Michael Moore-n Sicko dokumentala ikus dezakezue hemen.