Abentura baten abentura (MUSTAFA MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz)

Abentura baten abentura Kaukaso-Kurdistan bizikletaz

Abentura baten abentura (MUSTAFA MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz)

MUSTAFA-MEGOBARI

Kaukaso-Kurdistan bizikletaz

U.U. (zuzeu)

Liburu guztiak dira bereziak, arrazoi ezberdinengatik eta gustuen arabera hobeak edo txarragoak, baina guztiak bereziak. Liburuan jartzen den adimen, gogo, sentimen, lan-ordu eta esfortzuak izugarrizko meritua daukala pentsatu izan dut beti.

mustafa12

Halere, noizean behin bada ezohiko perlarik, berezia izateaz gainera, aparteko meritua ere baduena. Urriaren 27an aurkeztu zuten Donostiako Gros auzoko Garoa liburu-dendan MUSTAFA-MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz liburua. Aurkezpena Junkal Lertxundi egileak berak egin zuen Igor Alberdi liburuaren protagonistetako bat alboan zuela. Alberdik eta bere anaia Xabier Lertxundik Kaukaso eta Kurdistan bizikletaz ibili zutenekoa kontatzen da bertan, Xabik idatzitako egunerokoan oinarrituta.

2007 urtean bizikleta istripu baten hil zen Xabi, liburuaren berrikusketa egiten ari zela, bertsio definitiboa izango zenari forma ematen. Hortxe geratu zen izkribua, eta 9 urte geroago, azken biak Junkal eta ingurua horretara jarri ondoren, argia ikusi du azkenean liburuak; inongo argitaletxeren laguntzarik gabe gainera, liburu autoeditatua baita.

Junkal Lertxundirekin hitz egiteko aukera izan dugu. Abentura baten liburua argitaratzearen abenturaz galdetu diogu, eta hauexek dira kontatu dizkigunak:

Bidaiazale eta abenturazale amorratu bezala deskribatzen duzu Xabi. Nolakoa zen?

Xabi batez ere, eta gauza guztien gainetik, gizon librea zen. Gaztetan hainbat mugimendu aldarrikatzaileetan ibilia zen: mugimendu okupa, antimilitarista… Bizitza benetan aktibo eta aktibista izan zuen. Eskuzabala eta koherentea zen bizitza eta gizartea ulertzeko zuen moduan. Xabi hil zenean Alemaniako bere pisukide batek bidali zigun gutuna txertatu dut liburuan: “Xabi gure etxe-komunitateko bihotza zen, besteenganako zuen maitasunak, komunitatea ulertzeko zuen moduak eta bere eskuzabaltasunak etxea bizirik mantentzen zuten, eta gu guztiok elkartuta. mustafa14Xabi zoriontsua zen guztiok mahai inguruan bildu, sukaldatu, hitz egin eta elkarrekin barre egiteko denbora hartzen genuenean”. Horrelakoxea zen gure Xabi.

Liburua idaztea ere abentura itzela izan da. Oroitzapenak? Sentipenak? 

Liburua idaztea erronka bat izan da niretzat. Kaukaso-Kurdistan bizikletaz zeharkatu behar zuela esan zidanean nik animatu nuen Xabi abentura hori idaztera, eta bera hil zenean neure gain hartu nuen proiektua bukatu eta argitara emateko ardura. Nire bizitzan ere momentu aproposa aurkitu behar izan dut lan horri behar zuen energia guztia eskaintzeko, Xabi hil eta zazpi urtetara ekin nion neukan material guztia aztertzeari, eta bi urtez aritu naiz lanean.  Baina OPARI bat izan da niretzat. Dolua egiteko bidea eman dit, hunkitzekoa… eta espero dut irakurlea hunkiaraztekoa… Idazten nuen bitartean askotan egin dut negar ordenagailuaren aurrean emozioz blai; liburua barru-barrutik idatzia dago, zuzenean bihotzetik paperera… eta nik uste zinezkotasun hori irakurleak igarriko duela.

Ez zara idazlea. Nola izan da lan prozesua?

Ez naiz idazlea, ez, baina beti izan dut gogoko idaztea. Literatura sormen ikastaroak eginak ditut, lehiaketaren batean finalista geratu, eta ez dut inoiz idazteko grina guztiz baztertu. Xabik bidaiaren eguneroko bat idatzia zuen, eta horrekin eleberri bat idatzi nahi zuen. Testuan garbiketa handia egin beharra zegoen, egunez-eguneko kontakizun forma kendu eta istorioak atalka sailkatu… Lizentzia asko hartu dut, eta noski, nire lankidea oso txintxoa izan da… ez da batere kexatu. Hala ere, izan dudan atrebentziarik handiena bigarren ahots bat sartzea izan da, nire ahotsa. Nik formatu motzean idaztea gustuko dut, eta liburuak aukera hori eman dit, tarteka, istorioak baimentzen zidanean nire idazlanak sartzekoa, Xabirekin bizitako anekdotak, heriotzaren inguruko hausnarketak… Horregatik, berriro diot lan hau opari bat izan dela niretzat.

Igor Alberdiri buruz zerbait esateko? Zein izan da Mustafá-Megobari bidaikidearen parte-hartzea liburuan?

Abenturak bi berezitasun nabarmen ditu, bata turismo azpiegiturarik gabeko herrialde gatazkatsu batean bizikletaz bidaiatzera ausartzea, eta bestea… bidaiatzekotan lagun talde bat bazen ere, azkenean batzuk eta besteek kale egin, eta ordura arte elkar ezagutzen ez zuten bi pertsona animatu zirela: Xabi eta Igor.

mustafa16Xabi liburua idazten hasi zenean bien arteko harremanean jarri nahi izan zuen kontakizunaren zama handi bat, umore handiz bere bidelaguna karikaturizatuz eta pertsonaia maitagarri bat sortuz: Mustafa-Megobari. Alde horretatik, Igor benetan eskuzabala izan da. Asko poztu zen liburua bukatu eta argitaratu genuela jakitean, eta ilusio handiz parte hartu zuen liburuaren aurkezpenean, eskertzekoa  benetan.

Joxemi Errondosoro-ren marrazkiak ditu liburuak…

Joxemi Errondosoro gure anaiaren lagun min bat da, eta artista aparta. Liburua idazten ari zela, Xabik Joxemiri bidaiako argazkiak eman eta horietan oinarritutako marrazkiak egin ziezazkion enkargatu zion. Joxemik marrazki benetan ederrak egin zituen libururako. Nik marrazki horiek bere horretan Xabik liburuan jarri zituen bezala errespetatu ditut, liburuaren balio erantsi bat direlako… eta Xabik hala nahi izan zuelako.

Liburu autoeditatua da. Zer dela-eta?

Liburua bukatu eta argitaratzeko lanari ekin nion. Beste abentura bat, nondik hasi ere ez nekielako!!! Sormen ikastaroak eginak nituen idazle ezagun baten gidaritzapean, eta argitaletxeetara nola zuzendu esplika ziezadan idatzi nion. Berak zer pausu eman azaldu zidan eta hori izan zen lehenengo aukera: Elkar, Erein eta Txalapartarekin kontaktuan jarri. Berehala liburua irakurtzeko interesa adierazi zidaten, baina ez ziren argitaratzera animatu. Hala ere, editoreek egin zizkidaten kritika txukunek aurrera egitera animatu ninduten. Horietako batek gainera autoediziorako pausuak ematen lagundu zidan. Eta nik, temati, aurrera egin nuen, lan ederra zela eta liburua argitaratuko nuela argi nuelako hasi-hasieratik. Beraz, idazle izatetik editore izatera pasa nintzen… mustafa18benetan dibertigarria hau ere! Ate asko jo, imajina ezin nezakeen jende askorekin hitz egin… Bidean topatu nituen guztiak idazle, editore, maketatzaile, inprentako jendea… benetan gertukoak eta laguntzeko prest azaldu ziren, beraz, esperientzia ezin hobea izan da! Milesker denei, bide batez.

Lana prest nuenean gros auzoko Garoa liburu-dendan azaldu nintzen nire proiektua beso azpian nuela, bertan salgai jarri eta aurkezpen txiki bat egin ote nezakeen galdetuz… Haiei ere eskertu behar diet  nigan jarri zuten konfiantza, baita aurkezpenera gerturatu ziren guztiei ere, liburu-denda lepo bete eta gau hura benetan magikoa izatea lortu baikenuen…

Prozesu honetan guztian ezusteko eder bat ere izan nuen. Ate asko jo ondoren, izan zen nire atea jo zuen norbait ere; Hontza liburu-dendako kide batek bezeroak liburua erostera gerturatzen ari zitzaizkiola eta, lokalizatu ninduen eta liburua bere dendan ere salgai jarri nahi zuela esan zidan… Beraz, momentu honetan GAROA KULTUR LAB eta HONTZA liburu-dendetan dago liburua salgai, 11 eurotan.

Urriaren 27an Donostiako GAROA liburu-dendan MUSTAFA-MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz liburuaren aurkezpenaren bideoak:

Aurkezpena egin zenuenetik, zer harrera izaten ari da liburua jende artean? Izan al da jadanik liburu irakurri eta bere iritzia eman dizunik?

Oso oso pozik nago liburua izaten ari den harrerarekin. Hiru astetan 200 bat liburu saldu ditut, eta hori idazle ezezagun baten autoedizio baterako asko da. Irakurleen iritziak entzuteko gogo handia nuen, batez ere ez Xabi eta ez ni ezagutzen ez gaituztenenak… eta momentuz gerturatu zait bat baino gehiago zorionduz. Jendeak Xabiren bidaiaz gozatzen du, abentura itzela izan zelako, eta nire ahotsarekin hunkitu egiten da… parre eta negar egiten dute. Helburu guzti-guztiak bete ditugula esan dezaket! Milesker denoi!

Lertxundi Panadero
“Lertxundi-Panadero familia, benetan harro eta pozik, Xabiren liburua bukatua, argitaratua eta arrakastaz aurkeztua ikusita”. (Junkal Lertxundi, Maria Prado Panadero, Luis Lertxundi, Arantza Lertxundi eta Edurne Lertxundi)

zuzeu1

Abentura baten abentura (MUSTAFA MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz) 

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Abentura baten abentura (MUSTAFA MEGOBARI Kaukaso-Kurdistan bizikletaz)”-ri buruz

  • Liburua irakurtzeko aukera izan dut.Farre egin dut eta baita negar ere. Hunkigarria benetan. Zorionak Xabi basoetako zaindariari, zorionak Junkal ausartari eta Lertxundi Panadero familiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude