Abel Ferrara Pasoliniz, tabuaren lorratzean

Tabu. Gurean, Jon Mirande genuen tabu garai batean, eta Italian badute Pasolini. Dagoeneko Miranderen irudia nahiko etxekotua dugu gurean, drezatua, nolabait ere pasa egin du tesi eta antitesiaren jokoa eta sintetizatuta dugu dagoeneko (bapo). Italian, besterik dira gauzak Pasolini zinemagile eta poetarentzat, antza. Pertsonaia deserosoa inondik ere: Italian, berberak heriotza bilatu (merezi) zuela irizten duenik bada franko.

Abel Ferrara Pasoliniz, tabuaren lorratzean
Abel Ferrara Cannesko Zinemaldian (2008). Argazkia: Georges Biard

Joan den ostegunean, urriak 1, Pasolini, poesia, memoria eta heterodoxiari buruzko solasaldia izan zen Donostiako San Telmo Museoan erakusketaren harira. Bertan izan zen Pasoliniri buruzko doktoretza-tesia prestatzen ari den Silvia Martin madrildarra. Ekarri zuen solasak (izan zen perpausa) Abel Ferrara zinema-zuzendariak Pasoliniri buruz ateratako filmea. Pasolini nork hil zuen argitu behar zuela, halaxe esan zuen Ferrarak filmearen 2014ko estreinaldian. Donostian bota zuten pelikula bere garaian eta, oraindik orain, San Telmo Museoak eskaini du. Pasoliniren bizitzari buruz gehiago jakiteko pelikula orokor bat espero zuten hara hurbildutako askok, edo bere heriotzaren ikuspegi argigarri bat beste batzuek.

Abel Ferrara, italiar-irlandar jatorriko newyorkar zuzendaria. Gorriz nabarmendu zituen pelikula-afitxako letrak, zerbait handia zetorren, antza. Bazen esperantza horrelako filme batek Pasoliniren memoria berreskura zezakeela, garai zaharretako ajeak atzean utzita, bere izen ona aldarrikatu. Ez horrelakorik pelikula honetan. Hasierak berak ez zuen ezer onik iragartzen: tipo bat beste baten txilibitua miazkatzen eta, gero, beste batena, atzean txanda eske gang oso bat zain zuela. Uuufa, honek ez zeramank oso bide onik…

Handik gutxira, Willem Dafoe agertu, aurpegiko hezur-masail mardulekoa. Hara, bai, Pasolini, antza denez. Egia esateko, ez dut askoz gehiago gogoratzen, filmetik zer salba daitekeen bururatzen ez, zerbait merezi duenik. Laura Betti itxuraz kaskarina, apetatsua,… Ia bukaeran, ondo neurtutako Pasoliniren azken orduen sekuentzia, plano laburretan gehiena, lau kolpe eta heriotza nahiko azkar bat. Epilogoa: Nineto Davoli agertzen da, bai, Pasoliniren amorante edo mutil-lagun izandakoa, dagoeneko 60 urteak paseak dituela, zertarako eta zentzurik gabeko Walt Disneyren moduko ipuin alegoriko bat kontatzeko, ikusleak istorioarekin nola lotu ere ez dakiela.

Andy_Warhol_by_Jack_Mitchell - Abel Ferrara Pasoliniz, tabuaren lorratzeanWillem Dafoe aktorearen lanean, berriz, ezer ospatzekorik ez, Pasolinik frantses telebista-katea bati emandako azken elkarrizketan bezalako aurpegikeraz makilatuta agertzen da, gogoetatsu. Hala ere, niri bururatzen gehiago Willem Dafoeren pertsonaia, Pasolinirena baino, ez ote den Andy Warholena (bere azkenetan zela). Eta pelikula hau? Andy Warhol faktoriako koka-kola poteetako beste bat izan daiteke, txurroak bezala egindako beste bat. Inor Pasolinik orduan zituen erronken eta heriotzaren inguruabarren berri jakitera joan bazen, film honekin jai bai. Bere homosexualitatearen gorabeheretan galdutako zoritxarreko gizon baten istorioa aurkituko du, Hollywoodeko film baterako istorio borobila.

Konplikaziorik ez, politika ezta aipatu ere badaezpada, aipamenik ez Pasoliniren kontra Saló filmearen harira Italiako hedabideetan bizi zen amorruaz eta oldarkeriaz. Hortik tonto-tonto edo auskalo zer zebiltzan mutiko batzuek hil omen zuten Pasolini. Zipitzik ez Sergio eta Franco Citti anaiek, Pasoliniren adiskide hurkoek, adierazitakoari buruz. Ezer ez Salóren lapurtutako bobinez eta Ostiako hidroskalora, Pasolinik ezagutzen zuen tokira, bobina horiek berreskuratzera joan zedin jarritako amuaz. Ezer ez gogo iluneko ragazzi di vitaen (kaleko mutilen) ezohiko jokaera susmagarriaz eta keinuez, edo Pasoliniren autoa atzetik segitu bide zuen ibilgailuaz.

Inor ez gurean, ez Estatu Batuetan, ezta Italian ere ez da asaldatuko filme honekin. Gauzak bere onera etorri bide dira, italiar gehienek berdin pentsatzen jarraitu ahal izango dute lasai, eskandalua bilatzen zuen zeakoi bat zela (eta alua ere bai bide batez). Tira, beharbada, zerbaitetarako balio izan du: Batikanoak, Pasoliniri askotariko (ez gorputzezko…) jipoiak emandakoak, Il vangelo secondo San Mateo Kristori buruzko inoizko film onena dela adierazi du, aleluia! Abel Ferrara (ala Frantzisko) efektua?

Abel Ferrara Pasoliniz, tabuaren lorratzean

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.