Bigarren aste tragiko baten zantzuak Bartzelonan 100 urte eta gero

Bartzelona, by SlapBCN, Flickr
Bartzelona, by SlapBCN, Flickr

1.500 eta 2.000 pezeta artean eduki behar ziren gerrara joan nahi ez izanez gero. Gutxik zuten ordea, euren askatasuna ordaintzeko adina diru, eta hori horrela odol zerga ordaintzera kondenatuak ziruditen. Baina Antonio Mauraren gobernuak erreserbistak Marokoko gerrara bidaltzeko harturiko neurriak erantzuna jaso zuen. Bartzelonako eta inguruko herrietako langileek bat egin zuten gobernuaren aurka eta elizaren aurka. Espainiar “inperio handi” ohiaren azken astinduek eraman zuten Marokoko gerran murgiltzera.

Elizaren aberastasunak eta erabateko presentziak (eskolen bitartez, batik bat) sentimendu antiklerikala errotu zuen katalanengan eta 1909ko uztaila hartan sentimenduak eztanda egin zuen, Bartzelona, suzko postal bilakatuz.

Francisco Ferrer i Guardia Eskola Modernoaren sortzaile eta anarkista aste tragikoaren eragile zuzen gisa kontsideratu zuen Espainiako gobernuak eta beste hainbatekin batera fusilatu zuen. Iraultza Espainiara hedatu ez bazen ere, heriotzen gain izan zituen bestelako ondorioak ere. Besteak betse elizaren erabateko botere eta sinesgarritasunaren galera ekarri zuen. Mauraren gobernuak ere ez zuen asko iraun gertakari horien ostean.

La Gallinaire taldeak ez du aste hura “tragiko” bezala oroitu nahi, matxinadaren sinbolo gisa, baizik. Eta altxatuak omentzeko Bartzelonako hainbat elizetako fatxadak pintatu dituzte. Komunikatu baten bitartez borrokak indarrean dirauela jakinarazi nahi izan dute.

“Elizari kiratsa dario, gaur sutan ez egon arren”, dio komunikatuak. Eta 1909ko matxinada txiroak aberatsen interesen defentsarako gerran hiltzera bidaltzen zituztelako gertatu zela azaltzen dute, tartean elizarenak. Egun izen ezberdinen azpian esplotazio bera jasaten dugulako oroitu nahi izan dute altxamendua. Eta borrokak indarrean dirauela sinesten dutelako.

Bartzelonako Artzapezpikuak gertakaria gaitzetsi du eta erlijio askatasunaren eskubidea gogorarazi die egileei. Eskubide horren errespetua gizarte demokratikoen oinarri dela ere adierazi du Artzapezpikuak.

Montserrat Coll Generalitateko Erlijio gaien sailburuak lekuz kanpoko ekimentzat  jo du, gizarte katalana bereizten dituen pluraltasuna, demokrazia eta modernotasunetik at, hain zuzen ere. Montserratek ezin ulertu dezake nola litekeen Bartzelona moderno, tolerante eta garbian halakorik gertatzea.

Aste tragikoaren oroimena beste modu batera egin behar dela uste dute beste hainbatek. Elizetan gorotzak bota eta bertako paretak margotu beharrik izan gabe, honek Marokoko gerraren aurkako altxamendua barregarri uzten duela uste baitute. Eta matxinada hura eta gizarteak ondoren jasan zuen errepresioa, barregarria ez den beste edozein hitzekin hobeto deskribatuko litzateke.