“Tipo jatorra zirudien”

by nRibas, Flickr
by nRibas, Flickr

Balkanetako gerran milaka eta milaka pertsona hiltzea agindu zuen ustez Karadzic-ek. NBEren arabera, bere gizonek 7.500 musulman hil zituzten Srebrenican 1995eko ekainean. Bosniako eta Kroaziako musulmanak izutzea zuten helburu. Izutu baino zerbait gehiago esango nuke. Orain epailearen aurrean azaldu beharko ditu ordukoak, baina defentsa prestatzeko denbora falta argudiatuta, atzo, bigarrenez huts egin du. Ez da epaitegian azaldu.

Bosniako gerrari amaiera eman zion Daytongo akordioaren ostean, Karadzic desagertu egin zen. Serbiako paramilitarren babesa zuela esan izan dute eta herrialde horrek nazioartetik presioa jasan zuen Karadzic atxilotzeko. Hori ordea, 13 urteren ondoren  baizik ez zen gertatu, 2008an. Bitarte horretan, identitate berri bat eskuratu zuen, Dragan Dabic medikuan bilakatu zen.

Medikuntza alternatiboan topatu zuen Karadzic-ek babesa. Bizar zuri lodiaren atzean ezkutatuta jendea sendatzen zuen. Urte horietan zehar ezagutu zutenek ezin dute sinetsi Dabic-en atzean, Serbiako lider ankerra ezkutatzen zela. Ezin sinetsi, “tipo jator” hark ustez milaka eta milaka pertsonen biziarekin akabatu izana.

Zer esan nahi dute “normala zirudien” esaten dutenean? Kultua eta manera onak izateak gaizkiatik urruntzen al gaitu? Egun on esan eta erosketekin laguntzen gaituen bizilaguna gaizkile dela ezin dugu ulertu. Ba al da hiltzaile dirudien hiltzailerik? Ala putaseme dirudien putasemerik? “Ikusia zegoen, tipo horrek hiltzailea zirudien” esaten entzun al duzue inoiz albistegietan gertakarien berri ematean?

(Karadzicen lagun  bati buruz ere hitz egin genizuen lehenago)