Zinemaldiko Klausura Filma: London Road

London Road –

London Road

Orain dela egun pare bat jaso genituen berriak kontutan hartuta (LOREAK filma Oscar sarietan estatu espainiarra ordezkatzeko hautatua izan dela, alegia), eta Moriartitarren fan fatala naizela aitortuta, nahiago nuke hurrengo lerroak zinegile gipuzkoarren azioari buruz hitz egiten aritzea. Baina ez, hori Oscarretan beste 4 film atzerritarrekin lehiatuko dela konfirmatzen dutenean egingo dut. Izan ere, euskal filma Hollywoderako bidean egon bai baitago, baina oraindik bide luzea geratzen zaio bertara iristeko, Aitor Arregik Zinemaldian esan zigun bezala. Baina ziur gaude lortuko duela!

London RoadLehengo astean iragarrita bezala orduan, LONDON ROAD, Zinemaldiko Klausura filmaz hitz egingo dut. Eta aurrez abisatzen dizut…. ez badituzu musikalak gogoko, beste alde batera begiratu.

Zinemaldia London Road 2Apostu ausarta izan zen Rufus Norrisen filma Zinemaldi erdipurdiko baten amaierarako programatzea. London Road musikal bat da, eta genero hau ez da “everybody’s cup of tea” ingelesek esaten duten bezala. Hau da, drama batek edo komedia batek publiko zabalago bati erakartzen dion bezala, musikala gutxi batzuk dastatzen dute gustoz. Nik, adibidez.

Nere fantasiazko munduan guztiz posible, onargarri eta onuragarri ikusten dut kalean norbait topatu, elkarrizketa normal bat hasi eta boteprontoan elkarrizketa “abesten” hastea, koreografia zaindu batek lagunduta. Eta imaginatzen dut okindegira joan eta ogia eskatzea, adibidez, Benito Lertxundiren Maria Solt eta Kasteroren doinuarekin. Lovely.

Baina Antzoki Zaharrean prentsarako emanaldian London Road ikusten ari ziren askok ez zuten horrela pentsatu eta filma hasi eta ordu laurdenera ospa egin zuten dozena-erdi bat ikusle zapuztuk.

London Road ez da film samurra. Ipswich herriko sei prostituten hiltzaileari buruzko filma da. 2008an bere atxiloketak komunitatean izan zuen eragina aztertzen da, poliziak bizilagunei egindako elkarrizketetatik abiatuta. Musikala izateak zerbait samurtzen du kontakizuna, arinagotu egiten du, baina batzutan istorioa geldotzen duela eta sakontzen uzten ez duen sentsazioarekin geratu nintzen.

Zinemaldiko Klausura Filma: London RoadAzterketa soziologiko hau ikusteak merezi du baina, bertan ukitzen diren gaiak modu originalean erakusten dituelako: prostituzioak komunitatean duen eragina, hiltzailea bizilaguna izateak sortzen duen mesfidantza, komunikabideen presentzia itogarria etab. Komunitateari elkarrekin aurrera egitea baino ez zaio beste erremediorik geratzen. Dena baretzen denean zenbait bizilagunek lasaitasuna aitortzen dute, hilketen ondoren prostitutek auzotik alde egin dutelako. Egia entzutea gogorra egiten da. Eta Norris zuzendariak kasu hura gaur egun Europan gertatzen ari den inmigrazio krisiarekiko obsesioarekin konparatzen du: “Epe motzerako erantzunak ematen dituzte, hildako haur baten argazkiagatik adibidez, baina ez dago gaiari buruzko elkarrizketa sakon bat“.

Hausnarketa honekin uzten zaitut irakurle maitea. Datorren astean zine gehiago.

Deigarria: Nire Tom Hardy maitea hain gutxitan azaltzea. Hementxe

 

Izarrak: 3/5

3-izar

LONDON ROAD trailerra (ENG)

Zinemaldiko Klausura Filma: London Road

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus