‘Ederra eta Piztia’ filmetik haratago, asteko zinema estreinaldiak!

asteko zinema estreinaldiak >

Martxoak 17

asteko zinema estreinaldiak

EGILEA: MALEN IRURETAGOIENA

Grave (Crudo)

Frantziatik goretik eta terroretik asko duen filma datorkigu. Julia Ducournau zuzendariaren lana nazioarteko hainbat jaialditatik igaro da jada, eta sari potoloak jaso ditu Cannes, Toronto, Sitges, Londres eta AEBetan. Filmeko protagonistak, Justinek (Garance Marillier), hamasei urte ditu eta ikasle bikaina da. Barazki-jalea da, familia osoa bezala, baina Albaitaritza ikasten hasiko da, eta berehala haragia jatera behartuko dute.Pixkanaka, obsesionatzen hasiko da, egunero haragi gordina jaten amaituko duen arte. Irudi bortitz eta odoltsuz jositako film indartsua, apustu estetiko hori amaierara arte defendatzen duena.

La pazza gioia (Locas de alegría)

Italiatik, aldiz, Paolo Virziren lan berriena helduko zaigu: La pazza gioia komedia dramatikoa. Villabiondi psikiatrikoko bi emakume dira protagonista. Bata, Beatrice (Valeria Bruni Tedeschi), kondesa berritsu eta diruduna da, eta bestea, Donatella (Micaella Ramazzotti), gorputza tatuaturik duen emakume gazte misteriotsu eta itxia. Elkarrekin lagunarteko abentura zirraragarria biziko dute psikiatrikotik ihes egin ostean. Lanak film onenaren Urrezko Espiga saria, ikusleen saria eta emakumezko aktore onenarena jaso zituen iazko Seminci jaialdian.

Imperium

Gertaera errealetan oinarritutako filma, AEBtako talde neo-nazietan infiltratu zen Michael German (Daniel Radcliffe) gaztearen bizitzari buruzkoa. Zurien gailentasunean sinisten zuten talde erradikalek bonbak eta erasoak erabili nahi izan zituzten kaosa eragiteko. Daniel Ragussis zinegilearen bigarren film luzea da, eta nazioartean kritika onak jaso ditu.

The Hollars

AEBtako zinema independentearen baitan kokatutako film atsegin eta ederra. Artista izan nahi duen John Hollar gaztea New York hiria eta haurdun dagoen emaztea utzi eta sorterrira itzuli beharko da, gaixo dagoen amari eta sendi osoari laguntzeko. Egoera asko aldatu da bertan, eta pixkanaka, anaiarekin, aitarekin eta amarekin moldatzen ikasi beharko du, guztiek aurrera egiteko. Sundance, Los Angeles eta Bostongo zinema jaialdietatik, tartean, igaro den John Krasinskiren lanak une komiko eta hunkigarriak uztartuko ditu.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

asteko zinema estreinaldiak zinea.eus

Euskal pantailaren gunea