Zientzia eta umorea bateragarriak direla frogatu da Wolfram Deunaren jaian

Zientzia eta umorea bateragarriak direla frogatu da Wolfram Deunaren jaian

  • Bakarrizketa zientifikoek barrez leherrarazi dituzte ikusleak.
  • Zientzia gizarteratzea eta zientziazaleen komunitatea sendotzeko helburuak ditu ekitaldiak

Zientzia eta umorea bateragarriak direla frogatu da Wolfram Deunaren jaian

Barre artean ospatu da Wolfram Deunaren jaia, Bergarako Aroztegi aretoan. Elhuyarren eskutik, zortzi hizlarik umorezko bakarrizketak eskaini dituzte, zientzia aitzakiatzat hartuta.

Hamaika gai izan dituzte hizpide: arrak garestiak direla espezierako, sinestesia eta espazioa, sasi-terapiak, ikertzaileen komeriak…

Aipatzekoa da hizlarietako batzuk zientzialariak direla, baina ez denak. Hori bai, guztiak dira zientziazaleak eta denek zuten helburu bera: zientzia-gaiak zailak direla pentsatzen dutenei beldurra kentzea eta interesa eta jakin-mina piztea. Eta, bertaratutakoen barreak eta algarak aintzat hartuta, garbi dago lortu dutela.

Hauek izan dira hizlariak: Ibon Cancio Uriarte biologoa, Miren Karmele Gomez Garmendia Pamplonetarioko komunikatzailea, Uxoa Iñurrieta Urmeneta informatikaria, Edu Lartzanguren Urdangarin kazetaria, Ainhoa Latatu Nuñez mikrobiologoa, Josu Lezameta Larrabeiti euskara-irakaslea, Josu Lopez Gazpio kimikaria eta Idoia Torregarai Martija UEUko komunikatzailea. Gidari-lanetan, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidea aritu da.

Zientzia gizarteratzeaz gain, beste helburu bat ere badu ekitaldiak: zientziazale euskaldunon komunitatea indartzea. Aurretik, gainera, Laboratorium museora bisita gidatua egiteko aukera ere izan dute.

Bigarren urtez antolatu du Elhuyarrek Wolfram Deunaren jaia Bergarako udalaren laguntzarekin, eta ekitaldiaren izena eta lekua ez dira kasualitatea. Izan ere, Bergarako seminarioan isolatu zuten Elhuyar anaiek wolframa edo tungstenoa, euskal zientziak taula periodikoari egin dion ekarpena.

Zientzia eta umorea bateragarriak direla frogatu da Wolfram Deunaren jaian

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.