Zein den zein gaurko finalean

Zortziak dira bere amarenak, denek dute berezko bertsokera. Zein dira ordea bakoitzaren ezaugarriak? Eta zer espero dugu eurengandik?

  • Andoni Egaña: Azken lau saioetako txapelduna da. Esan eta esan ari dira txapela garesti salduko duela eta arrazoi dute hori diotenek. Saio ona egiten badu, gainerakoen gainetik ikusten dugu guk, koska bat behintzat. Baina ez luke erlaxatu behar: hitz jokoan abila da, erreferentziak tartekatzen inor ez bezalakoa, umorean eta draman fina izateaz gainera. Belaunaldi bateko azken kantaria izango da. Gainerakoek asko kantatu beharko dute berari irabazteko.
  • Maialen Lujanbio: Adituen ustez, txapela janzteko bigarren faborito nagusia. Finalerdietan oso ondo (eta une batzuetan bikain) aritu da. Berezko bertsokera du, emozionantea bezain teknikoa da. Beretik kantatzen badu, buruz-burukoan egongo da, ziur.
  • Amets Arzallus: Akatsik egin gabe, sendo ageri da. Finalerdietan fin aritu zen, bere neurrian goia jo gabe baina. Egun handietan hazi egiten da eta zirirako bezala seriorako bertsolari aparta da. BECen saio ona egin zuen duela lau urte, eta beldur eszenikorik ez du izango. Porretan txapelerako hirugarren hautagaia da. Besteen hutsak ere beharko ditu horretarako, bere saio bikainaz gain.
  • Unai Iturriaga: Finalerdietako lehen saio txarraren ostean eta azken orduan final handian bere lekua egin eta gero, anbizio handiz etorriko den bertsolaria. Komikitik eratorritako txispa berezia du. Onomatopeia eta erreferentzia ezberdinak erabiltzen ditu besteren artean. Bere ekarria ezinbestekoa zen finalean.
  • Aitor Mendiluze: Erregularrena da. Iñaki Muruak makina bat bezala definitu zuen. Bertsoa matematikoki osatzen du, akatsik egin gabe. Brilloaz gainera karisma ere falta zaio txapelerako hautagaien artean egoteko. Badaki zer eman dezakeen, eta hori bere aldeko arma da. Mendiluze ausartago bat ikusi nahiko genuke ZuZeuko erredaktoreek. Ongi egitera baino, hunkitzera bezala arriskatzera joango dena.
  • Jon Maia: Inoizko txapelketa onena ari da egiten. Zentratuta ikusten zaio. Arrazoietan pisua jartzen du beti, eta sarritan ahaztu egiten zaio alor teknikoa. Aurten biak uztartzen egoki ikusten zaio. Bertso antologikoak uzten ditu txapelketa guztietan. Aurten ere berdin izango al da? Maia gabeko txapelketarik ezin imagina daiteke.
  • Sustrai Colina: Bi finalerdi irabazi ditu, baina ez du dizdirarik gabe aritu da. Finalean saio hobea egingo du. Egun handietan bere saltsan aritzen da. Arrazoiean nondik aterako den ez duzu jakiten urruñakoarekin. Sorpresa ematera aterako da, eta presiorik gabe aritzeak bere alde egin dezake.
  • Andoni Sarriegi: Lehen aldiz izango da finalean. Igor Elortzaren lekua hartu du, eta beteko duen postuak baino garrantzia gehiago du emango duen sentipenak, utziko duen arrastoak. Bertsolari ona dela erakutsi du, bertso motzetan freskura handiagoa ikusten zaio luzean baino. Finalean urduritasun edo presiorik igarriko duen inkognita bat da. Ia saio ona eskaintzen duen.

Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalistak

Irudia | Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalistak | Ezezaguna | LGPL
BEC, bertsolaritza, finala
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Zein den zein gaurko finalean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude