Zaporeen gordailua osatzen

Zaporeen gordailua osatzen Lehortzen jarritako olarru usaintsua. Olarru zoparen zaporea. Gatzagi naturala erabiliz egindako gaztak. Txilar-ezti gozoa. Gazikutxan ondutako urdaiazpikoa. Baserriko ganbaran zintzilik lehortzen dauden txorizo eta txistorrak. Mermelada eta konfiturak. Opilak. Ahate patea. Maiatzeko esneaz eginiko gaztanbera edo mamia. Etxeko sagardo eta txakolinaren printzak. Amaierarik ez duen zerrenda osatuko nuke faltan sumatzen ditudan zapore eta artisau eran eginiko elikagaiekin.

Non dira betiko zaporeak? Non, tradizioari jarraiki eginiko produktuak?

Zapore, tradizio eta ezagutza asko dute bere baitan hainbat eta hainbat elikagaik. Artisau eran, tradizioari jarraiki eginiko tokian tokiko produktu eta errezetak bizirik diraute. Baina ezkutuan nonbait. Elikagai hauek ondare izaera, izate eta ezagutza baten ondorio dira. Belaunaldiz belaunaldi igaro den ezagutza. Baina, transmisioa ere ez dakit nik, ez ote den eteten hasia.

Akordatzen naiz, getariar arrantzale batzuekin solasean nengoela, haietako batek baieztapen irmo batekin cultura del paladar deitzen zena galdua genuela bota zuenean. Ez ditugu gure betiko zaporeak ezagutzen. Produktuak ere ez. Sekula probatu duenak, memorian gordetako oroitzapena besterik ez dauka gaur. Gustua ere hezi egiten da… Ez zitzaien arrazoirik falta.

Produit du terroir deitzen diote frantses estatuan artisau eran ekoiztu eta landutako elikagaiei. Babestutako Jatorri Izendapen edota Babestutako Izendapen Geografikoaren baitan agertzen dira batzuk. Baina beste asko eta asko, produit du terroir bezala ezagutzen da jendartean. Marka handirik gabe. Tradizio eta ezagutza zaharrak mantenduz elaboratutako produktuek badute berezko balio erantsia. Eskualde zein maila lokalean landutako produktu eta elikagaien aniztasunaren adierazle dira. Elikagaien industriak merkatua bereganatzearekin batera, tokiko barietateen desagerpena ekarri zuen berarekin. Baina badago sentimendu bat, izate bat. Betiko eran, mimo handiz, ondo egindako gauzak mantentzeko grina.

Zaporeen gordailua osatu nahiko nuke. Elikadura tradizioak bildu eta kutxan gordetzeko ahalmena izan. Minwell Tibbotek egin zuen moduan, zapore eta errezeten kutxa bete. Desagertzeko arriskuan dauden elikagaiak eta zaporeak jaso eta babestu. Ekoizpena, elaborazioa, kontserbazioa eta sukaldatzeko erak ezagutu. Oroimenean galdurik direnak berreskuratu, eta horiek denak ezagutarazi. Zapore eta elikagaien esploratzaile. Ezagutza, teknika, praktika, errito eta errezeten bilduma osatu eta gure elikaduraren historia eraikitzeari ekin. Aurretik egindakoari segida emateko garaia da, zaporeen analfabeto oso bihurtu aurretik.

Gastronomia, elikagai eta elikadura kultura, jendartea, tradizioa eta tendentzia berrien behatzailea