Xabi Paya: “Gustatu edo ez, 2016ak ingurua lugorritu du”

Xabi Paya

Amagoia Mujikak Xabi Payari eginiko elkarrizketa publikatu zuen 2016ko azkeneko egunean, Gaur8-n. Paya Donostia 2016ko Kultur Programaren zuzendaria izan da. Elkarrizketaren zati bat dakargu hona, osorik irakurri nahi izanez gero sakatu hemen.


Xabi PayaGaur bukatuko den urtean Xabi Payarekin topatu garen bakoitzean elkarrizketa beti puntu berdinean hasi da: «Zenbat egun falta dira 2016a bukatzeko?», erdi serio, erdi broma. Eta berak erantzuna zehatz eta zorrotz, beti. Hiriburutzaren kultur programako edozein proiekturen inguruan galdetu eta berdin erantzuten du, zehatz eta zorrotz, bere lanaren kontzientzia osoarekin.

Xabi Paya ohituta zegoen lehendik mila saltsatan aritzen. Oraingoan ere mila saltsa kudeatu behar izan ditu, «baina guztiak lapiko berean» eta ia egunero prentsaren aurrera agertuz. Etxean pijama jantzita itzulpenak egiten zituen garaitik salto handi samarra. Hala ere, ez da trenetik jaitsi, bere buruari promesa egin ziolako hasi eta buka egingo zuela. Eta dimititzekotan, bihartik aurrera.

.

Donostia 2016aren bidean miseria asko agertu dira. Gure jendartearen miseriak al dira?

Nik aspaldi esan nuen 2016tik ez dugula arazo berririk sortu. Nik, egiten dudan lo apurra, lasai egiten dut. Guk agerian jarri ditugu ikusten ez direnak, hori izan da gure lana, hala tokatu zaigulako. Gure gaia elkarbizitza zen, nahiz eta egia den “elkarbizitza” hitza gaur ja hutsik dagoela. Nik proiektu honetan izugarri ikasi dut. Ikasi dut badaudela beste hitz batzuk behar ditugunak. Horietako bat da “konpromisoa”.

Oso ondo gogoratzen dut 2013an nola joan ginen Derry-Londonderry-Doirera. Britainiako kultur hiriburua izan zen eta beren proiektua ezagutzera joan ginen, Ipar Irlandako gatazka nola landu zuten ikusteko. Egin ziguten lehendabiziko galdera izan zen: «Partekatzen duzue terminologia? Ados zaudete gatazka bat egon dela esaten duzuenean? Edo, behintzat, onartzen diozue parekoari batek gatazka esatea eta, besteak, terrorismoa?».

Eta gure erantzuna izan zen ezetz, ez ditugula hitzak partekatzen. Eta horren adibide da proiektu askotan ezin izan ditugula erabili zenbait hitz. Ez naiz objektuez ari, hitzak ere apartatu behar izan ditugu.

Adibidez, Tirabirak erakusketa. Bertan jasotzen da Espainiako Konstituzioan adierazpen askatasuna onartu zenetik gaur egun arte, hedabideek tira komikoen bitartez nola islatu dituzten gure gizartearen une korapilatsuenak euskal gatazkaren inguruan. Gonbidatzen zaitut erakusketara joan eta “euskal gatazka” terminoa bilatzera. Ez dago.

Guk erakunde batzuk ditugu atzean –gainera kasu bakoitzean bere esparruan gorenak dira erakunde horiek– eta gauzak beti ahal ditugun urrunen eraman ditugu. 2016an zein izan da kontsentsuan urrunen eraman ahal izan dugun terminoa? Euskal gizartearen iragan gatazkatsua.

Horrek adierazten du oraindik emozioetatik hizketan ari garela. Oraindik mina dago, zauriak irekita daude eta horrek hoztu egin behar du. Alde guztietan daude zauriak irekita, gainera. Alderdi guztiekin zuzenean aritu gara lanean eta garbi ikusi dut hori. Nik askotan esaten dut nik nire burua proiektu honetan kulturan lan egiteko aurkeztu nuela, ez politikan.

Politikariek etengabe zangotrabatu duten proiektua izan al da?

2016a erakundeen eta gizartearen arteko hibrido bat izan da. Gu ez gara gaztetxe bat, baina kudeatu ditugu kultura alternatiboko proiektuak; gu ez gara erakunde bat, baina erakundeen erantzukizuna izan dugu etengabe; ez gara erakunde pribatu bat, baina ekitaldiak egiteko baimenak eskatu behar izan ditugu gainontzeko antolatzaile guztiek bezala.

Hibrido horrek eragin du gizarte mugimenduek erakundeei egurra emateko tresna bat behar zutenean, gu geu ginela parterik ahulena. Eta, aldi berean, erakundeek gizartera hurbildu nahi zutenean, gauzak beste era batera jantzi nahi zituztenean, gu geu soineko oso eroso bat ginen.

Jarraitu irakurtzen…

Argazkia: EiTB
Xabi Paya

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.