Berriturik dator “Teknopolis” saioa

“Teknopolis” saioak hainbat aldaketa egin ditu denboraldi berriari begira. Atal berriak estreinatuko ditu, Vlog, Climate Trackers eta Flash izeneko atal berriak hain zuzen. Web-gunean ere (teknopolis.elhuyar.org) hainbat moldapen egin dira, eta sareak eskaintzen dituen 2.0 tresnak gehitu zaizkio web-guneari: erabiltzaileak Teknopoliseko erreportajeak jeitsi eta blogetan txertatzeko aukera izango du, hala nola, bideoak sare sozialetan partekatzeko aukera eta gainera, erreportaje bakoitzean iruzkinak egin ahal izango dira. Programaren ikusleen iritzia jaso eta erantzun nahi da iruzkinen bidez. Hala ere, erreportajeak jarraituko dute Teknopolis saioaren eduki nagusia izaten. Euskal Herrian nahiz hemendik kanpo egiten diren ikerketa zientifiko eta teknologikoetan begia jarriz jarraituko du Teknopoliseko lantaldeak gaiak sakon aztertzeko. Hori guztia dekoratu berri bat estreinatuz egingo du “Teknopolis”ek, asteazken honetatik aurrera ETBn.

Denboraldi berriaren aurkezpena astearte honetan, urriaren 13an, egin da Elhuyarren egoitzan, Usurbilen, eta bertan Miguel Angel Idigoras Euskal Telebistako zuzendariak, Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendariak eta Maider Egües “Teknopolis”eko zuzendari eta aurkezleak hartu dute parte. Saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak ere egon dira. Honako babesleen laguntza du saioak: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Vlog izango da “Teknopolis”ek estreinatuko duen atal berrietako bat. Hamabostean behin emango den bi minutuko tartea da. Haritz Rodriguez kazetariaren eskutik gadget teknologikoei buruz hitz egingo dute eta Interneteko azken joeren berri emango da. Kalean grabatuko da, gertutasuna bilatuko du eta praktikoa izatea du xede.

Climate Trackers tarteak, berriz, klima aldaketaren ondorioei erreparatuko dio. Europar Batasunak babestutako serie bat da eta klima aldaketak mundu osoko faunan duen eragina aztertzen du. Atal bakoitzak animalia bat izango du protagonista.

Horrez gain, Flash izeneko sail berria izango da ikusgai. Argazki bati ematen zaio tartea. Argazki ikusgarri eta kuriosoak harrapatzen ditu, Elhuyar aldizkariko flash atala du oinarri. Honi lotuta, sariketa bat jarriko da abian eta hilean behin ordenagailu ultraeramangarri bat banatuko da.

Aste honetako gaiak

Erne: birusak! erreportajearekin zabalduko dute denboraldi honetako lehen saioa. Azkenaldian birus desberdinen inguruan alerta egoera asko sortu dira: hegazti gripearen birusa, A gripearen birusa, SARS koronabirusa…. Donostia ospitaleko mikrobiologia laborategia Euskal Autonomia Erkidegoko gripearen erreferentziako laborategia da eta bertan izan dira, baita Basurtuko ospitalean ere: patogeno bereziak kalitate-kontrolarekin aztertzeko Europako Batasunean dauden erreferentziazko laborategietako bat dago Basurtuko ospitalean. Hainbat gaixoren testigantzak ere jaso dituzte erreportajean.

Erreportajearen gaiari lotuta eta birusen aurkako txertoez hitz egiteko, platoan Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakaslea elkarrizketatuko du Maider Egüesek.

Vlog atalean Haritz Rodriguez kazetariak “2.0” kontzeptua azalduko du Zarauzko azokatik.

Pilula tartean sexu-identitateaz arituko dira. Munduko Atletismo Txapelketan 800 metroko errekorra hautsi ostean, Caster Semenya kirolariaren sexu-identitatea azterbidean dago. Zergatik jartzen da zalantzan haren sexu-identitatea? Zer gertatzen da korrikalariaren kromosometan? Hori guztia argitzen saiatu dira.

Climate Trackers sailak azeri artikoa behatuko du. Artikoan eta tundran tenperatura igotzearen ondorioz, azeri artikoa baino handiagoa den azeri gorria iparralderantz mugitzen hasi da eta pixkanaka, haren gordelekuak okupatzen ari da. Elikagai berdinengatik borrokatzeaz gainera, azeri artikoaren kumeak harrapatzen ditu. Gupidarik gabeko konpetentzia hori dela eta, azeri artikoa desagertzen ari da azeri arruntak hartutako lurralde artikoetatik. Horrez gain, Flash argazkian Yellowstoneko parkea erakutsiko dute.

36 atal izango ditu denboraldi berriak. Lehen emanaldia asteazkenero ETB-3n izango da ordutegi nagusian 21:30ean eta igandeetan ETB-1 eta ETB-2n izango da ikusgai, gaztelaniaz igandeetan 10:30etan eta euskaraz 20:00etan.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.