Ur berri on, urte berri on, Urdiain

Urdiain

Urte berri egunean Iñakito Garayk idatzi zuen etxe honetan, batetik urte berri eguneko kanta baten berri emanaz, eta bestetik galdetuz ea gehiago ba ote genekizkien. Orduan ez, baina gaur erantzuteko moduan naiz, Urdiainen mantentzen den usadio baten inguruko informazioa jaso baitut Nabarralde kultur ekimenaren eta Patxi Mendiburu blogariaren eskutik.

UrdiainUrte zahar gauen Madril eta Zumaiako kanpaikadekin matraka ematen ziguten bitartean, Urdiaingo gazte koadrilak herriko plazako iturriaren bueltan aurkitzen ziren, eskuan hamabi mahats izan beharrean, pitxar batekin. Ezkilek jo bezain pronto urte berriko lehen ura jasotzen dute pitxarrean, eta segidan herriko hainbat karguengana jotzen dute. Lehen apaiza eta beste; egun, bigarren bideoan dioenaren arabera, zinegotziei eskaintzan zaie urteko lehen ura.

Lehen bideoa Caro Baroja anaien lana da, 1971n egindakoa, eta Patxi Mendiburuk jarri dio letra; bigarrena Mikel Nazabalek 2014eko abenduaren 31 eta 2015eko urtarrilaren 1ean grabatutakoa da.

Doakie proposamena ETB1-eko arduradunei, egun hauetan jasotzen ari diren egurra datorren urtean saiheste aldera. Pentsa, une batez, betiko eszena muntatu beharrean, urte zaharreko programa Urdiainetik egingo balute. Berezia izango zen, orijinala, hori zihur, eta euskal komunitateari irribarre bat zabalduko liokete, ziur naiz.

Hala egingo balute, hamabi mahats beharrean urteko lehen urarekin trago luze bat hartzeko konpromisoa hartzen dut; eta nire egarria ez luke urak bakarrik aseko, telebistak baizik.

  1. Arantzazu, zer dekazu?

Ur goiena, ur barrena;

Ur goiena, ur barrena

Urte berri egun ona.

  1. Etxe onetan sar dayena

bakearekin osasuna;

bakearekin osasuna

onarekin ondasuna.

  1. Etxekoandre giltzaria

iriki zazu ataria,

iriki zazu ataria

ba dekagu ur berria;

ba dekagu ur berria

presta zazu gosaria.

  1. Etxe ontan oilar bi

bat bestea dirudi,

etxe ontako etxekoandreak

Ama Birjina dirudi.

  1. Etxe ontako nagusi jaunak

poltxia txintxirrinduna;

poltxia txintxirrinduna;

zilarrez ezpataduna.

  1. Etxe ontako nagusi jaunak

urre gorrizko bizarra

artxek, artxek eman dia neuri 
errieltxo biko zidarra.

  1. Goien goien ilargia

erdi erdian klaveliña

gure baratzan belar ona

ark botatzen du usai ona.

  1. Izotzetan elurretan

Abenduko gau luzetan

beste guziak ohian eta

gu, gaizuok, oinutsetan.

  1. Eguzu, bada, eguzu

baldin eman nahi ba dezu,

baldin eman nahi ba dezu,

bestela despegi gaitzazu.

.

Jarraian ura eskaintzen da, eta etxeko arduradunak ez badie bueltan opilik ematen, honakoa abesten zaio:

  1. Arramaioan dabil sagua

ari segi dail katua

etxe ontako limosnarekin

eztuu beteko zakua

  1. Etxi onetan dago uztarri

aren gainian uzkar bi

Amen, amen.

Urdiain

 

abestiak, euskal kultura, kanta zaharrak, kantuak, koplak, kosmobisioa, nafarroa, Sakana, udiain, Urdiain, Urte berria

2 pentsamendu “Ur berri on, urte berri on, Urdiain”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude