Tranxmedia jardunaldia abian da, eman izena!

Ongi etorri tranxmedia jardunaldiaren bigarren ediziora!

Tranxmedia jardunaldiaren bigarren edizioak aukera paregabea eskaintzen dizu, beste behin ere, etorkizuna irudikatu eta sortzen hasteko.

Transmedia esperientzian murgiltzeko jardunaldi honetan, goizean, nazioarteko eta hemengo transmedia proiektuen aurkezpena egingo da. Power to the Pixel-en jarduna oinarri modura hartuta, Tishna Mollaren eskutik, mundu mailan lantzen ari diren adibide esanguratsuenak aztertuko dira.

Jarraian, Donostian burutu zen TranXlan laborategiaren aurkezpena egingo da. Arratsaldeko tailerrean, berriz, Korrika izango dugu hizpide: zeintzuk dira euskararen aldeko lasterketaren transmedia garapen posibleak? Ideia zaparrada interesgarria izango da.

Transmedia, fikziotik zein errealitatetik abiatuta osatutako istorioak kontatzeko narrazio eredua da. Transmedia proiektuek, narratiba berriak bilatzen dituzte, audientzia kontakizunaren protagonista bihurtzen dute, interakzioan oinarritutako produktuak diseinatzen dituzte, eskura ditugun baliabide teknologikoak darabiltzate… hots, gaur egungo testuingurura egokitutako proiektuak dira.

EITB (Euskal Irrati Telebista), Tabakalera (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) eta UPV-EHUk (Euskal Herriko Unibertsitatea) aurkezten duten jardunaldiak komunikabideetako, komunikazio eremuko zein kulturgintza alorreko profesionalen, ekintzaileen, industria digital eta teknologikoetako sortzaileen, ikasleen, transmedia ikertzaileen eta gai horien inguruan interesa duten guztien arteko topagune izan nahi du.

Eman izena eta zatoz tranxmedia jardunaldira!