Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Euskal dantza eta parranda dira Tio Teronen Semeak dantzari kuadrillaren ‘Frescool’ emanaldiaren oinarriak; Herriz-herri saltoka, giro paregabea sortzeko gai dira. Uneaz gozatzen dabiltza eta ez dute festa amaitzeko asmorik.

Topikoak gaindituz, badira gerrikoa ederki astintzen dakiten euskaldunak. Oinak arinak dituzte Tio Teronen Semeek, eta egun bakar baterako sortutako ikuskizuna izan behar zuenak urtebete darama Euskal Herriko plazetan, bertaratzen direnei irribarre eta algarak ateraz. Hogei bat dantzari eta lau musikariz osatutako lagun talde bihurriak sare sozialak irauli ditu; kuadrillako batzuekin bildu gara, beren arrakastarako sekretua ezagutzeko.

Nondik datorkizue izen bitxi hau?
Dantzaren semeak gara, eta ideia horri lotutako izen dibertigarri eta xelebrea aurkitu nahi genuen, euskal dantzaren kutsua agerian utziko zuena, baina misterioa mantenduz. Ideia guzti horiek biltzeko beste gauza hoberik ez zitzaigun bururatu, eta aurreskuaren doinuari keinu eginda, Tion teron, tiraron tion teron, tariraron… doinuarekin jolastea erabaki genuen. Elkartzeko dei moduko bat bihurtu da guretzat, nahiz eta hasieran gutako baten batek izena Googlen bilatu behar izan zuen, Tio Teron norbait zelakoan! Kar, kar, kar…

Eta non ezagutu zenuten elkar dantzaren semeok?
Euskal dantza tradizionaletik gatoz guztiok; kontua da ordu asko igarotzen genituela elkarrekin jaialdietan, entseatzen… Eta atsedenaldietan, lanak sortutako tentsio horren eraginez, oso une politak sortzen ziren, tontakeria pila bat egiten genituen. Hortik sortu zen txorakeria horiek ikuskizun bihurtzeko ideia zoroa.

Zergatik uste duzue zabaldu zaretela horren azkar sare sozialetan barrena?
Dantza tradizionalak badu bere publikoa, baina tradizioak ez du horrenbeste konektatzen jendearekin. Sare sozialetan gauza zehatzak bilatzen ditu jendeak, kasu honetan, umorea. Biak lotu ditugu guk; euskal dantza umore klabean eraikita dagoenez, publiko zabalago batera iristea lortu dugu. Umorea oso komunikazio tresna potentea da, plazer azkarra eskaintzen duelako. Bestalde, unibertsala ere bada; horri esker, Euskal Herritik kanpora joaten hasi gara, eta Salamancan adibidez, jendea barrez lehertzea lortu genuen, ikuskizuna euskaraz eskaini arren. Umoreari esker konektatu dugu jendearekin.

IRAKURRI GEHIAGO: GAZTEZULO.EUS

Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.