Sortzearen edertasuna, Saizarbitoriarekin

Inazio Usarralderen eskutik
Inazio Usarralderen eskutik

Atzo arratsean izan zen Lazkaoko Gerriko txokoan Ramon Saizarbitoria, Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak antolatutako Liluratura egitasmoaren barnean, Egunero hasten delako nobela irakurri eta egilearekin aztertu nahi zutela eta. Mikel Hernandez Abaitua izan zuen ondoan, bere iruzkinekin tertulia aberastuz, eta berak aitortu zuen txofer lanak baino gehiago eginez.

Solasaldira 50 bat lagun elkartu ginen: 30 lazkaotar –horietatik 25 batxilergoko ikasleak- eta 20 maizpidetar (Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara ikasten ari diren ikasleak). Lazkaoz kanpotik ere inguratu ziren hiruzpalau ezagun.

Ramon Saizarbitoria eta Mikel H. Abaitua garaiz heldu ziren, patxadaz. Eta horrela, dena prest zegoenean gure gaia jorratzen hasi ginen : Egunero hasten delako argitaratu zuela 40 urte beteko dira hurrengo hilean. Hunkigarria izan zen nobelak jorratzen duen gai nagusia (beste batzuen artean, abortuarena), duela 40 urteko testuinguruan kokatzeko ariketa egitea aurrean batxilergoko neska-mutikoak genituela. Egia esan, hauek ez zuten gauza askorik kanporatu baina, atzo R. Saizarbitoriak esandakotik, zerbaitekin aterako ziren. Guk ideia hauek zirriborratu genituen geure paper zurian:

-Egunero hasten delako nobela duela 40 urte plazaratua izan bazen ere, berebiziko indarra du gaur egun oraindik.

-Heriotzaren gaiak gaztetan hunkitu zuen R. Saizarbitoriak. Txikitan Mutrikura sarri joaten zirela kontatu zigun, aita bertakoa izaki. Eta han behin jakin zuen emakume batek, haurdun geratu zela eta, bere buruari tiro jo ziola. Gerora, Suitzan zela, abortuaren gaia tratatzeko beste moduak bazeudela ikusi zuen. Hau da, dramatikoa den egoera bati nola eman irtenbidea beste era batera, dramatikoago bihurtu gabe.

-Gainera, gai horri esperantza tonu bat eransten dio, izenburuak berak erakusten duen moduan, (bizitza) egunero hasten delako.

-Abortuarenaz gain, giza harremanak, eta horien artean sexu harremanak nola jorratzen dituen azpimarratzekoa da. Oso ikuspegi aurrerakoitik hitz egiten du nobelako pertsonaia nagusiak, Gisélek. Ariketa polita da Gisèlek esaten dituenak bere garaiko giro ilun eta hits hartan kokatzea.

-Giza harreman horietan, bakardadearen gaia da beste gai nagusi bat. Batean geltokian eta bestean telefonogune batean agertzen den agurearengan islatzen da ondoen bakardadearen gaia.

-Nobela honek zentsuraren ataka nola gainditu zuen ere kontatu zigun. Euskarak zentsura mota bat pairatzen zuen 60ko hamarkada amaieran, politikoa. Hori dela eta, Europako beste edozein hizkuntzetan debekatua, zentsuratua izango zen nobela argitaratu ahal izan zuen Saizarbitoriak.

-Kultura txikiek abantailak ere badituztela pentsatzen du R. Saizarbitoriak. Esaterako, beste kultura handi edo normalizatu batean idazle izatera iritsiko ez liratekeenak, kultura txiki batean iritsi egiten dira. Eta gainera, Saizarbitoriaren belaunaldikoei egokitu zitzaien garaian dena egiteke zegoenez, edozer gauza egiteko ausardiaz sentitzen ziren. Batik bat, une hartako giro itxi eta zurruna apurtu eta oxigeno apur bat ekarri asmo zuten euskaldunen mundura. Euskaraz idaztea bera, berariaz hartutako erabaki izan zen belaunaldi harentzat. Euskara merezi zuen gradura jasoko bazen, edozein gaiez jarduteko baliagarria izan behar zuen, literatura arloan aurreratuen zirenen hainbat lekutan egiten zen modura. Hori horrela, frantziar literatur aizan zen Saizarbitoria gehien erakartzen zuena.

-Urte dezente lehenago idatzitako nobela hartu eta hura berridazteak sortu zizkion gorabeherak ere xeheki kontatu zizkigun. Hortxe azaleratu zizkigun Saizarbitoriak bere idazteko prozesuan bizi ohi dituen sufrikario handienak. Esan nahi duena esatea, baina mozorrotuta. Aitortu zigunez, bere nobelek beti ohi dute tesi argi bat. Baina, ez du nahi izaten esan nahi duen horri jendeak panfleto itxura hartzerik.

Azken batean, Ramon Saizarbitoriak aitortu zuen gisan, ONDO PASATZEA zuten helburu. Eta horretarako, elkartu egiten ziren, afariak egiten zituzten, aldizkariak sortzen zituzten, argitaletxeak sortzen zituzten (nobela hau autoprodukzioa dela esan daiteke, orduan sortu baitzuten Lur argitaletxea)… Berrogei urte beranduago bagara ero batzuk oraindik ere ONDO PASATZEKO elkartzea atsegin dugula literaturaz hitz egiteko.

Amaitzeko, eta hasierarekin lotuz, sortzaileek eurak esan beharko digute, azken emaitza ikusita, zenbateraino merezi izan duen sufritzeak. Argi utzi zigun Saizarbitoriak, oraindik ere sufritu egiten duela, zehatzago esanda, orain ere sufritzen ari dela. Baina sufritze horrek zer ekarriko duen ez zigun argitu. Nolanahi ere, ari bada zerbait etorriko den esperantza daukagu. Izan ere, bizitza egunero hasten baita!

Lazkao, literatura, Saizarbitoria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude