Sekretuan Maite (Edo Gorroto) Ditudan Gauza Batzuk

Behin, Kurt Tucholsky idazle alemanak zerrenda bat publikatu zuen maite eta gorroto zituen gauzekin –edo hala irakurri dut udan eskuartean izan dudan liburu batean–: gorroto zituenen artean, Bruselako aza, zarata edo militarrak aipatzen omen zituen, eta gogoko gauzen artean, ongi zorrozturiko arkatzak edo Knut Hamsun idazlea. 30eko hamarkadan, Tucholskyk alde egin behar izan zuen Alemaniatik, naziengandik ihesi, eta erbestean zelarik jakin zuen Hamsunek bat egin zuela Alemaniako gobernu berriaren ideiekin. Hunkigarria iduritu zitzaidan Tucholskyk aldi berean sorterria eta idoloa galdu izana –erbestean egunero Bruselako aza jatera behartuko ote zuten jakin nahiko nuke–, eta horregatik erabaki nuen, haren omenez-edo, nik ere maite eta gorroto ditudan –aldi berean maite eta gorroto ditudan– gauza batzuen zerrenda ttiki bat egitea.

1. Tucholskyk ez zuen maite “trenean zurekin batera zure egunkaria beti irakurtzen duen gizona”. Horretaz, egia aitortzeko, ez dut iritzirik, ez baitut inoiz ez egunkaririk ez libururik ez deus irakurtzen trenean, ezta autobusean ere, aitzinat begiratu ezean berehala zorabiatzen bainaiz mugitzen den edozein ibilgailutan. Ostatuetan, ordea, gustura irakurtzen dut, eta gustura begiratzen diot irakurtzen ari den jendeari. Eta ondokoaren egunkaria edo liburua haren sorbaldaren gainetik irakurtzea heziera txarrekoa den bezala, heziera onekoa izan beharko litzateke irakurtzen ari garen liburuaren azala noizbehinka erakustea, treneko gainerako bidaiariek edo ostatuko gainerako bezeroek –edo, tira, interesa duen nornahik– jakin dezaten zein den gure arreta bereganatu duen liburu hori.

Aski litzateke hamar edo hamabortz minutuan behin liburua mahai gainean uztea, manera diskretuan baina izenburua ongi agerian dagoela; nahi izanez gero, milaka aitzakia ditugu horretarako: bigarren kafea edo tea eskatzeko unea, komunera joatekoa eta telefonoan zer edo zer konprobatzekoa… Horrela, irakurtzen ari den jendeari behatzea maite dugunok segurtasun osoz fantaseatzen ahalko genuke irakurle ezezagun baina erakargarri horiekin –fantaseatze hori sekretuan egiten badugu ere, segurtasuna beti da inportantea–. Bertzenaz, desastreak gerta daitezke. Adibidez, zer egin deskubritzen badugu saiakera batean murgilduta tarteka burua goiti eta beheiti mugituz adostasun keinuak egiten dituen neska interesgarri hori –hondar hamar minutuetan gure pentsamenduak bahitu dituena– Pako Aristiren artikulu bilduma bat irakurtzen ari dela? Zer egin, errate baterako, beranduegi ohartzen bagara hizkuntzak ikasten ari den mutil xarmant hori –ondoan ingeles hiztegi bat baitu– Dolores Redondoren nobela baten itzulpena barneratzen ari dela testamentu berria balitz bezala? Besta bat zapuztea bezala da konturatzea gustu eskaseko irakurle batekin izan dugula auskalo zer fantasia landua. Eta hori ez zait batere gustatzen.

2. Zinema eta literatura gustuko ditut –barkatu orokorkeria–, baina nire ingurukoek ez dakite hori, eta, ondorioz, sekretuan praktikatu behar izaten ditut nire zaletasun horiek. Egia erran, ezin erranen nuke zein den egia: filmak eta liburuak maite ditudala ez dakitelako ikusten eta irakurtzen dut sekretuan, edo nire zaletasun horiek sekretuan praktikatzen ditudalako ez dakite zinema eta literatura maite ditudala.

3. Zuzenean erranen dut, itzulinguruka ibili gabe: depilatu gabeko besapeak gustuko ditut. Besapeak oro har gustuko ditut, arrunt sexiak iduritzen zaizkit –emaztekienaz ari naiz, betiere–, baina depilatu gabeak are sexiagoak. Hau kontatzen dudan aldioro, jendeak pentsatzen du txantxetan ari naizela, edo probokatu nahian (behin, nire gustu hau klasean komentatuta, ikasleek promes –edo mehatxu, ez dakit seguru– egin zidaten besapeak depilatu gabe etorriko zirela ahozko azterketa egitera, nire arreta desbideratzeko; bakar batek ere zuen bere hitza bete), eta maiz nazka aurpegiak ikusi behar izan ditut gaia atera den –edo dudan– tokietan.

Halere, harrigarria da zeinen tolerantzia guti dagoen ileari dagokionez, eta zeinen tolerantzia handia gorputzaren bertze atal batzuekin. Adibidez, oinekin. Hankak erakustea normala baita, aski onartua nonahi, oinen inguruan fetixismo klase bat existitzeraino. Eta ez naiz sandalia erabiltzeko ohiturari buruz ari: trenetan, adibidez, gaizki dago ondokoaren egunkaria irakurtzea, baina geroago bertze batzuek besoak edo eskuak paratuko dituzten lekuetan hanka biluziak jartzeak ez du erreakzio handirik eragiten. Sekretuan Maite (Edo Gorroto) Ditudan Gauza BatzukAre gehiago, nire lantokitik hurbil dagoen Santiago bideko aterpe batean, erromesak ikusi ditut, atean jarrita, hanketako behatzen arteko zikinkerian egiazko indusketak egiten.

Besapeko ilea itsusia eta antihigienikoa omen da. Beti? Kasu guzietan? Orokorkeria hori onartuta, egin dezagun galde: oinak politak eta higienikoak dira? Ez dakit, bada. Egia da noizbehinka Hollywoodeko aktoreren bat –Julia Roberts, errate baterako– edo musikari famaturen bat –Miley Cirus, berriki– ausartzen dela ileak harro erakustera, eta, normalean, prentsa arrosak eta horiak, bai paperean bai Interneten, irri egiten die berehala. Halere, paradoxikoki, iduri luke kritikariak eta kritikatuak ados daudela gauza batean: depilatu gabeko besapeak itsusiak dira; zenbaitek horregatik kritikatzen dituzte horrela agertzera atrebitzen diren aktore edo musikariak, eta hauek horregatik agertzen dira horrela, “gustu onari” botatzen dioten erronka gisa, gizarteak inposatzen dien –edo digun– edertasun kanona zalantzan jarri nahian, eta itsusi azaltzeko gauza direla erakutsi nahian. Baina oraindik inor gutik erakusten ditu depilatu gabeko besapeak sexiak direlakoan.

Gustu horretan ere susmoa dut gutiengoa naizela. Hori ere, gutiengoa izatea alegia, zerrendan sartuko dut, baina ez dakit zein aldetan, maite edo gorroto ditudan gauzen aldean. Lehen gustuko bainuen gutiengoa izatea, baina orain ez dut hain argi. Dudarik gabe, zahartzen ari naizen seinale, sekretuan gorroto dudana.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Sekretuan Maite (Edo Gorroto) Ditudan Gauza Batzuk

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.