Sautrela 467: Kattalin Miner, Literatura eta gatazka eta Bizi puskak

Sautrela 467: Kattalin Miner, Literatura eta gatazka eta Bizi puskak –

Prentsan egindako kolaborazio eta iritzi artikuluengatik ezagutzen genuen Kattalin Miner orain arte, baita bere militantzia feministagatik ere, baina oraingoan fikziozko lan batekin etorri zaigu, Nola heldu naiz ni honaino nobelarekin. Istorio garaikide bat kontatu digu, bizi-erabakietan katramilatuta dabilen Jezabel dueSautrela 467: Kattalin Miner, Literatura eta gatazka eta Bizi puskakna protagonista. Lanean arrakasta izanagatik, bizitzak ez du asebetetzen Jezabel, eta inguruari begirada zorrotzez eta are arranguraz egiten dio so. Horrekin batera, medioetan etengabe azaltzen den neska desagertu baten istorioa ere azaltzen zaigu paraleloki, eta bi istorioak gurutzatzen ikusiko ditugu nobelaren amaierako orrialdeetan. Gure gizartearen eta bizimoduen makurkeria eta patetismoa agertzen zaigu nobelan azken batean, gu guztiona ziur aski. Gai horiei buruz eta nobelaren idazketa prozesuari buruz entzungo diogu, bada Minerri aste honetako saioan.

Erreportajean, azken aldian bolo-bolo dabilen gai bati helduko diogu, euskal gatazka eta literaturaren harremanari. Fernando Aramburu-ren Patria eleberriak arrakasta itzela eskuratzeaz gain, gaiaren hautsak harrotu ditu. Aste honetako saioan, bada, euskal gatazka euskal literaturan nola irudikatu den aztertuko dugu. Zenbat eta nola idatzi da euskal gatazkaren inguruan? Ze liburu eta autore aipa litezke? Marijo Olaziregik eta Iban Zalduak emango dizkigute gaiaren klabeetako batzuk.

Saioaren bukaera aldera, Juan Luis Zabalak Juanjo Olasagarreren poema liburu bat gogoraraziko digu, Bizi puskak. 1996an emana argitara, poemategi berezia dugu, antzerki forma ere baduena nolabait, eta euskal poesiagintzan arrastoa utzi duena. Jarraipena ere izan zuen liburuak Puskak biziz liburuan. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu baita ere.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 467: Kattalin Miner, Literatura eta gatazka eta Bizi puskak