Sautrela 465: Ismael Manterola, literatura eta memoria eta Baionako alarguna

Sautrela 465: Ismael Manterola >

Ez da sobera idazten euskaraz artearen inguruan, eta horregatik, aski pozgarria da Ismael Manterolak argitaratu berri duen Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean bezalako liburuekin topo egitea. Edo! Argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua, eta ziur aski bere esparruan erreferentziala bilakatuko da, arte aditu zein artezale hasiberrientzako gustagarri. XIX. mende amaieratik gaur egunerainoko euskal artea
aztertu du, sakon eta xeheki, ibilbide horretan transmititu diren balio eta gaiak azaleratuz. Horrekin batera, baina, bazterrean geratu direnak kritikoki aztertu ditu halaber. Ismael Manterola EHUko artearen historiako irakaslea dugu eta lehenengo aldiz izango da Sautrelan.

Erreportajean memoria izango dugu hizpide, memoria kolektiboa alegia. Bolo-bolo entzuten dugu azken boladan memoriaren inguruan, eta hura literaturan nola islatu den ikusiko dugu. Adituen arabera, XXI. mendearen hastapenetan literaturan “memoriaren booma” gertatu zen, eta hura zertan datzan ez ezik euskal literaturan ze eragin izan duen azalduko digute Izaro Arroita eta Amaia Serrano ikerlariek.

Saioaren bukaera aldera Asun Agiriano etorriko zaigu, kasu honetan haur literaturako pieza preziatu batekin. Txalaparta argitaletxearen eskutik irakur dezakegu Baionako alarguna, mundu mailan arrakasta lortu ostean euskaraz ere irakur dezakeguna orain. Liburuaren nondik norakoez ariko zaigu Agiriano. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu baita ere.

 

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen