“Faxismoaren estrategien barruan sartzen da emakumeen kontrako errepresioa”

MzUwOQ==

Edu Barinaga Baleuko ekoiztetxeko produktoreak eta Maria Gonzalez Durango 1936 kultur elkarteko kidea dira liburuaren egileak. Izenburua filmerako elkarrizketatu zuten emakume batek esandako dela dio Barinagak: “Horixe esan zigun, negarrak ez duela ezer konpontzen; egin behar duguna hori zabaltzea dela. Esaldi horrek oso ondo islatzen du proiektuaren inguruan daukagun sentimendua”.

Filma Saturrarango kartzelan egon ziren emakumeen bizipenetan oinarratuta badago ere “azkenean filma fikzioa da” eta testigantzak liburuan batzea erabaki zuten “indar gehiago emateko”: “Emakumeen historiak entzunda, historiak barneratu egin gaitu eta ezinbestean gizartera zabaltzeko konpromisoa hartu dugu”. Izan ere, memoria historikoari buruz berba egiterakoan batailak, fusilatuak, gerlariak… aipatzen dira, eta “gutxitan egiten da berba emakumeei buruz”. Proiektu honekin guztiarekin emakumearen figura aldarrikatu nahi dute: “Emakume izateagatik bakarrik zigor berezia jaso zutelako emakumeek”.

Maria Gonzalezek liburuan egindako sarreragaz “Frankismoak hemen egin zuena Europan faxistek egindakoaren aplikazio bat dela” jakinarazi nahi dute. Alemanian, ordea, eztabaida hori “aspaldi eginda” daukatela dio Gonzalezek: “Faxismo garaiko indarkeria guztiak euren izenez onartuta dauzkate, eta faxismoaren estrategia propioa zirela frogatuta daukate. Hemen esaten da kartzeletako emakumeei ilea labur-labur moztea falangisten kontua zela, baina hori Alemaniako estrategiagaz bat dator”.

Irudia | Edu Barinaga eta Maria Gonzalez liburuaren aurkezpenean | ArgazkiPress | LGPL

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria